BERTSOZALE ELKARTEAK BERRIKUNTZA METODOLOGIKOA GAUZATU DU, ETA AHOZKOTASUNA HELDULEKU HARTURIK, EUSKARAREKIN GOZARAZI DITU GAZTEAK

Zer litzateke euskara bertsolaritza gabe? Eta are gehiago, zer litzateke euskara Bertsozale Elkartea eskoletan egiten ari den lanik ez balitz? Eta eskola bera, zer litzateke 50 bertsolaritza-irakasleak Euskal Herri luze zabaleko 29.500 ikasleri bertsolaritzako eskolak ematen ariko ez balira? Asko zor diogu Bertsozale Elkarteari: asko zor dio euskarak, asko zor diogu euskal hiztunok eta eskolak. Euskara, gozamena eta gazteak errimatzen asmatu du Bertsozale Elkarteak, doinu eta neurri ugaritan, tokian toki, eremu euskaldunetan eta ez hain euskaldunetan, itunpeko sareetan eta publikoetan. Eta ez zen lan erraza, ez zenez ez. Hausnarketa etengabea, lana, borondate handia eta hobetzeko grina izan dira, ordea, gako 29.500 ikaslerengan iristeko. Berrikuntza metodologikoa izan da akuilu: ahozkotasuna izan da heldulekua. Bertsozale Elkartearen hainbat urtetako hausnarketa eta elkarrizketaren ondoren, metodologia aldatu dute bertsolaritza-irakasleek, idatzitik ahozkotasuna erdigunera ekarri dute. Benetan konplexua den ariketa hori —bat-batean esan nahi duten hori oinaren arabera moldatu, errimak bilatu, esaldiak moztu edo luzatu...— motibagarri eta suspergarri bihurtu dute. Inolako euskara planik onena da, zinez, Bertsozale Elkarteak urteotan guztiotan Euskal Herriko ikastetxeetan aurrera eraman duena. Bertsolaritza eta bertso-zaletasuna ez ezik, euskara eta euskal kulturaz gain, kritikotasuna, emozioen kudeaketa, gorputzaren presentzia, parte hartzea eta hezkidetza sustatu ditu, besteak beste, ikuspegi aurrerakoiz. Curriculumetan ardazten diren konpetentzia ugariz jantzi ditu bertsolaritza-ikasleak. Konplexutasun handiko egoerari —zazpi herrialdeetan eta testuinguru soziolinguistiko ugarietan, sare eta errealitate desberdineko ikasle askorekin...— arrakastaz erantzuten asmatu du Bertsozale Elkarteak, prestakuntza gogoetatsuan oinarrituta. Irakaslearentzat inplikazio handia eskatzen duen prestakuntza- eredua da, bai, baina, ikastetxerik ikastetxe bertso-eskolen esperientzia ikusirik, asko ematen duena ere bada, zinez. Irakasle guztiontzat eredu.

 


Burmuinak erabat osatu baino lehen, haurrekin lantzen dugun eredua hau da: forma maskulinoen eta femeninoen arteko oinarrizko ezberdintasuna, nagusitasunaren eta gutxiagotasunaren kontzeptuei atxikia.

Riane Eisler