Gurasoek ezin dute euren seme-alaben hizkuntza-ohiturak zeintzuk izango diren  erabaki, baina bai haietan eragiteko oinarri on bat jarri. Hala dio Iñaki Eizmendik, euskararen erabilera sustatzeko estrategietan adituak. Euskararekiko jarrera aktiboa hartuz seme-alabei eredu koherente bat erakustea eta euskararekin lotutako bizipenak eskaintzea da bide eraginkorrena horretarako.

Ebete enpresaren bidez, euskararen erabilera sustatzen aritzen diren eragileei estrategia eta tresna praktikoak eta eraginkorrak eskaintzen dizkie Iñaki Eizmendik. Bereziki gurasoekin eta irakasleekin egiten du lan, formazio ikastaroak, hitzaldiak eta informazio saioak emanez. Halaber, ikastetxeei ikasleen hizkuntza-jokabideetan eragiteko aholkularitza zerbitzua eskaintzen die.

Datuek diote gela barruan ikaskideekin euskaraz egiten duten haur askok ere, kalean erdaraz egiten dutela. Ikerketa horiek, halaber, diote familia eragile garrantzitsua dela seme-alaben hizkuntza-ohituretan. Nola lagun dezakete gurasoek seme-alabek euskaraz hitz egin dezaten?
Gurasook ezin dugu erabaki gure seme-alaben hizkuntza-ohiturak zeintzuk izango diren, baina oinarri on bat jar dezakegu. Hori da gure zeregina.
Azken ikerketek erakutsi dutena oso gauza logikoa da (Soziolinguistika Klusterraren Arrue ikerketa, adibidez): adinean aurrera doazen neurrian haurrak/nerabeak gizarteko hizkuntza-errealitatera hurbiltzen doaz. Hau da: sozializazio prozesuaren barruan hizkuntzen erabilera ere gizartean ematen diren ohituretara egokitzen doa. Haur txikien gizarte harremanak nahiko mugatuak dira (familia, eskola, inguru hurbila…) eta poliki-poliki gero eta egoera gehiagotan eta gero eta harreman gehiago dituzte. Txikiak direnean familien eta eskolaren eragina oso handia da, baina eragin horrek indarra galtzen du hazten doazen neurrian, eta ohiturak gero eta gehiago hurbiltzen dira gizarteko errealitatera.
Baina, gure inguruan argi ikusten den moduan, heldu guztiok ere ez ditugu hizkuntza-ohitura berberak. Hau da: abiapuntu berdintsua duten eta testuinguru bertsuan bizi diren heldu guztiek ez dute berdin jokatzen hizkuntzekin. Herri batean euskaraz hitz egiten duten eta gaztelaniaz hitz egiten duten heldu koadrilak aurkitu ditzakegu. Agian guztiek eskola berean ikasi dute eta hizkuntza-ibilbidean (haur-nerabe garaikoak) ez dute alde handiegirik. Are gehiago, koadrila bereko kideek ere hizkuntza-ohitura ezberdinak dituzte beste hainbat egoera eta harremanetan: bikotekidearekin, kaleko beste hainbat egoeratan, lantokian…
Beraz, haurrak gizarteko hizkuntza-errealitatera egokitzen doaz, baina horren barruan ere jokabide oso ezberdinak daude. Gurasook ezin dugu erabaki gure seme-alaben hizkuntza-ohiturak zeintzuk izango diren, baina oinarri on bat eskain-tzen ahalegindu gaitezke. Horretan gurasoon zeregina benetan da garrantzitsua.

Gurasoek zer nolako rola dute haurrek euskara erabil dezaten?
Hizkuntza-ohitura gehienak imitazioz ikasten dira. Haurren kasuan, ingurune hurbilean ikasiko dituzte ohitura horiek.
Kaletik goaz. Gurea ez den herri batean. Ezezagun bati zerbait galdetu nahi diogu. Zein hizkuntzatan galdetzen diogu? Edo, hiriburu batean gabiltza erosketak egiten. Dendaz denda. Nola eskatzen ditugu gauzak? Horiek hizkuntza-ohiturak dira eta imitazioz ikasten dituzte gure seme-alabek. Zuen ohiturak nolakoak diren argi baduzue, seme-alabenak antzekoak direla ikusiko duzue. 
Noski, hori gertuko harremanetan ere ematen da. Zenbat erdara erabiltzen dugu ustez euskaraz diren elkarrizketetan? Nola egiten dugu lagun euskaldunekin? Eta beste gurasoekin? Guraso horien seme-alabekin?... 
Gurasoon rola seme-alaben hiz-kuntza-ohiturei begira benetan garrantzitsua da. Seme-alabek lagunartean eta beste hainbat harremanetan euskaraz egitea nahi badugu, eredu on bat eskaintzen ahalegindu beharko dugu. Hori izango da hizkuntza-ohiturei begira oinarri on bat jartzeko zutabe garrantzitsuena.
Baina eredu on bat eskaintzea ez da zaila, eta zeregin horretan gustura ere aritu gaitezke. Bizi garen testuinguruan ez da harritzekoa gurasook kontraesanak izatea: gure seme-alabek hizkuntza-ohitura 
batzuk izatea nahi genuke, baina guk ez dugu bete-betean horrela jokatzen (segurtasun falta dugu egoera batzuetan euskaraz egiteko, erantzun txarren beldurra, ohiturak aldatzea zaila dela iruditzen zaigu…). Ez da erraza horiek guztiak gainditzea, baina ez da zaila euskararekiko jarrera aktiboa izatea: gero eta euskara gehiago eta gero eta harreman gehiagotan erabiltzeko jarrera hartzea. Gure jarrera hori bada, gure seme-alabek ikusiko dute ahalegintzen garela esaten dugunaren eta egiten dugunaren artean koherente izaten, eta hori da bidea hizkuntza-ohiturei begira eredu on bat eskaintzeko.

