Eder Etxebarria Rojo Baionako Bernat Etxepare Lizeoko irakaslearen iritzi artikulua.
Abenduaren 27an, Pizkundea ekitaldiaren baitan, euskaltzaleon gida argitaratu zen eta bertan euskararen aldeko erabakiak, ekimenak eta jarrerak modu aktiboan bultzatzeko deia luzatu zitzaigun. Hizkuntzaren biziberritzea eguneroko praktiketara eramateko beharra azpimarratu zen, eta bereziki eremu digitalean, gaur egun gazteen presentzia handiena biltzen duen esparruan. Gazteria sareetan aktiboen dagoen taldea izanik, ezinbestekoa da euskarak haien ohituretan eta erabileretan presentzia handiagoa izatea.
Hala ere, euskararen aldeko apustua egin nahi badugu, ezinbestekoa da gaur egungo sare sozialen ekosistemari begirada kritikoa ematea. Plataforma nagusiak pribatiboak dira, atzerrian sortuak eta publizitatean oinarritutako algoritmo ilunek gidatzen dituzte. Horren aurrean, galdera saihestezina da: zer leku du euskarak halako egituretan? Euskara eta Digitalitatea: hamar begirada eginikoari eta egitekoari lanean ohartarazten den moduan, “hizkuntzarik handienak are handiago bihurtzen dira digitalitatean, eta txikienak txikiago”. Hortaz, egungo inertziek hizkuntza gutxituen bazterketa areagotu dezakete.
Testuinguru horretan, hezkuntzan dihardugunok gure aletxoa jar dezakegu. Fedibertsoak aukera ematen digu ez soilik sare sozialak erabiltzeko, baizik eta gure sare propioak eraikitzeko. Ikasleekin batera arauak, moderazioa, hizkuntza-irizpideak eta baloreak adostuz, joko-zelaia birdefinitu dezakegu. Algoritmorik gabeko espazio seguru horietan, gazteek komunitate digital arduratsuak eraikitzen ikas dezakete, euskararentzat arnasguneak sortuz.
Horren adibide da Ikasle Kooperatibak proiektuaren baitan Etxepare lizeoko ikasleentzat eta irakasleentzat sortutako Mastodon instantzia. Hezkuntzatik abiatutako esperientzia horrek erakusten du bestelako eredu digital bat posible dela. Hain zuzen ere, digitala euskaraz izan dadin, eredu digital berriak eraiki beharko ditugu, euskaratik eta euskaraz, gure ikasleak kontsumitzaile soilak izatetik sortzaileak eta eragileak ere izatera eramango dituztenak.