Nola bihurtu dezakegu euskara erakargarri haurrentzat eta gazteentzat?

 

Nola bihurtu dezakegu euskara erakargarri haurrentzat eta gazteentzat? Nola lor dezakegu gaztetxoek euskarazko erreferentziak bilatzea? Identifikazioa izan liteke horretarako giltza.

 

Derrigorrezko Hezkuntza amaituta euskara galtzen dute ikasle askok. Inguru euskaldunean pentsaezina dirudien baieztapen hori, oso ohikoa da testuinguru erdaldunetan. Egoera kezkagarria da eta dugun erronka, berriz, itzela.

Nola bihur dezakegu euskara erakargarri haurrentzat eta gazteentzat? Nola lor dezakegu gaztetxoek euskarazko erreferentziak bilatzea? Identifikazioa izan liteke horretarako giltza; euskararekiko gertutasuna eta identifikazioa sentitzea. Geure hizkuntza, geure nortasunaren zeinu dela sentitzea, azken batean.

Euskaraz hitz egin dezaten etengabe eskatzeak ez du balio, hori helduon inposaketa gisa bizi baitute haietako askok. Beraz, haiek erakartzea da gelditzen zaigun aukera eta EquiLing ikerketak erakutsi duenez, hainbat modutara egin dezakegu: euskara euskal nortasunarekin identifikatuz, familiarekin eta gertukoenekin lotuz eta konplexuak gaindituz, adibidez.

Ikasleak erakartzeaz gain, irakasleek eta hezitzaileek konpromisoa hartzea behar-beharrezkoa da. Besteak beste, ideia hori mahaigaineratu zuten Eusko Ikaskuntzak eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak antolatuta azaroaren 8an Gasteizen egin zuten foro parte-hartzailean.

Konpromiso horri heltzeko aukera izango dugu euskaltzaleok Euskalgintzaren Kontseiluak luzatu digun hitzorduan parte hartuz. Abenduaren 27an ekitaldia antolatu du Bilbao Arenan “Euskaraz bizitzeko Pizkundea” lelopean. Larrialdi linguistikotik indarraldira pasatzea da helburua.

Indarrak biltzeko unea da. Euskara bizirik nahi baldin badugu, batera ekin beharko diogu argia itzali ez dadin.