“Hitz egin euskaraz!” agindua ematen dute sarri helduek (guraso zein irakasleek). Hizkuntzarekiko jarrera positiboa hartzen laguntzen du horrek? Zerk lagundu dezake?
Euskararen erabilera indartzera begira ez da eraginkorra. Euskararekiko jarrera positiboak lantzera begira ere ez. Baina zein zaila den ez erabiltzea!
Gurasook eta irakasleek nahi dugu haurrek euskaraz egitea, baina guk nahi genukeen hainbat harreman eta egoeratan agian ez dute egiten. Eta orduan euskaraz egiteko eskatzen diegu, baina… Agian une horretan lortuko dugu euskaraz egitea. Hori bai, hizkuntza-ohiturei begira ez da eraginkorra. Gainera, hori esaten dugunean helduok ez gara gustura sentitzen: badakigu ez dela eraginkorra eta ez zaigu gusta-tzen “kontrolatzaile” papera hartzea. Ezintasunetik eta etsipenetik abiatutako estrategia da. Are gehiago, haurrek euskararekin harreman handia, indartsua eta positiboa izatera begira ez da egokia, inposizio bat baita. Eta, hori dena gutxi balitz, ohiko estrategia moduan erabiltzen denean haurrak ohitu egiten dira eta testuinguruaren parte bihurtzen da gure jokabide hori: gu erdaraz ari gara, heldu batek euskaraz egiteko eskatzen digu, joango da, eta guk “normal” jarraituko dugu.

Jar gaitezen haurren lekuan. Ez dira elebakarrak. Hizkuntza bat baino gehiago erabiltzeko gai dira. Zergatik egin behar dute euskaraz? Guk nahi dugulako?
Talde baten hizkuntza-ohituretan faktore askok eragiten dute. Besteak beste, dakigun hizkuntza bakoitzean dugun erraztasunak, ingurune hurbilean ikusi eta bizitzen dugunak, erreferenteek, kontsumo eskaintzak…
Adibidez: gure seme-alabek, 
hizkera informalari dagokionez, zein hizkuntzatan dute erraztasun eta aberastasun handiagoa? Adarra jotzerakoan erabiltzekoak, haserre-tzen direnean… Are gehiago: guk zein hizkuntzatan dugu erraztasun eta aberastasun handiagoa? Zenbat erdarazko esamolde erabiltzen ditugu? Telebistako zein programa dira beraien gustukoak? Gormitietara jolastu al daiteke euskaraz telebistako programa hori gaztelaniaz bada? 
Seme-alabek euskara gehiago edo gutxiago erabiltzea ez da kapritxo hutsa. Uste okerra da besterik gabe euskaraz egin behar luketela pentsatzea. Baina gainera, ez al diegu ardura handiegia eskatzen? Ikus dezagun egoera bat:
- Pertsona heldu bat. Euskalduna eta hainbat harreman euskaraz dituena. Gainera, euskararen erabilera indartzearen aldekoa.
- Haur bat. D ereduan ikasten duena. Familia erdaldunekoa. Euskara ulertzen du, erabiltzeko gai da, baina erraztasun handiagoa du gaztelaniaz, eta eskolatik kanpo euskara erabiltzeko aukera gutxi ditu. 
- Pertsona heldu horrek euskaraz egiten dio. 
- Haurrak erdaraz erantzuten dio.
- Pertsona helduak… erdaraz jarrai-tzen du haur horrekin!!!

