Iñaki Eizmendi | Euskararen erabileran eta transmisioan aditua

BI HIZKUNTZA IKASTEN

Senarra atzerritarra da, eta bion artean gazteleraz hitz egiten dugu. Guraso izan berri gara, eta bakoitzak geure hizkuntzan hitz egiten diogu haurrari. Geure artean, berriz, gazteleraz egiten dugu. Hizkuntza nahas-mahasa horrekin, haurrak euskara egoki ikasiko duela uste duzu? Eta, aitaren hizkuntza ere bai, horrekin ere komunikatu ahal izateko? 

HAURREK HIZKUNTZA BAT BAINO GEHIAGO ikas di-tzakete arazorik gabe. Are gehiago, munduan zehar zuk aipatzen dituzun egoerak ohikoak dira. Hau da, familietan egoera eleanitzak ohikoak dira. Beraz, ez izan zalan-tzarik, zure seme-alabak euskara ondo ikas dezake, baita aitaren hizkuntza eta eskolan landuko dituzten beste hizkuntzak ere. 
Hiru ideia hauek kontuan hartzea proposatuko nizuke:
-Lasaitasunez hartzea. Ez kezkatu eta denbora eman. Hizkuntzak erabiliz ikasten dira, eta txikiak direnean inguruan hizkuntza bat baino gehiago entzuten ari badira, agian nahastu egin ditzakete, batean bestean baino erraztasun gehiago erakutsi, eta abar. Baina prozesu bat dela buruan izan.
-Euskara ondo ikasiko ote duen zalantza duzu, baina hori izango du ama hizkuntza eta gainera eskolako hizkuntza ere izango da. Beraz, ondo ikasteko abiapuntu ona da. Hori bai, saiatu ahalik eta euskara aberatsena eskaintzen: abestu, ipuinak kontatu, esaerak… Ama hizkuntzan oinarri on bat izatea beste hizkuntzak ondo ikasi ahal izateko abiapuntua eta euskarria izango da.
-Aitak beti egin diezaiola bere hizkuntzan, eta saiatu zaitezte hizkuntza hori beste bide batzuetatik ere eskain-tzen: musika, telebista, internet, hizkuntza horretan izan daitezkeen beste harreman batzuk… Hau da, zenbat eta harreman handiagoa hizkuntza horrekin, eta zenbat eta gehiago erabili, orduan eta erraztasun gehiago eta orduan eta erosoago sentituko da hizkuntza horretan ere.


GURASO ERDALDUNAK

Nire emazteak eta nik ez dakigu euskaraz; gure gurasoek bai, alegia, gure seme-alaben aitona-amonak euskaldunak dira, baina guk galdu egin genuen. Ez dugu nahi gure seme-alabek gure bide bera jarraitzea, eta D ereduan matrikulatu ditugu. Nola lagundu diezaiekegu euskara beraien egiten?

HAINBAT GAUZA ZAINDU DITZAKEZUE. Ez dira zailak eta gustura aritu gaitezke horretan. 
Besteak beste:
-Dakizuen euskara erabili: euskaraz ez dakizuela diozue, baina ziur hainbat hitz eta esaldi badakizkizuela. Baita abesti batzuk ere. Ahalegindu dakizuen hori guztia erabiltzen eta zertxobait gehiago ikasten. Agian ezingo diezue euskara hizkuntza moduan transmititu, baina bai euskararekiko interesa eta motibazioa.
-Zaindu euskararen presentzia etxean: telebista jar-tzen badiezue beti begiratu zer dagoen euskaraz, baina horretaz gain, irratia eta musika edo beste zenbait kontu zaintzea ere erraza da. Adibidez: 
-Sukaldean ari garenean Gaztea irratia jar dezakegu, gaur egungo musika jartzen dute (tarteka euskarazko taldeak ere bai) eta elkarrizketak euskaraz dira. 
-Musikari dagokionez, egunero tarte batean euskarazko musika jar dezakezue. Adibidez: bainurako garaian beti jar dezakegu musika, edo eskulan bat egiten ari garenean, edo afalostean egongelan lasai gaudenean, eta abar. 
-Hizkuntza-paisaia ere zaindu dezakegu. Txikiak direnean ez dira ohartuko, baina hala ere merezi du zaintzeak: egutegiak euskaraz izatea, beraiek egindako marrazkietan euskarazko esaldiren bat idatzi eta horiek ere etxean zehar jartzea, posterrak, ekitaldietako kartelak, eta abar.
-Euskarazko liburuak oparitu, aldizkarietara harpidetzak egin, jostailuak ere izan ditzatela euskaraz direnak… Guk euskaraz jakin gabe ere lor dezakegu etxean euskarak leku handia izatea, eta hori benetan lagungarria izango da seme-alabek euskara bere egin dezaten.
-Etxetik kanpo ere zaindu euskararen erabilera: eskola orduz kanpoko jarduerak euskaraz badira, askoz hobe. Eta horretaz gain, kultur ekitaldiak, antzerkiak, zinema… Bide horretatik euskaraz bizipen asko izatea lortu dezakegu, eta euskara eskolarekin soilik ez lotzea.
-Eta noski, euskara ondo ikas dezaten eta euskara erabil dezaten interesa erakutsi eta zuen nahia adierazi. 
Gurasoon jarrera oinarrizkoa da. Jarrera egokia bada eta gauza batzuk zaintzen baditugu, euskara bereganatu dezaten behar bezala laguntzen ari gara.


