Iñaki Eizmendi | Euskararen erabileran eta transmisioan aditua

EUSKALDUN BERRIAK

Euskaldun berriak gara, ingurune erdaldunean bizi gara eta zail egiten zaigu gure seme-alabei euskara aberatsa eskaintzea, nahi gabe ere gaztelaniaz erraztasuna dugu gurasook, eta haurrek ere bai, tamalez. Nola indartu dezakegu haien euskara?

HELDUEKIKO ERAGIN-TRUKEA, eta bereziki gurasoekiko interakzioa, haurren hizketaren garapenean eragin handia duen faktorea da. Testuingurua erdalduna izan arren, eta gurasoek erdaraz erraztasun gehiago izan arren, euskara aberatsa garatzeko aukera asko ditugu.
Hainbat aukera ditugu interakzio aberatsak sustatzera begira. Adibidez: 
• Guraso berritsuak izan: elkarrizketa asko sortu seme-alabekin, egoera askotan, baita oso txikiak direlako erantzuteko gai ez direnean ere.
• Abestiekin jolastu: abestu, hitzak aldatu, tonuarekin jolastu...
• Ipuinak irakurri edo kontatu, bertsioak egin...
• Etxean antzerkiak egin, txotxongilo saioak, leloekin kartelak jarri...
• Irakurzaletasuna sustatu.
• Euskara entzuteko aukerak eman: telebista, musika, irratia...
Horiek, eta beste mila gauza gehiago egin ditzakegu. Beraz: euskara aberatsa eskaintzeko oinarrizkoena gurasook jarrera aktiboa izatea da. Testuinguruak laguntzen badu errazago, baina bestela ere oso ondo lagundu diezaiekegu. Hainbat ideia aurkituko dituzue gune honetan: https://eranafarroa.eus.


EUSKARA IKASGAIA

Eskolan, LH 3-4. mailan Ingelesa eta Gaztelaniako ikasgaiak Euskarazkoa baino modu ludikoagoan eta erakargarriagoan lantzen dituztela iruditzen zaigu. Ez ote da hori euskararen kalterako? Ezin ote da Euskarako ikasgaia ere modu erakargarrian landu?

GAZTELANIAK ETA ingelesak sortu dezaketen lilura ez da eskolako metodologiara mugatzen: eskolaz kanpo jasotzen dituzten mezuek eragin handia izaten dute horretan.
Gerta daiteke eskolaren batean gaztelania eta ingelesa modu ludikoagoan lantzea, baina ez zait iruditzen hori orokor daitekeenik. Eskolaren metodologiak, eta ziurrenik irakaslearen izaerak, eragin handia izango du horretan.
Hori bai, azken urteetan apustu nabarmena egin da hezkuntzan ahozkoari leku handia egiteko. Euskararen irakaskuntzan ahozkoa erdigunean jarri nahi da, hizkuntza bat ondo geureganatzeko asko erabili behar baita. Bide hori hizkuntzen irakaskuntza ludikoagoa egiteko modua ere bada: dinamika aktibo eta parte hartzaileak eskatzen ditu eta ikasleei jarrera aktiboak eskatzen dizkie.


LAGUN TALDEAN GAZTELANIAZ

Gure semearen (11 urte) gelara bi ikasle berri etorri ziren herri handiago batetik aurreko ikasturtean eta lagun taldean gaztelaniaz hasi dira. Adin zaila da gurasooi kasu egin eta euskaraz egin dezaten esaten aritzeko… Nola eragin dezakegu?

ZORITXARREZ NAHIKO egoera ohikoa izaten da. Euskara asko erabiltzen den guneetan ere nahiko erraz hausten dira ohitura batzuk giro horretan eragin nabarmen bat txertatzen denean. 
Epe ertainera begira ahalduntze lan bat egin dezakegu, besteak beste: euskararen aldeko ekitaldietan parte hartu eta modu aktiboan inplikatzera animatu, euskaldun izateari buruz eta euskara erabiltzeari buruz hitz egin, erreferenteak izan ditzaten zaindu, eta abar.
Epe laburrean, hasteko, hitz egin haiekin. Jakin dezatela zer sentimendu sortzen dizkigun orain arte euskaraz egin dutenekin erdaraz entzuteak. Errua bota gabe eta egoera ulertzen dugula adieraziz, baina argi azalduz. Horrez gain, babesguneak eskaintzen ahalegindu; hau da, euskararen erabilera babesten duten jardueretara animatu. Hainbat herritan aurki daitezke erabilera bermatua duten jarduerak eta taldeak. Horietan adinkideekin eta helduagoekin euskaraz arituko dira, eta hizkuntza-ohiturei begira oso lagungarria izan daiteke.


EUSKARA MODERNOA

Euskara ez dela modernoa irakurri genion Joseba Tapiari elkarrizketa batean eta kezkatuta geratu gara. Nola lor dezakegu gure seme-alabek lagunartean euskaraz hitz egiten jarraitzea jakinik ez dela modernoa eta erakargarria?

HIZKUNTZAK EZ dira, berez, modernoak edo tradizionalak. Baina, adibidez, nerabeek zein balioekin lotuko lituzkete euskara, gaztelania eta ingelesa? Zein modernoa izatearekin? Etorkizunekoa? Aberatsa? Eta zein tradizionala izatearekin? Zaila? Zaharra? Pertzepzioak eta aurreiritziak besterik ez dira, baina haurrek ere barneratzen dituztenak.
Seme-alabei begira ideia hau kontuan har daiteke: haientzat euskara modernoa izan daiteke, hasteko, guretzat ere modernoa bada. Etxean euskaraz ere irakurtzen dugu? Telebista euskaraz ere jartzen dugu? Irratia entzuten dugu? Kultur emankizunetara joaten gara? Hau da: euskarak balio digu gure bizitzan? Guretzat aberatsa eta modernoa da? Horrela bada, hori transmitituko diegu.
Begirada haurrengan jartzea da ohikoena: euskaraz irakurri behar dute, telebista ikusi, euskarazko ekitaldietara eraman behar ditugu... Baina helduok ez badugu hori egiten, guretzat ez badu balio, normala da haiek ere euskara modernoa ez dela barneratzea.