Iñaki Eizmendi | Euskararen erabileran eta transmisioan aditua

EUSKARAZ EGITEKO ESAN BAI ALA EZ? 

Familia euskaldun batean, Donostian (Intxaurrondo auzoan), gure 8 urteko alaba gaztelaniaz aritzen dela ikusten dugu (‘guay’-ago zaio, nabarmen). Nik mesedez euskaraz egiteko esaten diot; bere amak dio, berriz, hori eskatze hutsarekin ez duela egingo. Seme-alabei euskaraz egin dezaten eskatzeak zerbaiterako balio al du? Edo hobe da ezer ez esan eta beti bezala guk euskaraz egiten jarraitu? 

LAGUNARTEAN ETA BESTE HAINBAT HARREMANETAN gure seme-alabek euskaraz egitea nahi dugu, baina testuinguru gehienek ez dute hori errazten eta gaztelaniarako (Hegoaldean) edo frantseserako (Iparraldean) joera ohikoa da: kaleko hizkuntza indartsuena erdara da eta baita gure seme-alaben lagunen gehiengoaren etxeko hizkuntza ere. Seme-alaben hizkuntza-ohiturak ulertzen saiatu behar genuke.

Hortik abiatuz, euskaraz egiteko eskatzea ez da eraginkorregia izaten, baina ez badiegu ezer esaten ere ez diegu laguntzen. Ahalegina eskatzea edo gutxienez gure nahia azaltzea ez dago gaizki, baina kontuan hartu bi ideia hauek:
    - Aurretik hitz egin: parkera baldin bagoaz eta han erdaraz aritzen bada, parkera iritsi aurretik hitz egin dezaket horretaz berarekin: “nahiko nuke parkean zu euskaraz entzutea, badakit lagun batzuk beti erdaraz egiten dizutela baina zu saia zaitez”, eta abar.

    - Laguntza eskaini: erdararako joera duten taldeetan gu sartzen bagara eta gu beraiekin hizketan edo jolasean hasten bagara, elkarrekin euskaraz egiten lagunduko diegu.

Ez da berdina jolasean ari denean erdaraz ari delako kargu hartzea, edo aurretik hitz egitea, tartean sartzea, edota ahalegina ikusten badugu (txikia bada ere) errefortzuak ematea.

Horretaz gain, egoera babestuak eskaintzea ere interesgarria izan daiteke: gure eragina oso handia izan daitekeen egoerak ere eskaintzea. Adibidez: bi lagun gonbidatu ditu etxera eskulan bat egitera, edo mendira goaz lagunen batekin… Tarte horietan gure eragina oso handia izan daiteke, eta aurretik berarekin hitz egiten badugu eta ahalegina eskatzen badiogu, denbora tarte horretan asko lagundu ahal izango diogu, baita errefortzu positiboak eman ere.


KULTURA GAZTELANIAZ

Gure 12 eta 14 urteko seme eta alaba gaztelaniaz irakurtzen, gaztelaniazko pelikulak eta telesailak ikusten eta gaztelaniazko musika entzuten zaletu dira. Oharkabean sartu dira etxean, eta orain euskarazkoez paso egiten dute. Eta guk ere ez dakigu, egia esan, zer eskaini. libururen bat oparitzen badiegu euskaraz, horrek eskola-kutsua balu bezala, alboratu egiten dute… Gomendiorik? Adin horretarako euskarazko proposamenik?

ADIN TARTE HORRETAKO SEME-ALABEKIN egoera horri aurre egitea ez da batere erraza. Gaztelania da gizarteko hizkuntza indartsuena (Hegoaldean) eta horrek eragin zuzena du gure seme-alabengan. Gainera, hizkuntzak pertsonekin eta egoerekin identifikatzen ditugu, eta telebistaren eta irakurketaren kasuan horrek eragin nabarmena izaten du. Hau da: gaztelaniaz irakurtzen badut eta gustuko irakurketa hizkuntza horrekin lotzen badut, euskaraz irakurtzea “arraroa” edo “deserosoa” egingo zait.

Bat-batean egoera aldatzeko zer egin daitekeen ikustea ez da erraza, baina inguru egoki bat eskaintzen ahalegindu gaitezke beraiek ikuspegi zabalagoa har dezaten:

    - Eredu on bat ematea: oso garrantzitsua da gurasook ere euskaraz irakurtzea, telebista euskaraz ere ikustea, aldizkarietara harpidetza egitea… Hori ikusten badute, erreferentzia horiek ere izango dituzte.

    - Etxean euskararen lekua zaintzea: etxean euskarazko musika jartzea eta euskarazko irratiak jar-tzeak lagundu dezake. Ez seme-alabek entzutea nahiko genukeena, baizik guk etxean gaudenean jartzen duguna guretzako. Guretzako jarriko dugu, baina gutxi edo asko beraiek ere entzungo dute. Kontuan izan irratiak, adibidez, etengabe eskaintzen dituela erreferenteak.

    - Euskarazko ekitaldietara joatea: beharbada adin tarte horretan dagoeneko gurekin ez dute gehiegitan joan nahiko ekitaldiren batera, baina aukera ikusten duzuenean joan zaitezte elkarrekin euskarazko ekitaldietara. Adibidez, euskarazko pelikula berriren bat zinemara ekartzen dutenean (oraintxe Errementari dagoen bezala), an-tzerkiren bat ekartzen dutenean, bertso saioren bat, eta abar. Beraien gustukoa izan daitekeela iruditzen bazaizue, elkarrekin joan. Euskarazko ekitaldien artean Durangoko Azoka ere oso interesgarria da: aurretik zer aurkitu dezaketen begiratu, bertan ibili, ekitaldiak ere ikusi, eta abar.

    - Harpidetzak egitea: euskarazko aldizkari interesgarriak hainbat dira. Beharbada adin tarte horretan ez da eskaintza handiegirik, baina laster Gaztezulo moduko aldizkari bat irakurtzeko adin tarte egokian egongo dira. Hilabetero etxean aldizkaria jasotzeak, eta beraiei zuzendutakoa izateak lagundu dezake.

Ez da erraza aipatzen duzun egoera aldatzea, etxean euskararen giro egoki bat eskaintzen ahalegindu gaitezke eta euskaraz egon daitekeen eskaintza erakargarria beraien eskura jar dezakegu.