EAEko Hezkuntza Lege Proiektuari ekarpenak egin dizkiete maiatzaren 23az geroztik hainbat eragilek. Ekainaren 12an Sormenean Hezi Kulturan Bizi kultur transmisioko lantaldeak egin bere ekarpenak zituen. Besteak beste, egoera diglosikoa aintzat hartzea, kultura eskubideak bermatzea euskal kulturaren gaineko ikuspegi anbiguoak saihestea eskatu zuten.

Sormenean Hezi Kulturan Bizi kultur transmisioko lantaldeak Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordearen aurrean ekarpenak egin zituen ekainaren 12an. Ahotseneako Gotzon Barandiaranek eta Lanarteako Amagoia Gurrutxagak egin zuten hitzartzea, kultur eragile askoren izenean. Jada iazko abenduan adierazi zuten Hezkuntza Lege aurreproiektuarekiko kezka, eta orain, “lege horren behin betiko abiapuntua ezagututa” kezka ez dela “inolaz ere gutxitu” adierazi zuten. Bereziki Arabarako, Bizkaiarako eta Gipuzkoarako Hezkuntza Lege- proiektuaren zirriborroaren hainbat alderdik kezka handia eragin diete:

  • “Hezkuntza Legearen zirriborroak ez du kokatzen kultur hezkuntza edota hezkuntza artistikoa funtsezko adartzat eta jakingaitzat”.

  • “Hezkuntza Legearen zirriborroan, testuinguru eta kokapen orokorra egiten denean, ez dago euskararen eta bere kulturaren egoera diglosikoaren inguruko aipurik”.

  • “Helburuetan ez dago euskal kulturari espresuki uztartzen zaionik”.

  • “Ez dago euskal kulturaren transmisioa eta ezagutza bermatzeko erakunde, organo edo funtzio iraunkorrik”.

Euren ikuspuntu kritikoa azaltzeko hainbat arrazoi eman zituzten Ahotseneako eta Lanarteako kideek. Eusko Legebiltzarrean eztabaidatuko den Hezkuntza Legeak “egoera diglosikoa ezkutatzen duela”, irizten diote. Barandiaranek adierazi zuenez, “orain arteko Euskal Hezkuntza Sistemaren lorpenen irakurketa egitean, euskalduntzeari dagokionez, errealitatetik oso urrun dagoen argazki bat” erakusten du lege proiektuak: “Azken ikerketa zientifikoek erakusten dute euskaldunok diglosia betean bizi garela, eta hezkuntzak gabezia handiak dituela ikasketa prozesuaren amaieran euskaldun hiztun osoak eta aktiboak izateko. Are gehiago, argazki desitxuratu hori erabiltzen du abiapuntu gisa lege proiektu honek. Ondorioz, onartzen ez duen egoera diglosikoa gainditzeko neurririk ez du proposatzen. Diglosia egon, baina, badago. Lege honen helburuetako bat elebitasun orekatua lortzea bada, abiapuntua gaur egungo egoera diglosikoak izan behar du, eta legean bertan jaso beharko lirateke trantsizio-garai horretarako tresnak, baliabideak, urratsak eta ebaluazio-mekanismoak”.

Euskal kulturaren gaineko ikuspegi anbiguoa saihestea

Kultur eragile ugarik babestuta eraman zuten testuak euskarak eta kulturak zeharkaturiko lege bat aldarrikatzen du: “Kultur hezkuntzarik gabe eta euskal kulturan trebatu gabe, hizkuntz garapenik ez dago. Kulturarik gabe, pertsonaren garapen osorik ez dago. Kultura zientifikoaz eta teknologikoaz sarri hitz egiten da testuan, eta kultur sormenari saiheska begiratzen zaio, ez da hezkuntza prozesuaren erdigunean kokatzen, eta kultur hezkuntza funtsezko jarduna da herritarren eta komunitatearen garapenerako”.

Euskararen kulturgintzaren transmisioak Hezkuntza Legeak dituen bikaintasun helburuak kontuan izanik, kulturak ekarpen handiak egin ditzakeela nabarmendu zuen Gurrutxagak, baina pentsamendu kritikoa, kalitatezko hezkuntza, edo pertsonaren garapen integrala lortzeko, Hezkuntza Legeak “kualifikazio handiko hezitzaileak formatzeko plan bat” iragarri beharko lukeela uste dute: “Plan bat diseinatu behar da irakasleak hizkuntza, kultura eta metodologiaren alorrean gaitzeko, irakasle guztiak euskal kulturaren eragile bihurtzeko”.

Hizkuntza- eta kultura-eskubidea aitortzeko eskatzen diote legeari, elkarbizitzaren mesedetan, izan ere, kultur transmisioko lantaldearen iritziz, euskarazko murgiltze eredua elkarbizitzarako eta kohesiorako tresna ezinbestekoa da: “Elkarbizitza eta kohesio sozialari hainbatetan egiten zaio erreferentzia testuan zehar, baina horiek aipatzean sekula ez zaio erreferentzia egiten hizkuntza- eta kultura-eskubideen urraketari. Ez dago ez gizarte kohesiorik, ez elkarbizitzarik, ez inklusiorik, ez berdintasunik, ez demokraziarik lortzerik euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatzen ez badira. Lege honek euskara hizkuntza gutxitua dela onartzen badu, oinarrizko printzipio horrek lege osoa zeharkatu behar du”.

Euskal kulturaren inguruko ikuspegi anbiguoa ikusten diote legeari, eta lausotasun hori saihesteko beharra aldarrikatu zuten Lanarteako eta Ahotseneako ordezkariek: “Lege proiektuak euskara hizkuntza gutxitua dela onartzen du, eta, aldi berean, euskal kulturak bi hizkuntza ofizial dituela. Zalantzazko baieztapena da hori. Euskal kulturak euskara du hizkuntza bakar. Kulturartekotasuna sarritan aipatzen da, gurean dauden kulturak maila eta egoera berean baleude bezala, baina ez da hala. Premisa oker horrek zaurgarrien dagoen kulturari egiten dio kalte, nagusi denari mesede ”.

Azkenik, kultur transmisioko lantaldearen iritziz, lege proiektuak aukera eman behar die ikasleei “euskarazko kulturgintzako eragile izateko modu profesionalean, hala nahi badute, sortzaile gisa kultur adierazpide guztietan zein kulturgintzako gainerako lanetan, ez soilik goi mailako ikasketetan, ez bada ikasketa prozesu osoan zehar”.

600 sinaduratik gora 

Ahotseneako eta Lanarteako ordezkariek Hezkuntza Legearen aurreproiektuaren inguruan partekatu zuten irakurketa kritikoak 600dik gora kulturgileren, irakasleren eta herritarren babesa dauka, eta kultur transmisioko lantaldea dozenatik gora kultur eta hezkuntza taldek osatzen dute, hala nola, Ahotseneak, Aiaraldea Ekintzen Faktoriak, Bertsozale Elkarteak, Dantzanek, Elkar Fundazioak, Euskal Editoreen Elkarteak (EE), Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak (EHAZE), Euskal Idazleen Elkarteak (EIE), Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak (EIZIE), Euskal Herriko Trikitixa elkarteak, Euskal Wikilarien Kultur Elkarteak (EWKE), Euskaltzaleen Topaguneak, EuskalPENek, Galtzagorri Elkarteak, Hik Hasik, Ibaiak, Jakinek, Lanarteak, Musikarik, Musika Bulegoak eta Xabiroik.