Nola hezi? Haur baten jaiotza edo haur bat izateko nahia sortzen denean gauza asko erabaki behar izaten dira. Heztea gauzen kontzientzia hartzea da. Oinherriko Maite Azpiazuk hala dio elkarrizketa nagusian: “Berez herri guztiak dira hezitzaileak. Kontua da hori modu kontzientean edo modu inkontzientean egiten dugun. Modu inkontzientean egiten badugu, oro har, jendartean hegemonikoak diren balioak sustatuko ditugu”. Oinherri herri hezitzaileen sareari buruz ari da, baina oro har heziketara eta gurasotasunera eraman ditzakegu: “Kontzientzia hartzen dugunean, zer baliotan hezi nahi dugun hausnartzen dugu”.
Zer baliotan eta zer hizkuntzatan. Gure kasuan, zer hizkuntzatan hezi eta zer hizkuntzatan bizi, hautu bat da. Balioei loturiko hautu bat, ezinbestean. Balio hegemonikoek azkar garamatzate handinahitasunera, kontsumitu, erauzi, xahutu, presa, arinkeriara. Eta hori ez dator bat haurtzaroak eskatzen duen denborarekin. Heziketak eskatzen duen patxadarekin. ”Haurtzaroa da txikitasunaren neurri politikoa”, dio Azpiazuk elkarrizketa nagusian. “Jendarte honetako izakirik txikiena eta zaurgarriena da haurra eta haurtzaroak eman diezaguke txikitasunaren neurri politikoa. Jendarteko pertsonatxo txikienari hitza emateko ariketa egiten dugunean, orain arte periferian edo bazterrean kokaturik egon diren kolektibo horiei guztiei hitza emateko ariketa egiten dugu”. Ber gauza euskararekin. “Euskara da txikitasunaren neurri politikoa”. Bizitza ez bizitzera garamatzan abiadura honen aurrean kontrapisua da euskara.
Kale inkestek eta ikerketa soziolinguistikoek argi erakusten dute. Haurtzaroarena da euskararen denbora eta espazioa. Hala berretsi digu Gai nagusian Paula Kasares soziolinguistak. Eta haurrak haur izateari uzten dionean, beraz, euskararen koordenadak atzean uzten ditu. Helduon —zer esanik ez gurasoon eta hezitzaileon— esku dago euskara eskolako hizkuntza araututik harago bizimodu bihurtzeko hautua. Kontzientea behar duen hautua.