Zaldibiako Lardizabal Herri Eskolaren euskararen eta kulturartekotasunaren proiektua.
Aurreko zenbakian ikusi genuen moduan, eskolako komunitate osoak lan handia egin du Zaldibiako Lardizabal Herri Eskolan eta herrian euskara eta kulturartekotasuna uztartzeko. Eskolako irakasleek, gurasoek eta ikasleek eta herriko eragileek elkarrekin eraiki dute proiektu hori, eta agerikoak dira emaitzak.
Eskola eta herria, herria eta eskola, elkarri estuki lotuta daude, ontzi komunikatzaileak balira bezala. Herrian gertatzen denak eragina du eskolan, eta eskolan egiten denak, herrian. Horregatik, Zaldibiako Lardizabal Herri Eskolan euskararen eta kulturartekotasunaren proiektua garatzearekin batera, beste hainbat proiektu bultzatu dira herrian, udalaren eta hainbat eragileren lankidetzarekin.
Zaldibiara etorri berrientzako harrera plana
2020an hasi zen udala herrira etorri berrientzako harrera eguna antolatzen. Ondoren, egindakoa balioetsi eta hobetu beharrekoak ikusirik, 2021 eta 2022 artean, EMUNeko aholkularien laguntzarekin udalaren harrera protokoloa landu, eta herri harrera plana osatu zen, herriko eragileak ere prozesuan inplikatuz. Urtean bitan (sei hilean behin) antolatzen den harrerak, herria aurkezteko eta elkar ezagutzeko eta gerturatzeko helburua izateaz gain, etorri berriei herrian saretzea errazteko helburua du. Horregatik, azalpen orokorrez harago, pertsona etorri berri bakoitzaren egoerak, zaletasunak eta interesak kontuan izaten dira saioa antolatzerakoan. Hala, harrera instituzionalera mugatu gabe, herriko eragileek ere parte hartzen dute, etorri berrien zaletasunen eta beharren arabera, eta bereziki aipatu behar da herrian aniztasuna eta elkarbizitza sustatzen duen Etxekonekok Elkartearen ekarpena.
Zaldibia eta euskara
Gure herria euskaraz bizi da nagusiki, UEMAren sorreratik da mankomunitate horren kide, eta herritar askoren lanari eta inplikazioari esker heldu gara gaurdaino. Herriko eskalatik gora dauden mugimendu, erabaki eta jendarte joerek, ordea, lanean jarraitzera garamatzate ezinbestean. Horrela, eskolan abiatutako proiektuaz gain, herri mailan euskararen egoeraz hausnartuz, hitz eginez eta ekimena izango duen gune baten beharrari erantzunez, Zaldibiako Euskararen Mahaia abiatu genuen 2024ko azaroan. Herritarrei eta eragileei zabaldutako deialdi irekiari erantzunez, hilean behin (eta beharrezkoa bada maizago) biltzen den mahaia osatu da, eta, lehen pausoetan, herriko eta inguruko errealitatea ezagutzen ari gara: UEMAren diagnostikoa eta lana, AEK eta euskara ikastaroak, euskara elkarteak, Euskaraldia...
Familien parte-hartzea areagotzeko eta atzerritar jatorriko gurasoek gero eta gehiago parte har dezaten, bide berriak bilatzen ere jarraituko dugu. Interesgarria izango da, gainera, antzeko erronkak dituzten beste eskola batzuekin harremanetan jartzea eta esperientziak partekatzea
Euskara eta aniztasuna, Herri Hezitzaileen oinarri
2020an egin zuen bat Zaldibiak Oinherri Herri Hezitzaileen Sarearekin. Pandemiak baldintzatutako hasiera baten ondoren eta bidean hainbat esperientzia pilaturik —herriko plazaren eraberritzea aipatu dezakegu bereziki—, 2023-2024 ikasturtean, beste urrats bat eman zen: Txatxilipurdi Elkartearen laguntzaz eta eskolaren, guraso elkartearen eta udalaren ekimenez, herriko herri hezitzaileen lantaldea osatzeko eta martxan jartzeko prozesua egin zen, eta helburua lortu da. Hala, talde horrek bi ekimen zehatz eta arrakastatsurekin eman dio hasiera ibilbideari: hilean behin, ipuin kontaketa herrikoiak antolatzen dira herriko liburutegian egokitu den haur liburuen txokoan, eta Jolasa Plazara! ekimena ere antolatzen da herriko eragile edo pertsona boluntarioek gidatuta plazan jolasa sustatzeko.
