IRALE programaren etorkizuna zalantzan da.

 

IRALE programaren etorkizuna zalantzan da eta oraindik zehazteke dago datorren ikasturtetik aurrera hartuko duen bidea. Egoeraren gaineko kezka agertu dute IRALEko irakasleek eta ahaleginak eta baliabideak gehitu beharra dagoela aldarrikatu dute.


 

2025-2026 ikasturtean, Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutuak (EUSHI) hartu ditu, EAEn, orain arte Hezkuntza Saileko Euskara Zerbitzuak betetzen zituen zereginak; hemendik aurrera, hura arduratuko da hizkuntza-metodologiak lantzeko eta irakasleak prestatzeko eginkizunaz.

Ikasleen euskara-gaitasunaren eta erabileraren argazki larriari erantzuteko asmoz, EUSHIk ikasleengan eta ikastetxeetan jarri du fokua. Hala, besteak beste, Hizkuntza kudeatzaileen figura ezarriko du ikastetxeetan, Hizkuntza Proiektuak jarriko ditu ardatz, EUSLE programa indartu egingo du ikasle etorri berriei harrera egiteko, familiei begirako lanketak egingo ditu, metodologia-ikerketak bultzatuko ditu… Horien denen beharrean gaude.

Horretarako, ordea, Hezkuntza Sailak giza baliabideak zein baliabide ekonomikoak berrantolatu egingo ditu, eta desagertu egingo dira IRALE programaren ikastaro trinkoak, alegia, hezkuntza-sistemako irakasleentzako eta hezitzaileentzako irakastordu barneko goi-mailako ikastaroak: euskarazko komunikazio-konpetentzia sendotzekoa (R300), euskarazko ikasmaterialak sortzen trebatzekoa (R400), curriculumaren euskal dimentsioa irakasarloetan eta ikastetxean lantzekoa (R600) eta euskarazko ahozko komunikazioa irakasjardunean lantzen trebatzekoa (R900).

Zer eragin izango du galera horrek? Azter dezagun.

 

Testuinguru orokorra

Euskararen biziraupena arriskuan dago. Iñaki Iurrebasok eta Garikoitz Goikoetxeak Esnatu ala hil (Elkar, 2025) liburuan adierazten dutenez, “Euskara ez dago osasuntsu. Minorizazio-egoera gordina erakusten dute adierazle-demolinguistiko nagusiek: erabilerak, gaitasunak, lurralde-nagusitasunak, transmisioak eta hizkuntza-bilakaerak, adibidez”. Euskararen egoera soziolinguistikoak ondorio linguistiko larriak ere baditu. Hizkuntza-ordezkapena ez da gizarte-funtzioetan soilik gertatzen, hizkuntzaren barnean ere gertatzen da. Bernardo Atxagaren formulazio bat erabilita, hitz egiten den euskara gero eta “meheagoa” da: hizkuntza higatzen ari da hiztunen mihietan.

Eskola gizartearen ispilua da, eta eskolan entzun dezakegu beste inon baino ozenago aipatutako errealitate soziolinguistikoaren eta linguistikoaren abarrotsa… baita euskara indarberritzearen aldeko borrokaren ahots zolia ere.

Hezkuntza-sistemaren euskalduntzea izan da, zalantzarik gabe, euskarak azken hamarkadetan izan duen berririk onena. Gizarte osoan ez dago beste esparrurik hezkuntzasistemak egin duen ahalegina egin duenik euskara biziberritzeko eta indartzeko. Baina guraso, ikasle, irakasle eta erakundeek egindako ahaleginak eta eskuratutako lorpenak gorabehera: “gaur egun euskal hezkuntzak ez du lortzen, oro har eta sistematikoki, XXI. mendean hiztun osoak izango diren euskaldunak sortzea” (Jon Sarasua: Euskararen gogoetagunea I, Euskaltzaindia, 2024)1.

 


Ikasleek hizkuntza-oinarri sendo bat behar dute, ezagutza, ideiak, nortasuna, harremanak… hizkuntzaren bitartez eta hizkuntzarekin batera eraikitzen baitira, ezinbestean


 

Hezkuntza eta hizkuntza

Euskal Eskola Publikoa eraldatzeko 2025eko Plan Estrategikoak hau dio: “Hizkuntza da hezkuntzaren kalitatea bermatzeko oinarria. (...) Hizkuntzak beharrezko tresnak eta baliabideak eskaintzen ditu errealitatea ulertzeko, pentsamendua eta emozioak adierazteko, arrazoitzeko, ezagutza transmititzeko, mundua ikusi eta ulertzeko, eta gainerakoekin erlazionatzea ahalbidetuko duten gizarte- eta komunikazio-trebetasunak garatzeko. (...) Euskal Eskola Publikoaren esparruan, euskara eta euskal kultura identitate, adierazpen eta bizikidetzarako tresnak ere badira”.