Egoera hori, eta modu horretako beste batzuk, egunero ikus ditzakegu. Galdera: heldu batek jokabide hori baldin badu (ustez euskararekiko jarrera nahiko kontzientea duena izanda), zergatik 8-9 urteko haur batek euskara mantendu behar du berari gaztelaniaz egiten dion batekin? Zergatik eskatzen diegu ardura hori hartzea? Ez al da ardura handiegia haurrei eskatzen dieguna? 
Aurreko galderara itzuliz, “egin euskaraz” esatea ez da eraginkorra, ezta egokia ere, baina ezer ez esatea ere ez da egokiena: seme-alaben hizkuntza-ohiturak axola bazaizkigu jakin beharko dute nola jokatzea nahiko genukeen. Seme-alabekin hitz egin dezakegu horretaz: zergatik nahi dugun beraiek euskaraz egitea, lagundu egin nahi diegula adierazi, gustatuko litzaigukeela beraiek ahalegina egitea, baloratuko dugula ahalegin hori ikusten badugu, eta abar.
Horri begira guk nola jokatu dugun azaltzea egokia da ere, eta gure jokabidearen barruan atentzioa 
deitzearena eta euskaraz egiteko eskatzearena ere egon daiteke. Baina argi izanda mezuak egokia izan behar duela, atentzioa tonua zainduz deitu beharko genie-
keela, eta, batez ere, gure jokabideak esaten dugunarekin koherentea izan behar duela (guk ere ahalegindu behar dugula euskaraz izan daitezkeen harremanetan euskaraz egiten eta seme-alabei hizkuntza-jokabideei dagokienez eredu on bat eskain-tzen).
Euskara eskolako kontua soilik izan ez dadin, zein garrantzia du esperientziak/bizipenak euskaraz edukitzeak? Zer nolako esperientziek eragiten dute hizkuntza-ohituretan?
Euskarazko bizipenen zakua ondo betetzea komeni da euskara dilisten pare izan ez dadin. Hizkuntza-ohiturei begira garrantzia handia duen gaia da: gure seme-alabek zein hizkuntzatan dituzte bizipenak? Zeintzuk eta nolakoak dira euskaraz? Zeintzuk eta nolakoak erdaraz?
Ziur zuetako askok entzun izan duzuela inoiz: “A mi hijo/a no le gusta el euskera”. Eta egia izango da. Baina agian dilistak ere ez zaizkio gustatzen. Baina, noski, ez da gauza bera.
Hori esaten duen haurrak euskararekin nolako harreman duen azter-tzen badugu, hauxe ikusiko dugu ziurrenik: eskolatik kanpo euskararekin oso harreman gutxi du. Hau da: ez du euskarazko harreman eta bizipenik. Etxean zein hizkuntza erabiltzen dute? Eskola orduz kanpoko jarduerak zein hizkuntzatan dira? Eta bere gustuko bestelako egoera eta jarduerak? Erdara agertuko da behin eta berriz. Euskara eskolako hizkuntza da eta agian eskolan ere euskararekin ez du bizipen positibo askorik. Ez da harritzekoa euskara ez gustatzea, baina arazoa ez da hizkuntza bera, arazoa hizkuntza horrekin duen harremanean dago.
Ildo horretatik jarraituz, zuen seme-alabek etxetik euskara jasotzen dutenez hainbat bizipen euskaraz izango dituzte. Oso zaila da “no me gusta el euskera” esatea. Baina nolako bizipenak dituzte euskaraz? 11-12 urteko haur batentzat bizipen indartsuenak zein egoeratan ematen dira? Eskolan eta etxean? Edo kalean, lagunartean eta gustuko jardueretan? Argi dago bigarren multzo horrek hartzen duela gero eta pisu handiagoa, eta gurasook ahalegindu gaitezkeela egoera horietan euskarazko bizipenak ere izan ditzaten zaintzen.

Haurren bizipenak euskararekin lotu nahi baditugu, zertan has gintezke?
Bizipenak euskararekin lotzera begira, beraientzat indartsuak diren bizipenak zein izan daitezkeen eta horietan euskarak lekua izan dezan zaintzen ahalegindu gaitezke: erreferenteak eskaini, eskola orduz kanpoko jarduerak, eta abar.
Haur eta gazteentzat indartsuak diren hainbat bizipen gurasook ez gauden egoeretan ematen dira. Beraz, gure eragina oso mugatua da egoera horietako hizkuntza-ohiturei dagokienez. Hori bai, saiatu gaitezke ahalik eta “giro babestu” gehien eskaintzen. Eskola orduz kanpoko jardueretan, adibidez, euskarazkoak aukeratu ditzakegu: badakigu hezitzaileak (entrenatzaileak, begiraleak…) euskaraz egingo duela eta jarduera hori neurri handi batean euskaraz izango dela. Are gehiago, badakigu jarduera batzuetan giro euskaldunagoa izaten dela beste batzuetan baino, eta horietan euskara erabiltzea baloratzen dela. Modu horretako jarduerak eskain-tzen badizkiegu, beraien gustukoak diren jarduerak, euskarazko bizipenak eskaintzen ari gara.
Horretaz gain, erreferenteak eskaintzen ere ahalegindu beharko genuke: euskararekin lotzen dituzten eta beraientzat erakargarriak diren erreferenteak. Horri begira, egunerokotasunean zenbait elementu zaintzea nahiko eraginkorra izan daiteke: telebista euskaraz ere ikustea, irratia euskaraz jartzea, euskarazko musika entzutea, euskarazko prentsa eskura jartzea, irakurzaletasuna sustatzea, euskarazko ekitaldietan parte hartzea… Zenbat eta erreferente gehiago, orduan eta balio indartsu eta erakargarriagoekin lotuko dute euskara.