Iñaki Eizmendi | Euskararen erabileran eta transmisioan aditua
Aisialdian
Guraso elkarte bateko kideak gara, aisialdia euskalduntzeko ahalegina egin nahi dugu, eskolak bakarrik ezin du eta. Prozesu hori nondik hasi genezake? Ezagutzen al duzu herriren bat non gurasoek aisialdian eragiteko ekimenik abiatu duten? Nola eragin genezake?
AISIALDIA EUSKALDUNTZEN ahalegintzeko ekimenak hainbat dira. Gehienetan udaletatik edo Euskara Elkarteetatik abiatuta, baina ikastetxe eta Guraso Elkarteetatik ere bideratu daitezke.Egin daitezkeen urratsei dagokienez, hau izan daiteke modu bat:
• Sentsibilizazioa: antolatzaileek ikusi behar dute proposatzen zaiena haientzat aberasgarria dela. Haurrak eta nerabeak euskara ere ikasten ari dira baina euskara haiena egiteko eta eroso erabiltzera iristeko eskolaz kanpo jarduerak eta guneak behar dituzte. Euskararen presentzia eta erabilera zaintzea haurren eta nerabeen onurarako izango da, eta elkartearen eskaintza eguneratzeko eta hobetzeke bide bat.
• Erdigunean haurren eta nerabeen jarduerak jartzea: hasiera batean behintzat elkarteen edo kluben antolaketan baino gehiago, jarduera horiek egunerokotasunean euskaraz eskaintzea izan daiteke helburu garrantzitsu bat.
• Horri begira, euskaraz dakiten hezitzaileak jartzea eta euskaraz egin dezaten eskatzea: oinarri-oinarrizkoa da jardueretako hezitzaileek euskaraz egiteko gaitasuna izatea. Prozesu baten barruan lehentasunezkoa da. Hezitzaile horiei euskaraz egiteko eskatu behar diete, eta jarraipena egin.
• Baliabideak eskaintzea eta laguntzea: urratsak adosteaz gain, benetan komenigarria da antolatzaileei eta hezitzaileei baliabideak eskaintzea. Besteak beste: jarduera aurrera eramateko hiztegiak, euskara sustatzeko baliabideak eta abar. Argitalpen honetan modu horretako hainbat ideia jasotzen dira: https://euskaraba.eus/aisia/.
Bestalde, honakoa ere lagungarria izan daiteke: herrian euskaraz eskaintzen diren jardueren gida osatu dezakezue, urtero gida hori helarazi ikastetxeko familiei eta horrekin batera jarduerak euskaraz egitearen garrantzia azpimarratu. Klub eta elkarte batzuen kasuan egiten duten lana bistaratzeko modua da, eta besteak jarduerak euskaraz eskain ditzaten animatzeko bidea ere bai.
Ingelesa
Gure seme-alabak D ereduan matrikulatuak ditugu, baina gu euskaldun oso berriak gara. Zalantza dugu ingelesarekin, inguruan haur txikiak ingelesa ikastera bidaltzen baituzte familiaaskok. Horrek gure haurren euskara jabekuntzan eragingo al luke? Gure lehentasuna euskaraz ongi ikastea da.
TXIKIAK DIRENETIK ingelesa ere eskaintzeak ez du zertan eraginik izan behar euskararen jabekuntzan, baina, ingelesa eskaintzen hasi baino lehen, euskara ondo garatzeko zer egingo dugun argi izan behar genuke.
Hizkuntza bat ondo ikasteko asko erabili behar dute eta bizipenak eta erreferenteak behar dituzte. Etxean euskaraz egiten baldin badugu eta eskolan euskaraz ikasten baldin badute, ondo ikasteko abiapuntua ezin hobea da. Horrez gain:
• Etxean euskararen lekua zaintzen saiatu: musika, irakurketa, telebista, irratia...
• Eskolaz kanpo euskara erabiltzeko guneak edota jarduerak eskaini: eskola orduz kanpoko jarduerak (kirola, musika, aisialdia...), euskarazko ekitaldiak (antzerkia, zinema...).
Hori ondo zaintzen badugu seme-alabek euskara ondo garatuko dutela bermatuko dugu. Horrez gain ingelesa ere txikitatik ikasten has daitezke. Beste kontu bat da txikitatik ingeleseko akademietara bidaltzea egokia eta eraginkorra ote den. Horren gainean hainbat dira iritziak eta jarrerak.
Gutxiespen sentimendua
Herri euskaldun batekoak gara, baina gure 8 urteko haurra jabetzen ari da euskara gutxietsitako hizkuntza dela, gaztelania, frantsesa edota ingelesaren aldean, adibidez. Hizkuntza gutxiagotua eta gutxietsia edukitzeaz jabetzeak eragin egin dio, oso sentibera baita. Halako egoeran, zer mezu eman geniezaioke hizkuntzarekiko bizipen positiboa garatzeko?
GAZTELANIAK NOLAKO indarra duen azkar jabetzen dira: telebistan, sare sozialetan, euskaldunon arteko elkarrizketetan duen lekua... Horren aurrean, gure seme-alabek euskara ere balio indartsuekin lotzea lortu beharko genuke: hizkuntza modernoa da, etorkizunekoa, aberatsa... Bi bide behintzat zaindu ditzakegu:
• Seme-alabei euskarazko erreferente eta bizipen asko eskaintzea: musika, kirola, telebista eta abar.
• Eredu on bat ematea: hizkuntza-ohiturei dagokionez eredu on bat emateaz gain (Ahobizi jarrerak), euskara balio indartsuekin lotu dezaten ere eredu izan. Besteak beste: guk ere euskaraz irakurtzea (prentsa edota liburuak), euskarazko kultura kontsumitzea (antzerkiak, musika...), etxean leku handia ematea (irratia, telebista...), eta abar. Gure eguneroko bizitzan euskarak leku handia baldin badu eta baliagarria baldin bada, hori transmitituko diegu. Hori izan daiteke biderik eraginkorrena euskara balio indartsuekin lotu dezaten.