Euskara eta kulturartekotasuna uztartzeko eraikitako proiektua.
Azken lau urteetan, eskolako komunitate osoak lan handia egin du Zaldibiako Lardizabal Herri Eskolan eta herrian euskara eta kulturartekotasuna uztartzeko. Irakasleek, gurasoek, herriko eragileek eta ikasleek elkarrekin eraiki dute proiektu hori, eta agerikoak dira emaitzak.
Duela lau urte, Zaldibiako Lardizabal Herri Eskolan, euskararen eta familiekiko komunikazioaren gaietan genituen zailtasunen inguruan zerbait egin beharra zegoela erabaki genuen. Hori izan zen abiapuntua, hortxe geneukan korapiloa.
Euskararen arnasgunea da Zaldibia, eta euskaraz bizi gara herrian eta eskolan. Baina, bestalde, euskaraz ez dakiten gurasoak gero eta gehiago dira eskolan azken urteetan, jatorri atzerritarra dutenak gehienak, ikasgelako familien herena edo ia erdia izateraino kasu batzuetan. Hori dela eta, pentsatzen hasi ginen egoera horiek nola uztartu, euskaraz bizitzeko, familia guztietara informazioa modu ulergarrian helarazteko, euskaraz ez dakiten familiek ere eskolan aktiboki parte hartzeko…
Zenbait egoeratan edo unetan sumatzen genituen zailtasunak: ikasturte hasierako ikasgelako bileran, guraso-elkarteko bileretan, gurasoen parte hartzea eskatzen zuten jarduera edo ekintzetan… Hizkuntza gatazka iturri zen, gure arteko banaketa eragiten zuen une batzuetan, eta eskolan familia askoren parte-hartzea oso apala izatearen arrazoietako bat zen.
Bagenituen egiteko zenbait modu, oztopo horiek gainditzen saiatzeko: xuxurlatzea, itzulpen tresnak eskaintzea familiei, ikasgelako bilerako aurkezpen idatzia elebiduna izatea… Ekintza horiek lagungarriak ziren, baina ez geunden oso konforme, eta tentsioa nabaritzen zen gaiaren inguruan. Erronka bati aurre egin behar genion: nola uztartu euskararen arnasgune batean hizkuntza mantentzeko beharra eta, aldi berean, nola sustatu hainbat jatorritako familien integrazioa eta parte-hartzea?
Erronka bati aurre egin behar genion: nola uztartu euskararen arnasgune batean hizkuntza mantentzeko beharra eta, aldi berean, nola sustatu hainbat jatorritako familien integrazioa eta parte-hartzea?
Egoerari buelta emateko eta konponbideak bilatzeko laguntza behar genuela sumatzen genuen. Ziur geunden egiteko modu egokiagoak egongo zirela eta horri buruz elkarrekin pentsatu behar genuela. Denbora hartu eta hitz egin, pentsatu, hausnartu, bakoitzaren bizipenak edo esperientziak partekatu… Eta, azkenik, Amelia Barquini idatzi genion. 2021eko otsailaren 16an bildu ginen lehenengo aldiz, arratsalde euritsu batean, eskolan jai zen egun batean, eta jendea bilerara etorrarazteko ahalegin handirik egin gabe, 18 pertsona bildu ginen eskolan: irakasleak, gurasoak, udal ordezkariak, udal teknikariak, UEMAko kideak udal ordezkarien bidez, Etxekonekok elkarteko kideak… Motz geratu zen lehen saio hura, eta balio izan zigun batez ere baieztatzeko bildutako guztiok gai honetan sakondu nahi genuela eta prozesu bati hasiera emateko prest geundela.
Lehen saio horren ondoren, beste batzuk etorri ziren. Talde eragile bat eratu zen, honako hauekin: eskolako irakasleak, gurasoak, udal ordezkariak, UEMAko kideak, Etxekonekok elkarteko kideak eta Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko (HUHEZI) Amelia Barquin eta Karmele Perez. 2021eko maiatzean egin genuen egitasmoaren aurkezpena, eta helburuak zehaztu genituen. Gipuzkoako Foru Aldundiaren finantzazioa jaso genuen.