EUSKALKIA ETA BATUA

Gure haurra euskara batuaren antzeko zerbait erabiltzen hasi da, nahiz eta etxean euskalkian, bizkaieraz, hitz egiten dugun. Bilbon bizi gara, ingurune ez bereziki euskaldunean, eta batik bat eskolan izaten du umeak euskararekin harremana. Euskara artifiziala hartzen ari ote den beldur gara, freskotasun gabea. Hortik erdaraz hitz egitea ote da hurrengo urratsa? 

LOTURA BADUTEN ARREN, bi kontu ezberdin direla uste dut euskalkia eta euskara batuaren arteko harremana, eta euskara eta gaztelaniaren artekoa. Hau da:
Etxetik euskalkia eskaini arren, eskolatik batez ere batua eskainiko diote eta telebistatik eta beste zenbait bidetatik ere nagusiki euskara batua jasoko dute. Ondorioz, normala da bere hizkera euskara batura hurbiltzea. Hori, gaur egun, euskalkiak bizirik dauden testuinguru gehienetan ematen da, eta ez soilik bizkaierarekin.
Biak ondo garatzea lortuko bagenu, ezin hobe. Hau da: euskalkia eta euskara batua, biak ondo eta erraz erabiltzeko gai izatea benetan ona da beraientzat. Euskara batua ikasketetan eta beste hainbat egoeretan beharko dute, eta euskalkia berriz, ohiko harremanetarako eta egoera informaletarako ezin hobea da gertutasuna eta freskotasuna eskaintzen dielako. Beraz, saiatu beharko dugu etxetik ahalik eta euskara aberatsena eskaintzen (abestiak, esaerak, ipuinak…) eta hizkera hori erabiltzeko beste gune eta aukera batzuk ere eskaintzen (lagunak, familia, euskalkia asko erabiltzen diren herri edo tokietara joatea…).
Argi eduki beraien hizkera ez dela gurea bezalakoa izango. Berain egoera eta beharretara egokitu beharko dute. Hori bai, euskaraz erraztasuna eta aberastasuna izatea lagunartean eta beste hainbat harremanetan euskara asko erabiltzearen oinarrietako bat izango da.
Eta zer gertatzen da erdararekin? Gizartean indar gehien duen hizkuntza da. Zuen inguruko haur eta gazteak euskaraz ikasten ari diren arren, gehiengoaren etxeko hizkuntza gaztelania da eta kalean ere gehien entzuten den eta erabiltzen den hizkuntza da. Ondorioz, haur eta gazte askok, euskaraz ikasi arren, erraztasun eta aberastasun handiagoa dute gaztelaniaz. Eta horrek eragin zuzena du hizkuntza-ohituretan.
Beraz, gaztelaniarako joera ematen bada ez da euskara batuaren edo artifizialaren erruz, gizartean euskarak bizi duen egoeraren erruz baizik. Adibidez: haurrek hizkun-tzak arrazoi praktikoen arabera aukeratzen dituzte, erosotasunaren arabera. Taldetxo bat jolasean dabilenean gehiengo batek erraztasuna gaztelaniaz badu, eta euskaraz erraztasuna dutenek gaztelaniaz jolasteko arazorik ez badute, ohikoa da erdararako joera hartzea. Eta hori ohitura bihurtzen bada gero aldatzea kosta egiten da. Bere inguruko hainbat haurrek euskalkia ondo jakinda ere, eta hainbatek hizkera oso freskoa izanda ere, testuinguruan gaztelania nagusi bada eta gehiengo batek gaztelaniara jotzen badu, ondorio bera edukiko luke eta gaztelaniarako joera har lezakete.
Beraz, lagunartean eta beste hainbat harremanetan euskara asko erabiltzea nahi baldin badugu, oinarrietako bat etxeko euskara zaintzea izango da, baina beste bide batzuk ere zaindu beharko ditugu: eskola orduz kanpoko jarduerak euskaraz eskaintzea, euskararekiko jarrerak lantzea, bizipen eta erreferente asko eskaintzea, eta abar.