Iñaki Eizmendi | Euskararen erabileran eta transmisioan aditua
ATZERRIRA
Euskal Herritik kanpora bizitzera goaz urte hasieran, eta kezka daukagu nola eutsiko ote dioten gure 9 eta 12 urteko haurrek euskarari, ez baitute inguruan euskaldunik izango. Zertan jarri beharko genituzke indarrak?
ETXETIK KANPO euskara erabiltzeko aukerarik izango ez dutenez, etxean jarri beharko litzateke arreta, eta arnasgune indartsu bat eskaintzeko ahalegina egin.
Hasteko, gurasook seme-alabekin beti euskaraz egin. Bai etxean baita etxetik kanpo ere. Euskaraz ez dakitenak aurrean daudenean ere, elkarrizketa seme-alabekin bada, mantendu euskara. Modu horretan lor dezakezue seme-alabek zuekin duten harremana euskaraz identifikatzea eta zuekin beti horrela egitea.
Etxean leku handia egin euskarari. Jarri irratia, harpidetu aldizkarietara, irakurri elkarrekin, etxean eta kotxean jarri musika, telebistan ere bilatu gustukoak izan daitezkeen pogramak, eta abar. Etxean euskarak leku handia izatea lagungarria izango da beraientzat. Eskaini euskaraz izan daitezkeen bizipenak. Adibidez, udalekuak oso aukera ona izan daitezke euskarazko harremanak egin ditzaten, edo oporretan hurbildu euskarazko eremuetara.
FAMILIARTEAN GAZTELANIAZ
Eguberrietan aitona-amonen etxean biltzen gara familia osoa eta egun horietan gaztelania nagusitzen da, gehiengoa euskaldunak garen arren, bi koinatu-koinata ez direlako euskal hiztunak. Gure seme-alabek ere Gabonak erdaraz irudikatzen dituzte... Aurten, euskarari eutsiko diodala hitz eman diot neure buruari, baina nola egin?
EZ DA ERRAZA gaia modu esplizituan eta inor mintzeko beldurrik gabe aurkeztea. Askori gertatzen zaizkigu antzekoak.
Gaia ahalik eta modu naturalenean planteatzea izan daiteke aukera bat, eta Eguberrien aurretik senideekin edota seme-alabekin horretaz hitz egitea.
Euskaraldia baliatzea aukera polita izan daiteke modu ludikoago batean egiteko. Hau da: erabili Euskaraldiko txapak edo sortu beste batzuk. Hirugarren figura bat ere sortu daiteke: euskara ulertzen ez duena baina besteak euskaraz egitera animatzen dituena. Gogoan dut herriren batean Bihotzgoxo izeneko rola ere sortu zutela.
Beraz, girotze lan bat egin daiteke (kartel batzuk, abestiren bat...), eta bakoitzari txapa aukeratzen utzi. Giro horren barruan askoz errazagoa izango da gaia modu esplizituan mahai gainean jartzea eta euskarak lekua izan dezan lortzea. Seme-alabekin egoerari buruz hitz egiteko eta haien konplizitatea lortzeko ere aukera ona izan daiteke.
EUSKARAZKO JOSTAILUAK
Ume txikiak Gabonetarako eskatutako jostailu batzuek (panpinak, autoak…) gaztelaniaz “hitz egiten” dute eta ez zaigu gustatzen. Ba al dakizu euskarara aldatu daitezkeen edo beste alternatibarik ote dagoen? Euskaraz jolasteak garrantzia duela uste dugu...
ERDARAZKO ESKAINTZA euskarazkoa baino askoz handiagoa da, eta gainera, publizitate askoz gehiago izaten dute.
Jostailuen bidez hizkuntza ohiturak ere lantzen dira, jakina. Etxean eta lagunartean euskarazko jostailuekin jolasteak badu eragina erabileran eta ohituretan. Baina oso zaila da jostailu horiek guztiak euskaraz lortzea edo euskaratzea.
Erdarazko produktuak erabat alboratzea baino, beharbada arreta gehiago jarri beharko genuke euskarari leku handia eta duina eskaintzeari.
Besteak beste:
• Euskaraz zer dagoen ezagutu. katalogoa.eus webgunean urtero produktuen zerrenda bat aurkezten dute, hor zer dagoen ikus dezakegu edota erosketak egiten ditugun lekuetan ere galdetu dezakegu zer dagoen euskaraz. Gustukoren bat aurkitzen badugu, hori izan daiteke opari on bat.
• Euskarazko jostailua izan zein ez izan, zein erabilera eman diezaiokegun irudikatu. Hau da: jostailua bera baino garrantzitsuagoa izan daiteke guk seme-alabekin batera jolastea eta jostailu horrekin euskaraz jolastea. Kasu batzuetan jostailuak berak hitz egiten duenez ez da erraza izango, baina beste hainbatetan jolasek ez dute hizkuntzarik edo bigarren maila batean geratzen dira. Adibidez: antzoki moduko bat edota txotxongiloak oparitzen badizkiegu, jostailuak berak ez du hizkuntzarik, baina jolasteko hizkuntza behar da. Hor gure eragina oso handia izan daiteke.
Beraz, zaindu euskarak oparietan leku handia izango duela. Bai jostailua bera horrelakoa delako, edo haiekin jolasterakoan euskaraz aritzeko aukera emango digulako nahiz eta jostailua bera erdaraz etorri.