Iñaki Eizmendi | Euskararen erabileran eta transmisioan aditua
AMA HIZKUNTZA
Euskaraldiaren harira entzun izan dut daukagun maila daukagula, onena gure seme-alabekin euskaraz egitea dela. Alabaina, guk irakasle bezala, normalki familiei esan izan diegu euren seme-alabekin norbere ama hizkuntzan hitz egiteko. Eta orain zalantza sortu zait: gurasoen maila euskaraz oso ona ez bada ere, hobe da euskaraz egin diezaieten ala hobe da ama hizkuntzan egitea?
OSO OHIKOA den zalantza da honakoa. Gaur egun guraso diren asko eta askok, ama hizkuntza ez badute ere, euskara ere badakite, hainbaten kasuan, euskara ondo menderatzen ez badute ere.
Nire ustez, gurasoek ez diete seme-alabei, ezinbestean, beraien ama hizkuntzan egin behar. Erantzun beharreko galdera honakoa izan daiteke: zer nahi dut izatea euskara nire seme- alabentzat? Eta gaztelania/frantsesa? Ingelesa? Nolako harremana izatea nahi nuke ikasten ari diren eta inguruan dituzten hizkuntza horiekin? Ama-hizkuntza izan daiteke, etxeko hizkuntza, lagunartekoa, eskolakoa, eta abar. Guraso batek seme-alabentzat lehen hizkuntza euskara izatea nahi badu, hori erabaki dezake eta horrela jokatu. Are gehiago, asko dira pauso hori eman izan dutenak eta hizkuntza- transmisioan euskara indartzeko bidea da hori.
Beste kontu bat da euskara maila oso ona ez dutenek seme-alabekin euskaraz (ere) egin nahi izatea. Kasu horretan ama-hizkuntza ez da euskara izango. Baina jokabide hori ere seme- alaben onurarako izan daiteke. Ikus dezakete gurasoak ere euskaraz badakiela, euskara ere badela haren hizkuntza eta abar. Eskola, kalea eta familiaren artean zubiak eraikitzea ahalbidetzen du, euskara eskolarekin soilik ez lotzeko modu bat da. Kasu horietan, euskararen zuzentasun mailak ez du garrantzi handiegirik. Euskara onean hobe, baina akatsak egiteari ere ezin zaio gehiegi begiratu. Seme-alabak beste iturri batzuetatik ere ari dira euskara jasotzen, eta beraz, gurasoei egiten dituzten akatsak zuzentzen hasiko zaizkie denborarekin. Gure ustez, neurri batean bada ere, seme-alabekin euskara erabiltzeko prest dauden guraso horien kasuan, mezu egokia honakoa izan daiteke: erabili ahal duzun edo nahi duzun euskara guztia, baina ez dezala komunikazioa kaltetu. Hizkuntza ez dadila oztopo izan seme- alabekiko harremanean: gozatu hizkuntzarekin eta seme-alabei euskararekin harreman indartsua eta positiboa eskaini.
SALTOA EMATEA FALTA
Gurasoon lagunartean euskaltegira joaten den guraso bat daukagu. Gure ustez euskaraz ongi moldatzen den arren, oraindik ez da ausartu gurekin euskaraz hitz egiten. Zer egin dezakegu euskaraz has dadin?
GAITASUNA EGOKIA izanda ere, harreman sare horretan erdaraz egiteko ohitura baldin badu, ez da harritzeko aldaketa hori ematea erraza ez izatea. Berarekin duzuen harremanak aukera ematen badizue, egokiena horri buruz hitz egitea litzateke. Euskaraz hitz egitera animatzea, zuzentasunari garrantzia kentzea eta laguntza eskaintzea. Hau da: eroso sentitzen den neurrian erabil dezala ahal duen guztia.
Horretaz hitz egitea deserosoa edo zaila bada, gutxienez egin zuek berari ere euskaraz. Ahalik eta modu naturalenean. Gu Ahobiziak izan gaitezke eta bera Belarripresta.
Kontuan izan errazagoa izan daitekeela biko harremanetan euskara erabiltzen hastea taldean baino. Hau da: beharbada, ez da oso zaila izango berarekin bakarrik ari bagara berak euskara erabiltzeko ahalegina egitea eta guk horri erraztasunak ematea. Aldiz, zailagoa da talde elkarrizketa batean euskaraz egitea segurtasuna falta bazaio edo eroso ez bada sentitzen.
ENTRENATZAILE ERDALDUNA
Gure alabak entrenatzaile erdalduna dauka. Bere boron-datez ari den guraso bat da eta eskertzen dugu bere prestutasuna. Baina orain arte euskara hutsean aritzen ziren eta orain ez, erdararen presentzia handitzen doa. Zer egin dezakegu?
KIROL ARLOAK garrantzi handia du hizkuntza-
ohiturei dagokionez. Bizipen asko gertatzen dira (entrenamenduak, konpetizioa...), harreman berriak sortzen dira, lehengoak finkatu, eta erreferente asko ere eskaintzen ditu. Hizkuntza- ohiturak aldatu edo finkatzeko esparru benetan garrantzitsua da. Kirol elkarteek dute giltza: beraiek bilatzen eta hautatzen dituzte entrenatzaileak. Entrenatzaileek euskaraz jakin eta egin behar dutela argi badakite, horrela jokatuko dute. Beraz, lehen urratsa eta garrantzitsuena klubei entrenatzaile euskaldunak jartzeko eskatzea da, eta hori beraien irizpideetan finkatzea. Muga nagusia: borondatez aritzen badira, entrenatzaileak aurkitzeko zailtasunak. Baina, zuen egoeran, ondo legoke klubak entrenatzaileari euskarari buruzko jarrera eta jokabide egokiak proposatzea. Besteak beste: kirolariak euskaraz egitera gonbidatzea, agurrak euskaraz egitea, eta jarduerako hizkuntza-errutinak gutxienez euskaraz izatea (beroketakoak, teknifikazio ariketetakoak...). Hau da, euskarak izan dezala presentzia duin bat jardueran zehar.