Iñaki Eizmendi | Euskararen erabilera eta transmisioan aditua

Euskararen alde, erdaraz

Gure inguruko beste guraso batzuek asko hitz egiten dute euskararen alde eta seme-alabei euskaraz egiteko esaten diete etengabe, baina eurak gaztelaniaz aritzen dira beti, nahiz eta euskaraz oso ongi dakiten. Taldean gaudenean ere beste asko eransten zaizkie eta bat-batean multzoa gaztelaniaz ari dela konturatzen naiz, nahiz eta denok euskaldunak izan. Saiatu izan naiz zeharka kontraesana erakusten, baina ez dut portaera aldatzea lortzen. Gomendiorik?

EUSKARAREN ALDEKO jarrera edukitzetik euskararen erabilerarekiko jarrera bat hartzera tartea dago, zalantzarik gabe. Seme-alaben hizkuntza-ohiturak axola baldin bazaizkigu, gureak zaintzetik hasi beharko genuke, eta seme-alabek euskara egunerokotasunean baliagarri den hizkuntza gisara bizitzea nahi baldin badugu, guretzat ere balio duela transmitituz lor dezakegu neurri batean behintzat.
Baina zaila da hizkuntza-ohitura batzuk barneratuta dituzten gurasoen arteko harremanetan ezarrita dauden hizkuntza-ohiturak aldatzea.
Norbera bere kabuz saiatu daiteke, eta horretaz hitz egin aukera ikusten duenean, edo Euskaraldiaren moduko ekimenak abian daudenean horiek baliatu eta sustatu. Baina, beharbada, eragingarriagoa izan daiteke kezka bera duten beste batzuekin elkartzea, antolatzea eta bide horretatik hainbat dinamika bideratzea. 
Ohikoak dira ikastetxeetan edo herrietan gurasoen euskara batzordeak eta, besteak beste, modu horretako ekimenak landu eta sustatu ditzakete:
• Sentsibilizazioa: euskararekiko eta hizkuntza-ohiturekiko sentsibilizatzeko kanpainak edo jarduerak. Bide horretatik praktika onak sustatzea: zer zaindu seme-alabek euskararekin harreman indartsua izan dezaten eta balio indartsuekin lotu dezaten? Guraso euskaldunei zein ez-euskaldunei begirako lanketa egin daiteke.
• Ahobizi ekimenak: gurasoen arteko hizkuntza-ohituretan eragitera begira, Ahobizi ekimenak oso interesgarriak dira. Euskaraldia baliatu daiteke, edota, adibidez, orain abian dagoen Haurren aurrean helduak heldu ekimenaren barruan gurasoei begirako Ahobizi ekimenak sortu daitezke.
• Babesguneak: familientzako jarduerak antolatu ditzakegu baina baldintza moduan jarriz bertan parte hartzen duten guztiek euskaraz egin behar dutela seme-alabei euskararen babesguneak eskaini nahi dizkiegulako. Hainbat herritan antolatzen dira eta interesgarriak dira haurrei euskara erabiltzeko gune babestuak eskaintzeko, baina baita gurasoen arteko hizkuntza-ohituretan eragiteko ere jarduera horietan euskaraz aritzen direlako.


Nerabeak

Gure alaba DBH ikastera beste herri batera joan da, 12 urterekin, eta gaztelaniaz hizketan bueltatu da. Guztiz aldatu du euskaratik gaztelaniara, ia egun batetik bestera, eta guri ere tarteka gaztelaniaz erantzuten digu. Oso harrituta gaude. Esan eta esan pasatu dugu hilabetea, euskaraz egiteko, etxean behintzat, baina ez digu kasurik egiten… lagun berrien aurrean aire berriak hartu nahiko balitu bezala… zer egin dezakegu?

HIZKUNTZA-ARAUA gaztelaniaz egitea den herri edota ikastetxe batean dabil. Hau da: guztiek euskaraz jakin arren, testuinguruko hizkuntza indartsuena gaztelania da eta nerabeen artean gaztelaniaz egitea da hizkuntza- araua.
Sozializazio prozesuan une jakin batzuk oso esanguratsuak izaten dira, eta argi dago herrian Lehen Hezkuntzan ikastetik eskualdeko ikastetxean Bigarren Hezkuntza ikastera joatea aldaketa handia dela. Hizkuntza-jokabideetan eragina izan dezake, eta baita beste hainbat arlotan ere.
Gurasook ezin ditugu seme-alaben hizkuntza- ohiturak erabaki, eta aldaketa horretan gertatzen zaiona ulertzen saiatzea ere garrantzitsua da. Hori bai, etxeko hizkuntza euskara dela argi izan behar du eta horretan zorrotzak izan behar dugu. Bestetik, gertuko harremanetan arreta jartzea izan daiteke lehen urratsa: argi ikus dezatela lehen euskaraz egiten dutenekin orain erdaraz entzuteak zein atsekabe sortzen digun, eta horri begira aholkuak eman, motibatu, zoriondu eta abar. 
Hortik hasita, beste harremanetan gero eta gehiago erabiltzeko jarrera ere har dezakete.


Irakasleen euskara

DBHko Euskara irakaslea naiz eta arduratua nago institutuko beste hainbat irakasleren 
euskara mailagatik eta kontzientziazio eskasagatik. Eurak arloko irakasleak direla esaten didate eta ez Euskarakoak, baina uneoro ikasleen eredu izanik, nik uste dut euren euskara mailak ez diola inori mesederik egiten. Nola ikusarazi diezaieket beste irakasleei euren euskararekiko jarrerak eta hizkuntza gaitasunak ikasleengan eragina daukala?

IRAKASLEEN ARTEAN ere euskararekiko eta irakaskuntzarekiko jarrera eta jokabide oso ezberdinak aurkitu daitezke. Argi dago irakasle guztiak hizkuntza-irakasle ere badirela: haien arloak hizkuntzaren bidez garatzen dituzte (ahoz zein idatziz) eta arlo horiek aurrera ongi eramateko ikasleek gutxieneko hizkuntza-gaitasuna behar dute. Are gehiago, gai bakoitzak bere hizkera propioa ere badu.
Baina irakasle batzuek ez baldin badute kontzientzia hori eta euskara irakasle ere badirela onartzea lan gehigarri moduan hartzen baldin badute, ez da erraza jarrera hori aldatzea.
Horri begirako lanketa ikastetxe mailan egin daitekeela uste dut: hizkuntza-proiektua izan daiteke tresna egokia. Hor, hasteko, euskara erdigunean dagoela argi ikusi behar da. Horrez gain, arloak behar bezala garatzeko, ikasleek zein hizkuntza maila behar duten ere jar daiteke. Baina, gainera, irakasleei zer eskatzen zaien eta jarraipena nola egingo den ere zehaztu behar litzateke.