Ikasgelako bi bilera ikasturtean. Bigarren bilera otsailean egiten da. Gurasoek eskatuta, haien arteko harremana sustatzen laguntzen du, eta eragin positiboa du familiaren eta eskolaren arteko harremanean.
Proiektu berriaren helburuak
Prozesuaren abiapuntu gisa, hiru helburu nagusi zehaztu genituen:
1. Euskaraz bizitzea: euskara ardatz duen bizitza komunitarioa sustatzea, hizkuntza hori eguneroko harremanetan erabiliz eta indartuz.
2. Komunikazioa eta giro abegikorra bermatzea: familia guztiek eskolako informazioa modu eraginkorrean ulertzeko eta eskolan parte hartzeko aukera izatea.
3. Kulturarteko harremanak sustatzea: jatorri desberdinetako familien arteko elkar ezagutza eta parte-hartzea bultzatzea, komunitate kohesionatua eta aberatsa eraikitzeko.
Egindako aldaketak eta ekimenen garapena eskolan
Helburu horiek lortzeko, azken lau urteotan hainbat ekimen eta aldaketa egin ditugu eskolan:
- Proiektuaren markoa azaltzeko bilera ikasturte hasieran. Lehen urtean, irakasleentzat eta gurasoentzat zein herritarrentzat saio bana egin ziren. Baina, bigarren urtetik aurrera, bakarra egin da. Bilera horretarako deia egiten zaie eskolako irakasle berri guztiei, eskolan berriak diren familiei, bilera horretan inoiz egon ez direnei eta interesa duten guztiei. Saio horietan, hainbat gai partekatzen dira: euskararen erabilerarekiko dugun ardura, etxeko hizkuntzen garrantzia, identitate pluralak izatea errazteko premia… |
- Ikasgelako bilerak. Aldaketa nabarmenak izan dira. Hauek dira aipagarrienak: ·Hizkuntzen trataera ikasgelako bileretan. Irakasleak euskaraz egiten du bileran, eta aldibereko itzulpena eskaintzen da gaztelaniara, Telegram aplikazioaren bidez. Gaztelania ez dakitenen kasuan, guraso horien hizkuntza dakiten laguntzaileen bidez egiten da. Gurasoek edozein zalantza baldin badute, gaztelaniaz, euskaraz edo ikasgelan daudenen artean uler daitekeen beste hizkuntzaren batean galdetu dezakete. ·Bi faseko bilerak. Bileraren helburua ez da soilik informazioa ematea, gurasoen eta eskolaren arteko harremanak eta bereziki gurasoen arteko harremanak sustatu nahi dira. Horretarako, bileraren bigarren zatian, gurasoek, talde txikitan, irakasleak proposatutako gai baten inguruan hitz egiten dute, eta ekarpenak egiten dituzte. Talde txiki horietan, hizkuntzaren kudeaketa malgua da: batzuek euskaraz egiten dute, beste batzuek gaztelaniaz edo beste hizkuntzaren baten, eta beharrezkoa denean, xuxurlariak erabiltzen dira itzulpenak egiteko. Horrek gurasoen arteko harremanak estutu ditu, eta elkar ezagutza sustatu du. ·Gurasoen presentzia sustatzeko hainbat ekintza egiten dira: seme-alaben gonbidapenak eta haiek egindako opariak jasotzea bilerara iristean, gurasoek mezu bat uztea seme-alabentzat bileraren ondoren… ·Ikasgelako bi bilera ikasturtean. Bigarren bilera otsailean egiten da. Gurasoek eskatuta, haien arteko harremana sustatzen laguntzen du, eta eragin positiboa du familiaren eta eskolaren arteko harremanean. |
- Aldibereko itzulpena Telegram bidez. Ikasgelako bileraz gain, gurasoekin edo familiekin egiten diren hitzaldi, bilera edota prestakuntza guztietan erabiltzen da aldibereko itzulpena. Telegram aplikazioaren bidez modu errazean egin daiteke, norberaren mugikorra eta aurikular batzuk erabiliz. Orain artean Telegram bidez egin da, eta, seguru asko, laster izango dira itzulpen hori egiteko tresna gehiago. |
