Iñaki Eizmendi | Euskararen erabileran eta transmisioan aditua

ESKOLA KOMUNITATEA ETA SENTSIBILIZAZIOA 

Herri euskaldun bateko eskola nahiko txiki batean egiten dut lan, eta orain arte ez da egon ez euskara planik, ez sentsibilizazio lanketarik. Familia batzuk ez dira euskaldunak eta horiekin, esate baterako, bilerak gaztelaniaz egiten dira, nire ustez horrek lehenaz gain dakarren segregazioa areagotzen duelarik. Irakasleen artean ere sentsibilizazio gutxi sumatzen dut, eta ez dakit oso ongi nondik hasi eragiten. Nire kabuz saiatu izan naiz gauzak egiten (bileretan guraso erdaldunei belarri-itzulpena egitea, adibidez) baina ez dut arrakastarik izan. Nola hasi ninteke guraso eta irakasleak sentsibilizatzen? Irakurketaren bat proprosa zenezake?

ARAZO BAT IKUSTEN EZ DENEAN NEURRIAK HARTZEA oso zaila izaten da. Ulertzen dut zaila izatea eskola komunitatean egoera hori azaldu eta urratsak eman behar direla edo plangintza bat egin behar dela hainbatek barneratzea. Neurri ezberdinak eta oso egokiak har daitezke egoera horretan, baina arazoa ez bada ikusten ez da ahaleginik egingo.

Beharbada laguntza eskatu dezakezu inguruko erakundeetan:

    - Berritzegunea: Hezkuntza Sailak Berritzeguneen bidez eskola-komunitateei laguntzen die arlo ezberdinetan plangintzak eta berrikuntza planak bideratzen. Hizkuntza Normalizazio Arloa ere izaten da bertan.

    - UEMA: Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak lan handia egiten du “arnasgune” deitzen zaien herrietan. Zuk aipatzen duzun moduko egoerak beste leku ba-
tzuetan ere ikusiko zituzten, eta hainbat tresna ere garatu dituzte azken urteetan eskola komunitateari begira.

Ziur hortik laguntza eskaini ahal izango dizutela: antzeko ezaugarriak dituzten beste leku batzuetan zer egiten den azalduz, arazoa bistara nola ekarri ideiak emanaz, nolako neurriak har daitezkeen erakutsiz, eta abar.


AISIALDIA ETA EUSKARA

Gure alabak denetariko kirolak egiten ditu: futbola, saskibaloia, tenisa… Horietan, entrenatzaile batzuk euskaldunak dira, baina gehiengoak erdaraz egiten du eta giroa oso erdalduna da. Alabarentzat kirol-orduak eskola orduak baino garrantzitsuagoak dira, eta hango erreferenteez hizketan pasatzen du eguna, eta gero eta erdara gehiago egiten du. Ez dakigu egoera nola kudeatu: hezitzaileengana jo, alaba beste kirol batzuetan apuntatu… Edo, nire senarrak dioen bezala, aisialdiko hizkuntza-ohitura ez da hain garrantzitsua eta lasai hartu behar genuke?

AISIALDIKO HIZKUNTZA-OHITURA OSO GARRANTZITSUA da. Zalantzarik gabe. Lagunarteko hizkuntza-ohitura asko inguru horretan finkatzen dira, eta diozun moduan, erreferente asko eskaintzen dizkie. Erreferente horiek euskararekiko erakusten dituzten jarrerek eta jokabideek eragin zuzena dute gure seme-alabengan. Azken urteetan haur eta nerabeen hizkuntza-ohiturei begira lehentasun handia hartzen ari den esparrua da.

Hezitzaileengana jo dezakezue, hori ondo dago. Baina klubetik berari inork ez badio euskaraz egiteko eskatu eta berak jarduera beti erdaraz gidatu badu, aldaketa ez da horren erraza. Erantzun ohikoa izan daiteke berak parte-hartzaileei uzten diela hizkuntza aukeratzen. Baina beste urrats batzuk ere eman ditzakezue:
    - Guraso Elkartera jotzea: garrantzitsua da eskolako Guraso Elkartea jabetzea eskolaz kanpoko jarduerak euskaraz izatea seme-alaben onurarako izango dela. Guraso Elkarte moduan Udalera eta klubetara jo daiteke norabide horretan urrats zehatzak eman daitezen eskatuz. Izan ere, hezitzaile bati guraso batek eska-tzeak baino indar handiagoa izango du Guraso Elkarteak klubari zergatia ondo azaltzeak eta urratsak emateko eskatzeak.

    - Udaleko Euskara Zerbitzua: zuen herriko Udalean Euskara Zerbitzua baldin baduzue, bertara jotzea izan daiteke beste bide egoki bat. Beharbada dagoeneko eskola orduz kanpoko jarduerei begirako plangintzaren bat abian dute. Egoera azaldu eta laguntza eskatu.