Neus Sanmartík, berriz, ikuspegi akademiko hutsetik begiratuta, hau dio: “Ezagutza-arlo bakoitzaren berezko konpetentziak ikasi ahal izateko, ezinbestekoa da (arlo bakoitzean) ikasleen gaitasun komunikatiboaren garapena bultzatzea”.

Alegia, hizkuntza beti dago hezkuntza-prozesuen erdigunean. Eta ikasleek hizkuntza-oinarri sendo bat behar dute, ezagutza, ideiak, nortasuna, harremanak… hizkuntzaren bitartez eta hizkuntzarekin batera eraikitzen baitira, ezinbestean. Horregatik da irakasle guztien zeregin nagusia ikasleei hizkuntzaz jabetzen laguntzea.    

 

 
Irakasleen prestakuntza: premia eta garrantzia

Hezkuntza Sailaren Hezkuntza Sistema Hobetzeko Plana dokumentuak (2016) lehenengo ildo estrategikotzat jotzen zuen hezkuntza-komunitatearen prestakuntza, eta hau nabarmentzen zuen: “Emaitzarik onenak dituzten hezkuntza-sistemen ezaugarrietako bat da bertako irakasleek prestakuntza sendoa, bokazio handia eta motibazio handia dituztela eta beren ikasleen aurrerapenarekin konprometituta daudela”.

Argi dago: irakasleak dira ikasleen eta hezkuntza-sistemaren lorpenen eragile nagusiak. Horregatik, funtsezkoa da irakasleen etengabeko formakuntza. Baina zertan formatu behar dute irakasleek?

Gure hezkuntza-sistemaren kasuan, hizkuntza-prestakuntzak izan behar du lehentasun osoa. Eta prestakuntza horrek irakasle-profil hau izan behar du jomuga:

- hizkuntza-adierazkortasun aberatsa, ahoz eta idatziz

- euskararekiko atxikimendua, ezagutza soziolinguistikoa eta arrazoibideak

- euskarazko kulturaren ezagutza eta ikasleei transmititzeko gaitasuna

- eragile-rolaren kontzientzia

- euskararen didaktikarako tresnak

Zergatik? Ikasleak euskal hiztun oso bilakatzeko, irakasleek hizkuntza-eredu eta hizkuntza-eragile izan behar dutelako, ezinbestean.

Hezkuntza-sistemako irakasleen artean askotariko profilak daude, baina. Rosa Ramosek Hezkuntzako profesionalen gaitasunak euskararen biziberritze prozesuan (2022) ikerketan azaltzen duenez, gero eta gehiago dira ezaugarri hauek dituzten irakaslegaiak eta, ondorioz, irakasleak: gabeziak dituzte hizkuntza-gaitasunean, berariaz ahozkotasunean eta erregistro ez formaletan, praktika diglosiko naturalizatuak dituzte (formalak euskaraz, informalak erdaraz), euskal kulturaren erreferentzia urriak dituzte... Horrek era honetako ondorioak izan ditzake ikastetxeetan: Irakasleen gabezia linguistikoak γ Praktika diglosikoak eskoletan γ Belaunaldi berrien gaitasun higatuak γ Euskararekiko desafekzioa γ Gabezia linguistikoak γ Praktika diglosikoak γ

Dena den, Ramosek berak dioenez: “Euskararekin dugun arazoa soziala eta estrukturala da, ez norbanakoena. Horregatik, norabidearen aldaketa ezin zaie irakasleei modu pertsonalean eskatu”. Administrazioei dagokie egiturazko arazoei erantzun sistematikoa ematea eta bideak jartzea hezkuntza-sistemako irakasle guztiak ahalduntzeko.

Eta irakasleei aipatutako oinarrizko gabeziak gainditzen laguntzeko eta haiek hizkuntza-irakaslearen funtzioan ahalduntzeko, ez du edozein formaziok balio, prestakuntza trinkoak behar dira. Denbora, babesgunea, presentzia, bizipenak, taldea… ezinbestekoak dira hizkuntzan trebatzeko, harekin berradiskidetzeko, motibazio sakonetan eta ohituretan eragiteko edo kultur transmisioan eta eragiletzan janzteko, zeren barne eraldaketa sakona behar baitute irakasle askok, eta, noski, askotariko baliabidez hornitzea.

