Iñaki Eizmendi | Euskararen erabileran eta transmisioan aditua
BIKOTEAN
Nire bikotekidea eta ni gaztelaniaz erlazionatu izan gara, hala ezagutu genuelako elkar, baina ez dugu nahi gure familiako hizkuntza gaztelania izan dadin. Erraza dirudi hizkuntzaz aldatzea, baina oso arrotz sentitzen gara orain gure artean euskaraz egiten. Gomendiorik? Nola aldatu hizkuntza ohiturak?
SOZIOLINGUISTIKA KLUSTERRAK ikerketa bat egin zuen gai horren inguruan orain urte batzuk. Bikotean hizkuntza ohitura aldatu zutenen esperientziak eta bizipenak hartu zituzten oinarri. Hortik ideia politak har ditzakegu. Adibidez:
• Lehentasuna euskarari eman: bolada batean egoeraz oso kontziente izan eta aldaketa nahi hori harremanaren erdigunean edo jarri. Nolabait ere, bolada batean etengabe buruan izan beharko dugu.
• Erabilera erabiltzetik etorri da: normala da aldaketa hori zaila, edo batez ere, arraroa egitea. Hizkuntza batean finkatuta dagoen harreman batean, aldaketa hori ematea deserosoa izan daiteke, ezinegona sortu.
• Behin hasitakoan, uste baino errazagoa izan ohi da: erabilerak berak ematen du naturaltasuna. Hasieran arrotza dena, gero eta naturalagoa da.
• Euskarara itzultzeko estrategiak: hau ere oso interesgarria dela uste dut. Egoera edo une ezberdinetan erdarara pasatzeko joera izan daiteke, eta horietan euskarara nola itzuli adostu daiteke aurretik: esaldi edo keinu bat izan daiteke, adibidez.
• Seme-alabek aldaketa finkatzen lagundu dezakete: hizkuntza ohitura aldaketa seme-alabek ekarriko dutela uste izan dutenek, ez dute lortu izan. Hau da: seme-alabei euskaraz egiten badiegu gure artean euskaraz egitea errazagoa izango dela pentsatzeak ez du balio izan. Aldiz, aldaketa egiten badugu, seme-alabekin euskaraz egiteak asko lagunduko du etxeko hizkuntza euskara izan dadin finkatzen.
Bikote asko saiatu izan dira hizkuntza ohitura aldatzen, eta hainbatek lortu izan dute. Motibazioa indartsua bada, lor daiteke. Besteen esperientzietatik klabe nagusi batzuk kontuan izateak ere lagundu dezake. Animo bide horretan!
INSTITUTUAN
Gure alaba herri euskaldunetik hain ez euskaldunera pasa da DBH1en hasteko. Euskarari eusten dio, baina gelan eta lagun berriekin gutxi murgiltzen ari da eta badirudi hizkuntzak baduela zerikusirik, ez baita euskaraz bezain ongi moldatzen gaztelaniaz. Ez dugu nahi gaztelaniara pasa dadin, baina ez dugu nahi horrek autoestimuan eta sozializazio berrian eragin dezan. Nola lagundu alabari?
INSTITUTURAKO PAUSOA ematea une esanguratsua da nerabeen sozializazioan, bereziki herri aldaketa ere eskatzen badu. Kontuan izan:
• Zuen seme-alaben kasuan gaitasuna baino hizkuntza-araua izan daiteke deseroso sentitzeko arrazoia: euskaraz egiten den giro batetik gaztelaniaz egiten den batera pasa badira, aldaketa handia da. Euskaraz egitea ohikoa zen egoeretan, gaztelaniaz egiten da.
• Hizkuntza-araua aldatzearen ardura ez da beraiena: nerabe batentzat oso zaila da ezarrita dagoen hizkuntza-arau bati aurre egitea (helduontzat ere bai). Euskaraz edo gaztelaniaz egitea ez da aukera soila, testuinguruak baldintzatutako jokabide bat da.
• Hizkuntza ohiturei buruz hitz egin: adibidez, jakin dezatela lagun taldean euskara mantentzeari balio handia ematen diozuela. Beste guztiekin ere euskaraz egitea nahiko zenuketela ere bai, baina ulertzen duzuela ez dela erraza.
TELEBISTA
7 urte bete arte ETB3 bakarrik ikusi dugu etxean, baina orain gure haurrari motz gelditzen zaizkio euskarazko marrazkiak. Beste guztia gaztelaniaz dago. Nola indartu dezakegu adin horretatik aurrera aisialdia euskaraz bizi dezan? Ez dakigu bere intereseko zer eskaini.
EUSKARAZKO ERREFERENTEAK eskaintzea buru-haustea izaten da guraso askorentzat. Txikiak direnean nahiko erraza dena, nerabezarora hurbiltzean zailagoa izaten da.
1- Arreta jarri euskarak gure/bere inguruan leku handia izan dezan: ETB aukera bat da, baina irratia euskaraz jar dezakegu, musika, prentsa, aldizkariak, hizkuntza-paisaia... Ez du zertan beraientzako edukia izan beharrik: euskarak etxean leku handia badu, euskararekin harremana indartsua izango da.
2- Euskarazko ekitaldietara joan (beraiekin eta gure kabuz): zinema, antzerkia, zirkoa... Euskarak guretzako balio badu, beraientzat balio dezake.
3- Euskarazko giroekin harremana izan dezan bermatu: bertso-eskola, euskarazko aisialdia, kirola... Euskaraz diren giroetan badabiltza, hortik iritsiko zaizkie erreferente berriak.
Erdarek indar handia dute gure inguruan, baina euskaraz ere erreferente asko izatea lor dezakegu.