Iñaki Eizmendi | Euskararen erabileran eta transmisioan aditua

TIK-TOK-AREKIN LEHIAN

Kezkatuta gaude 7-12 urte bitarteko seme-alabek TikTok bidez zabaltzen diren abesti erdaldunak nola ikasten eta kantatzen dituzten ikusita. Eta irakasleek, aisialdiko hezitzaileek edo guk proposatzen dizkiegun abesti euskaldunak ez zaizkie hain erakargarriak egiten. 

TIK-TOK moduko aplikazioetako edukiak oso erakargarriak dira haientzat, batez ere haien ingurunean hori delako entzuten eta hedatzen dena. Hau da: erreferentzia horiek guztiak bestelako harreman bideetatik datoz eta ez guraso eta hezitzaile bidez. Hori hor izango dutela kontuan izanda, nire ustez bi bide ondo zaindu eta landu beharko genituzke:
• Jarraitu euskarazkoa eskaintzen, eta ahalik eta bide gehienetatik. Garai batzuetan bestelako musika batzuk erakargarriago egiteak ez du esan nahi euskarazkoa baztertuko dutenik. Asko entzuten eta abesten badute, hori barneratzen ariko dira.
• Euskarazko edukiak bestelako zein bideetatik jaso ditzaketen irudikatu, bestelako harreman batzuetatik nola jaso ditzaketen aztertu. Adibidez: Bertso Udalekuak edo Euskal Udalekuak bizipenez eta erreferentziaz betetako guneak dira. Orain erakargarri egiten ez zaiena oso erakargarria izan daiteke bestelako harreman batzuetatik iristen bada.


EUSKARAZKOA INDARTU

Haur Hezkuntzako hezitzaileak gara. Gure gelan gaztelaniaz hitz egiten duten haur asko daude eta euskaraz aritzen direnak ere gaztelaniaz hasten dira haiekin. Euskaraz egiten dutenak indartu nahi ditugu. Proposamenik? 

EUSKARAZ EGITEN dutenen gaitasuna baliatu dezakegu besteei laguntzeko. Baina, oso argi izan: hizkuntza-ohiturei dagokionez ezin diegu batzuei eskatu besteen eredu izateko. Hezitzailea da euskara sustatzeko eta erabilera indartzeko ardura duena. Guk lagundu behar diegu batzuei euskara mantentzen eta besteei asko erabiltzen.  Horretarako, hainbat baliabide ditugu eskura: hizkuntza-jolasak, hizkuntza-errutinak, musika eta abestiak, eta abar. Adibidez: hizkuntza erabiltzea eskatzen duten hainbat jarduera proposatu ditzakegu. Jarduera horiek ondo lantzen baditugu eta beharrezko diren hizkuntza-errutinak eta bestelako baliabideak euskaraz barneratzen badituzte, ondoren askoz errazagoa da haien artean egoera horietan behintzat euskaraz aritzea. Baliabide horiek ondo erabiltzen baditugu, batzuentzat errazagoa izango da euskara mantentzea eta horrek asko lagunduko digu besteek ere hizkuntza garatu eta erabil dezaten.


B EREDUAN

B ereduan irakasle naiz eta ikasleei ahalik eta gehien euskaraz egiten saiatzen naiz. Baina batzuetan ez didate ulertzen eta gaztelaniara jotzen dut. Horrek, noski, ez du bultzatzen haiek euskaraz hitz egitea. Zein izango litzateke jarrerarik egokiena?

HIZKUNTZA BEREGANATZEA nahi badugu, entzun egin behar dute. Zenbat eta input handiagoa eta anitzagoa, hobe. Irakaslearekin duten harremanaz gain: musika, ikus-entzunezkoak... Gurekin harremana erabat euskaraz izatea funtsezkoa da. Euskara gutxi entzuten badute eta guk ere ez badiegu euskarazko harremana bermatzen, zaila da aurrera egitea.
Ulertu ote digutenaren zalantzaren aurrean, ulermen estrategiak oso baliagarriak izaten dira. Hainbat dira eta ziur ezagutzen dituzuela. Adibidez:
• Ulermena azaldu nahi diegunaren aurretik hasten da: zerbait ulertuko ote diguten zalantza badugu, aurrez lanketa egin. Besteak beste: testuingurua eskaini (zertaz arituko garen, dituzten erreferentziei buruz galdetu...), haien ezagutzak aktibatu, baliabide lagungarriak erabili (irudiak, hitz klabeak, keinuak...), eta abar. 
• Ulermen sortzaileak lagungarriak dira. Eskatu entzumen horretan zehar modu aktiboan parte hartzeko: ulermenarekin lotutako galderak egin eta horiek erantzutea eskatu, entzundakoa irudiekin lotzen saiatu beharko dutela esan, entzuten duten bitartean taula bat betetzeko eskatu, eta abar.


NERABEEN OHITURAK

Ingurune euskaldunean bizi gara, baina gure seme-alabek gaztelaniaz irakurtzen dute eta telebistan, sare sozialetan eta, oro har, pantailetan kontsumitzen duten guztia gaztelaniaz da. Zalantza dugu ohitura horrek aurrerantzean eragingo dien... 

IKERKETA BATEK baino gehiagok erakutsi du pantailak euskaraz kontsumitzeak baduela eragina hizkuntza-ohituretan eta jarreretan, baina ez du esan nahi derrigorrean harremanetako hizkuntza aldatuko dutenik. Pantailetako edukien bidez erreferentzia eta eduki asko jasotzen dira, eta hizkuntza balio indartsuekin lotzeko bidea ere bada (erakargarria, modernoa...).
Sareetan euskaraz gauza asko daude, nahiko genukeena baino gutxiago, baina denetarik dago. Ezagutzen al duzue zernonikusi.eus gunea? Hainbat plataformetan dauden edukien bilduma agertzen da, eta etengabe eguneratzen ari dira. Eman ezagutzera eduki horiek eta animatu zuen seme-alabak edukien mundu horretan gustuko gauzak bilatzera.
Eta, noski, eman eredu on bat: helduok pantailak euskaraz kontsumitzen al ditugu? Gure ohituretan euskarak leku handia badu (komunikabideak, sare sozialak...) eredu bikaina emango diegu. Guretzat balio badu, haientzat ere balio dezake. Hizkuntza-ohiturak, neurri handi batean, ereduen bidez transmititzen dira.