Ekimen horien oinarrian, euskara, ahozkotasuna, jolasa, aniztasuna eta auzolana bultzatzeko helburua dago, eta haur guztiengana iristeko komunikazioa eta baldintzak (doakotasuna, besteak beste) bermatu behar dira.
Gaztetxoen parte-hartzea sustatzeko zerbitzua
2024an martxan jarritako zerbitzua da, eta jatorrian ditu herri hezitzailearen taldea osatzeko prozesua eta azken urteetan gaztetxoen guraso izandako herritarrek egindako eskaerari erantzuteko hainbat saiakera.
Zaldibian, LH bukatu arteko hezkuntza eskaintza dago soilik, eta Ordiziara joaten dira herriko gazteak DBH egitera. Joera berriak sorrarazten ditu horrek eskola orduetan eta eskola orduetatik kanpo, eta herriarekiko loturak askatzera edota, zenbaitetan, haustera eramaten ditu gazteak.
Bai aurreko horri bai gaztetxoen hainbat beharri erantzunez, ikasturte osoan zehar (astegunetan eta opor garaietan) Gazteleku zerbitzua ireki du udalak. Hezitzaile batek dinamizatzen du, doakoa da DBH 1etik 4ra arteko herritarrentzat, eta haren bidez gaztetxoek herriko hainbat dinamikatan parte hartzea bultzatzen da: herriko jaiak, eskolako festak, inauteriak...
Egindako lana sistematikoki jasotzea
Aurreko urteetan egin dugun lana ez dadin ekintza solte gisa geratu, proiektua sistematizatu, eta eskolaren dokumentu estrategikoetan txertatu dugu:
Hezkuntza Proiektuan: berariaz jaso ditugu euskara eta kulturartekotasuna lotzen dituzten helburuak.
Hizkuntza Proiektuan: hizkuntzaren inguruan hartu diren erabaki guztiak jasotzen dituen dokumentua da, Eskola Kontseiluak onartzen duena eta loteslea.
Urteko Plangintzan: urtero egingo ditugun jarduerak eta haien ebaluazio mekanismoak jasotzen dira Urteko Planean eta memorian.
Harrera plana: ikastetxeak harrera plana martxan jartzen du eskolara ikasle eta familia berri bat datorren bakoitzean, eta hor jasota daude euskararen eta kulturartekotasunaren proiektuari dagozkion alderdiak ere.
Eskolako irakasleok, gurasook, ikasleek eta herriko eragileok elkarrekin eraiki dugu proiektu hau, eta nabaritu dira emaitzak. Eskolako edozein gertaerari edo ekintzari “euskararen eta kulturartekotasunaren” betaurrekoekin begiratzen diogu
Etorkizuneko erronkak
Lana ez da bere horretan amaitu, aurrera begirako erronkak ere baditugu. Batetik, euskara indartzeko eta haren erabilera areagotzeko ekintzak egiten jarraitu beharko dugu, horretarako estrategia eraginkorrak erabiliz. Beste alde batetik, eskolako komunikazio eleaniztuna hobetzen jarraitu behar dugu, orain arteko itzulpen tresnak erabiliz eta berriak ikasiz, guraso guztiek informazioa modu eraginkorrean jasotzen dutela bermatzeko. Familien parte-hartzea areagotzeko eta atzerritar jatorriko gurasoek gero eta gehiago parte har dezaten, bide berriak bilatzen ere jarraituko dugu. Interesgarria izango da, gainera, antzeko erronkak dituzten beste eskola batzuekin harremanetan jartzea eta esperientziak partekatzea. Eta kulturartekotasuna lantzeko jarduerak antolatzen ere jarraitu behar dugu, bai eta gai horrekin lotzen diren beste batzuk lantzen ere: arrazakeria, bizikidetza, euskararen erabilera…
Ondorioa: guztion ahaleginaren emaitza
Azken lau urteetan, eskolako komunitate osoak lan handia egin du Zaldibiako Lardizabal Herri Eskolan eta herrian euskara eta kulturartekotasuna uztartzeko. Eskolako irakasleok, gurasook, ikasleek eta herriko eragileok elkarrekin eraiki dugu proiektu hau, eta nabaritu dira emaitzak: parte- hartzea handitu da, hizkuntza ez da traba harremanetan, euskararekiko jarrera hobetu da, eta kultur aniztasuna aberastasun gisa bizi dugu. Eskolako edozein gertaerari edo ekintzari “euskararen eta kulturartekotasunaren” betaurrekoekin begiratzen diogu.
Bide honetan jarraitzea da gure erronka: eskolako eta herriko bizitzan euskara ardatz izanik, aniztasuna errespetatzea eta denok elkarrekin bizitzea.