- Guraso atzerritarren parte-hartzea talde eragilean. Hasieratik egon dira etorkin jatorriko gurasoak talde eragilean. Haien ikuspegiek eta ekarpenek besteen begirada zabaltzen eta elkar hobeto ulertzen lagundu dute. |
- Atzerritar jatorriko familiak guraso elkartean. Maila bakoitzeko guraso ordezkariek osatzen dute guraso elkartearen talde eragilea, eta euskara hutsean egin izan dira bilerak beti. Proiektu honek lagundu du jatorri atzerritarrekoak ere egotea hamarreko talde horretan. Parte-hartzea behar bezalakoa izan dadin, itzulpen sistemak jarri dira, eta harreman abegikorra sustatu da. Horretarako, HUHEZIko irakasleek hainbat saio egin dituzte guraso elkartearekin. |
- Telegram taldeak. Irakasle tutoreek zabalkunde kanal bat daukate ikasgelako familiei informazioa bidaltzeko. Euskara hutsean bidaltzen da, eta, gero, familiak bere hizkuntzan irakur dezake, Telegramek integratuta duen itzulpen sistema erabiliz. Lehen urtean, ikasgela batekin egin zen proba, eta, ondoren, talde guztietara zabaldu da. Guraso elkartearen ikasgelako taldeak ere Whatsappetik Telegramera pasatu dira, itzulpen sistema hori erabiltzeko aukera izateko. |
- Zabalkundea. Proiektuaren berri emateko eta gaiaren eragina erakusteko hainbat bide erabili dira: ·Ikastetxeko webgunea eta sare sozialak. Egindako ekintzak eta lortutako emaitzak eskolako webgunean eta sare sozialetan partekatu ditugu, komunitate osoari informazioa helarazteko eta, bidez batez, prozesuaren pauso guztiak jasotzeko. ·Zabalkundea beste hainbat modutara ere egin da. Hizkuntza erraietan dokumentala egin zen, beste ikastetxe edo herri batzuetara joan gara esperientzia kontatzera, HUHEZIko jardunaldietan parte hartu dugu, 2023-2024 ikasturteko Eskola Hiztun bila jardunaldian egon gara… Eskatu dizkiguten elkarrizketa eta jardunaldi guztietara joan gara, ikuspegi honen eta egiteko modu honen eragile garen aldetik. |
Badira zenbait ekimen proiektu hau sortu aurretik eskolan zeudenak, ikuspegi honekin oso ondo lerrokatzen direnak eta jarritako helburuak lortzen laguntzen dutenak:
- Talde interaktiboak ikasgeletan. 4 urteko ikasgelan hasi eta LH 6ra bitartean, hamabostero talde interaktiboak egiten dira, eta familia guztien parte-hartzea sustatzeko eraginkorrak dira. Etorkin jatorria duten edo euskaraz ez dakiten familiek ere naturaltasunez hartzen dute parte. |
- Batzorde mistoak. Eskolan, hainbat batzorde misto daude hainbat gai lantzen dituztenak, eta horietako bik bereziki euskara eta kulturartekotasuna lantzen dituzte. Irakasleekin, gurasoekin, ikasleekin eta herriko beste eragileekin elkarlanean, ekintza zehatzak planifikatzen eta gauzatzen dira batzorde horietan, eskolako eta herriko bizitza aberasteko. Eskolako ama hizkuntza guztiak aitortzeko eta dagokien balioa emateko jarduerak egin dira, eta arreta berezia jarri da euskara bezala gutxituak diren hizkuntzetan. |
- Haur bat heldu bat programa. Irakurketa saioak antolatu ditugu eskolaz kanpoko boluntarioekin. Horren bidez, etxean jaso ezin duten laguntza ematen zaie arratsaldeetan ikasleei, irakurtzeko gaitasuna hobetzeko eta irakurzaletasuna sustatzeko. Bikoteak osatzen dira (haur bat eta heldu bat), eta astean behin ordubete inguru pasatzen dute elkarrekin. |
- Hizkuntza errefortzua. Euskara indartzeko errefortzu saioak antolatzen ditu udalak aspalditik, ikastetxeko LHko talde guztietan jolasaren bidez euskararen ikaskuntzan eta atxikimenduan eragiteko. Azken urteetan, errefortzu laguntza hori handitu egin da, goi mailan dauden ikasle iritsi berriei banakako laguntzak emateko. |