Iñaki Eizmendi | Euskararen erabileran eta transmisioan aditua
TELP IKASTAROAK
Helduentzako TELP ikastaroak ezagutzen ditugu, euskaraz hitz eginez eroso sentitzeko eta hizkuntza ohituretan eragiteko pautak irakasten dira. Nerabe eta gazteentzat horrelako ikastarorik izaten da?
NERABEEI BEGIRAKO tailerrak eta aktibazio ekimenak eskaintzen dituzte hainbat eragilek. Besteak beste: Ttakun elkarteak "Motibazio saioak", Urtxintxak "HezHiz", AEKren "Eusliderrak", Emunen "Soziolinguistikaz gazteekin" edota Topagunearen "Zergatik ez?".
Guztiak interesgarriak eta baliagarriak.
Helburua bada nerabeek euskararen erabilerarekiko jarrera aktibo bat hartzea eta horri begirako tresnak eskaintzea, bi gauza behintzat kontuan hartu behar dira:
1- Testuinguru soziolinguistikoaren eraginez, ikastetxe gehienetan hizkuntza-arau nagusia erdaraz egitea da, hori da "normala". Nerabe batentzat ez da erraza hori gainditzea.
2-Hainbat nerabek ez dute euskaraz gehiago egiteko interes edo asmorik. Beraz, tailerrak egiteaz gain, euskaraz gehiago egin nahi luketenei testuinguru egoki bat ere eskaini behar litzaieke. Horretan asmatu behar genuke.
PANTAILETAKO HIZKERA
Kezkatuta gaude gure nerabeen hizkuntza ohituretan musika espainolak nolako eragina duen ikusita; zeren gauza bat da euskalduna ez den musika entzutea eta bestea horrek gaztelaniaz hitz egitera bultzatzea. Zer egin dezakegu horrelako egoeratan?
ULERTZEKOA DA kezkatuta egotea. Musikak eragina du hizkuntza-ohitura eta jarreretan, baita identitatean ere.
Baina beste hainbat faktorek ere eragiten dute hizkuntza-ohituretan eta identitatean. Adibidez, eredu egokiak eskaintzeko ahalegina egin dezakegu (Ahobiziak) bai gurasoon aldetik baita besteak bistaratuz ere. Bestetik, zaindu euskarak egunerokotasunean duen lekua: prentsa, irratia, telebista, euskarazko ekitaldiak eta abar.
Horrez gain, musika gustuetan zeharka eragiten saiatu zaitezkete. Besteak beste: animatu euskaraz diren ekimen edo jardueretan parte hartzera (aisialdia, kultura, euskararen aldeko ekimenak...). Giro horietan euskarazko musikak ere lekua izaten du eta hor jaso ahal izango dituzte euskarazko erreferente anitzak. Zorionez, gaur egun ere euskaraz musika asko sortzen da, estilo askotakoa, eta gazteentzat oso erakargarria ere badena.
ERDARAREN PRESENTZIA
Mugikorrean, bideo-jokoetan, sare sozialetan... espainolaren, frantsesaren eta ingelesaren presentzia askoz ere handiagoa da. Ondorioz, “mezuak, dei galduak, kopiatu eta itsatsi”... eta antzeko euskarazko hitzak erabili ordez “mensajeak, llamada perdida, copiar y pegar” eta horrelakoak erabiltzen ditugu heldu zein gazteek. Nola lortu dezakegu gure hizkuntzari eustea horrelako egoeratan?
ESAPIDEAK EUSKARAZ normaltasunez erabiltzera iristeko, askotan entzun eta erabili behar ditugu. Erabilerak berak ematen die normaltasuna.
Hiru eremutatik behintzat eragiten saiatu gaitezke: norbanakoak, komunikabideak eta erreferenteak.
Gaiarekin kezka dugun norbanakook erabilera zaintzen badugu, eragin bat izango dugu ingurukoengan.
Euskarazko komunikabideetan esapide horiek ongi eta naturaltasunez erabiltzen badituzte, irakurle, entzule eta ikusleontzat ere normalak bihurtuko dira.
Gaur egun erreferente diren hainbatek ere erabiltzea lortuko bagenu (kulturgile, idazle, kirolari..) askoz errazago eta azkarrago sozializatuko lirateke.
Azken batean, hainbat testuingurutan normaltasunez erabiliko balira, haurrek eta nerabeek ere erabili ahal izango lituzkete.
HIZKUNTZA ETA POLITIKA
Bikotean eztabaida daukagu: nik gure seme-alabei (12 eta 10 urte) azaltzen diet euskara mendean hartutako hizkuntza bat izan dela, jazarpena jasan izan duela duela 50 urtez eta gaur egun ere euskaraz ikasteko arazoak dituztela, adibidez, Nafarroako hainbat lekutan. Aldiz, nire bikotekideak euskara “politikarekin ez nahasteko” esaten dit. Nik uste dut gure hizkuntzaren historia ezagutzeak lagunduko diela errealitatea ulertzen eta euskararekiko atxikimendua garatzen. Zer iritzi duzu zuk?
ORAIN DELA gutxi izan da Korrika. Udazkenean izango da Euskaraldia. Korrika, Euskaraldia, Herri Urrats eta beste hainbat ekimen ulertzeko gaur egungo egoera zein den eta horretara nola iritsi garen jakin behar dugu. Askok euskaraz egin nahi genuke normaltasunez eguneroko harremanetan, baina ezin dugu testuinguru askotan hainbatek ez dakielako edota euskaraz hastea deseroso egiten zaigulako. Eta horrelako egoera eta bizipenak gure seme-alabek ere izango dituzte.
Kontua ez da "politikarekin nahastea", baizik eta oinarrizko ezagutza soziolinguistiko bat eskaintzea. Haur eta nerabeak sozializazio prozesu batean daude eta lagungarriak diren baliabideak eskaini behar dizkiegu: gaur egungo egoerak beraien egunerokotasunean zein eragin duen konturatzea, horrek nolako bizipenak eragin ditzakeen jabetzea, eta abar. ETBko Tribuaren berbak programak eredu oso ona eskaini zuen norabide horretan. Familian ikusteko moduko programa gaur egun ere.