Jone Barretabeña Barreña, Durangoko Ibaizabal ikastolako batxilergoko 2. mailako ikaslea
Gazte gehienon hizkuntza harremanak aurreko belaunaldiekin konparatuz desberdinak direla esango nuke, kultura eta gizartea garatu diren heinean harremanak ere moldatu egin direlako. Nire bizipenen arabera, euskara pertsona gutxik hitz egiten dute eta hitz egiten duten gutxi horiek ere gutxi egiten dute. Hizkuntza minorizatua, gutxik aukeratzen dutelako, eta gutxitan aukeratzen dugulako. Horrez gain, erabiltzen dugun euskara oso kutsatua dago. Hau guztia hainbat faktoreren ondorio dela esan daiteke; esaterako, musikaren mundua, gaur egun gehienbat gazteleraz edo ingelesez kontsumitzen dugulako musika. Gainera, ez da soilik hizkuntza bera kutsatzen, euskal kultura ere baztertzen da, beste kultura batzuei garrantzi gehiago emanez.
Beste faktore nabarmen bat sare sozialak dira, gure egunerokotasuna erdarazko edukiekin ikusten dugu, eta euskaraz gertatzen dena ere, erdaraz gertatzen dela ematen du. Ondorioz, berriz ere gure hizkuntza baztertu eta kutsatu dugu, beste hizkuntzetako esamoldeak edo espresioak gure hizkuntzara ekarriz. Horrek zuzenean eragiten dio hizkuntzari, erabilera jaitsi egiten delako erabat. Euskaraz bizitzeko erabakia hartu dugunok ere, erdarei gero eta espazio handiagoak ematen dizkiegu.
Aipatu berri dudan moduan, euskaraz hitz egiteko ohitura erabat jaisten doa eta adibide argi eta garbi bat ikastetxeetan ikusten da, non gazteek haien artean hitz egiteko orduan erdaraz hitz egiten duten, gizarte euskaldunaren etorkizuna erabat baldintzatuz. Horrekin esan nahi dudana da, iraganean hitz egiten ziren euskalki edo hizkera ugari desagerrarazi egingo ditugula. Adibide argi bat hika da: nire gurasoen belaunaldian hitz egiten da oraindik, gutxi bada ere, eta belaunaldiz belaunaldi hizkera hori hitz egiten dutenak geroz eta gutxiago dira. Hika desagertzearekin batera berorren kultura eta esamoldeak, tonuak eta doinuak ere desagertu egingo dira.
Duela urte batzuk erronkera izeneko euskalkia desagertu zen, eta nahiz eta saiakera ugari egin diren hura berpizteko eta berpizteko, ez da lortu. Horrela jarraitzen badugu, gaur egun dauden euskalkien edo herri hizkeren etorkizuna ilun ikusten dut.
Hau guztia esanda, garrantzitsua da argi uztea pertsona bakoitzak bere hautua duela, erabakiak hartzeko askatasuna eta eskubidea, hau da, bakoitzak bere aukera du euskara sustatzeko, euskarazko musika kontsumituz, egunerokoan euskaraz hitz eginez eta abar. Nire kasuan, adibidez, kuadrilakoekin euskaraz hitz egiten dut, denok hartutako erabakia izan da, egunero hartzen dugun erabakia da. Euskaraz mintzatzea. Euskaraz bizitzea. Bizitzako espazio asko erdaratzen ari zaizkigun honetan, euskararen “erresistentzia” izatea erabakitzen dugu.