 


Irakasleei aipatutako oinarrizko gabeziak gainditzen laguntzeko eta haiek hizkuntza-irakaslearen funtzioan ahalduntzeko, ez du edozein formaziok balio, prestakuntza trinkoak behar dira


 
Irakasleen hizkuntza-prestakuntzaren bilakaera, EAEn

1976-77 ikasturtean, hezkuntza-sistemako irakasleen % 5ek soilik zeukan bere burua euskalduntzat; gaur egun, irakasleen ia

% 90ek egiaztatu du C1 maila. 1981-82 ikasturtean ekin zion Sailak IRALE programaren bitartez irakasleak euskalduntzeko eta alfabetatzeko lanari, eta programaren ekarpena funtsezkoa izan da bilakaera horretan.

Alfabetatze azkar eta zabal horrek izan zuen bere ifrentzua. Garai hartako Euskara Zerbitzuburuak, Mikel Zalbidek, era honetan azaldu zuen R300: gogoeta-txostena dokumentuan: “…nahiz eta irakasle horietariko askok urteak eraman klaseak euskaraz ematen, hizkuntza-gaitasuna hobetu, sendotu eta sakontzeko behar nabarmena antzematen zuten. Beren gaitasun-mugez aparte bazeuden bestelako elementuak, goi-mailako prestakuntza eskatzen zietenak: inguru erdalduna, euskararen eskolako erabilera ia huts-hutsik ikasgelara mugaturik izatea, ikastetxeko ikasle askoren eta hainbat irakasle-kideren euskara-maila hala-holakoa... Eguneroko jardunean arazoak zituzten irakasle horiek, bestalde, nork bere euskara-maila eguneratzeko”.

R ikastaroak 1999-2000 ikasturtean jarri ziren martxan C1 eskuratuta zeukaten irakasle horien prestakuntza osatzeko: lehenik, irakasleen komunikazio-gaitasuna hobetzekoa, eta, ondoren, bestelako premia batzuk identifikatu ahala, gainerako modalitateak. Hasiera-hasieratik, eskabide handia izan zuten eta, urteak joan urteak etorri, milaka irakaslek jaso dute prestakuntza hori, eta balorazio oso-oso onak izan ditu beti.

Hezkuntzako profesionalen gaitasunak euskararen biziberritze prozesuan (Rosa Ramos).
 
Hemendik aurrera, zer?

EUSHIk hartutako erabakiei eta orain arte iragarritako egitasmoei erreparatuta, lanaldiaren ondorengo formazio-saioak eta, agian, online formakuntza besterik ez da izango irakasleen prestakuntzarako. Aski ote dira horiek irakasleen hizkuntza-formakuntzako premia larriei erantzun egokia emateko, curriculum-hizkuntza nagusia minorizazio gorrian dagoen gizarte honetan? Gure ustez, ez.

Irakasleek formazio eraldatzailea eta eraginkorra behar dute, oinarrizkoa eta trinkoa: ezagutzazkoa eta bizipenezkoa, atxikimenduzkoa, irakasleei dagozkien hizkuntzazko funtzio eta rol guztiak bere egitea ahalbidetuko diena… Eta formakuntza hori modu sistemikoan eta sistematizatuan eskaini behar lieke Hezkuntza Sailak, sare publikoan zein ikastetxe kontzertatuetan, horrelako ikastaroak egiteko dagozkien liberazioak eskainita.

Datozen ikasturteak gako izango dira euskarak aurrera edo atzera egin dezan, eta ikastetxeak giltzarri dira belaunaldi berrien euskalduntzean aurrerapausoak emateko. Ikasleengan eta familiengan eragin nahi dugu, baina horretarako ezinbestekoa da irakasleak euskaran ahaldunduta egotea. Horregatik, ikastetxeetan inplementatuko diren neurri guztiekin batera, ezinbestekotzat jotzen dugu irakasleentzako formakuntza trinkoari eustea. Alde askotatik eragiteko premia dago, eta ezin ditugu baliabideak alde batetik kendu eta beste zeregin batzuetara bideratu. Aitzitik, baliabideak eta ahaleginak gehitu beharra dago.

Hala egin ezik, galtzaile aterako da euskara.

 

1 Hiztun osoa izatea da bizitzako funtzio guztietan, formaletan eta informaletan, euskaraz jarduteko gaitasuna eta motibazioa izatea.

 

 

(IRALEko hainbat irakasleren izenean)