Ikasle etorri berriak hartzeko programa da Eusle. Euskaraz murgiltzeko eredua da, baina baita harrera programa bat ere. Izan ere, euskara ikasteko laguntzaz gain, bestelako laguntza eta babesa ere behar izaten dute iritsi berri diren ikasle horiek. Bilboko Zorrotza auzoko Zazpi Landa eskolako esperientzia zoragarria izaten ari dela diote arduradunek.

Marienci Villate Eusle programako tutorea da Bilboko Zorrotza auzoko Zazpi Landa ikastetxean. Iaz jarri zuten abian Eusle programa Zazpi Landan, eta esperientzia zoragarria izaten ari dela dio Villatek. Sei ikaslerekin hasi zuten 2022-23 ikasturtea eta orain bederatzi dira Euslen parte hartzen ari direnak. Ikasleek euskaraz komunikatzeko gaitasuna lortu dezatela da Eusleren helburu nagusia, baina beste hainbat alderdi ere kontuan hartzen dituzte: “Ezin dugu ahaztu umearen eta taldearen ongizate emozionala kontuan izan behar dugula, eta alderdi hori asko lantzen dugu. Taldea kohesionatua dago; ikasleek elkarri laguntzen diote; lanerako prest daude beti; norbaitek zerbait txarto esaten badu ez dute barre egiten, gauzak ongi esatean, berriz, txalotu; egiten dute… Zoragarria da euskaraz esaldi sinpleak esateko gai direnean umeen aurpegietan poza ikustea. Nolako argia haien begietan!”.

Zazpi Landan, LH 4., 5. eta 6. mailakoak batera egoten dira Eusle gelan eta denak familia baten modukoak direla dio Villatek: “Haien arteko harremana asko sendotzen da”. Ikasleen artean atxikimendu berezia sortzen da eta euskara ikasten doazen heinean, ahaldundu egiten dira. Euskaraz aritzeko ohitura ere hartzen dute: “Normalean, Eusle gelako ikasleak haien erreferentzia geletara joaten direnean, tutoreari edo beste irakasleei zalantzak euskaraz galdetzen dizkiete. Gainerako ikasleei askotan kosta egiten zaie irakasleari euskaraz zuzentzea, baina Eusle gelako ikasleek euskaraz egiten diete tutoreei”.

Lan eta inplikazio handia

Emaitza onak lortzen dituzte Eusle gelan, baina irakasleak lan handia egin behar izaten du horretarako: programazioa, materialaren kudeaketa, koordinazioa, astero tutoreekin bilerak… Eta Eusle irakaslea erreferentzia geletan ere sartzen da. Horrez gain, arlo ugariri buruzko formazioa jasotzen dute Eusle irakasleek. Hilero izaten dituzte prestakuntzarako saioak. Aurten, adibidez, alfabetatu gabe edo beste hizkuntza batean alfabetatuta iristen diren ikasleei laguntzeko prestakuntza jaso dute. Kulturartekotasuna edota migrazioak dakarren dolua dira, beste batzuen artean, maiz lantzen diren gaiak.

Hilero jasotzen dute formazioa. Batzuetan Arabakoak, Bizkaikoak eta Gipuzkoakoak elkartu egiten dira eta prestakuntza saioa denek batera egiten dute, eta beste batzuetan herrialdeka biltzen dira. Formazio saioetako bilera bakoitza eskola batean egiten dute eta bertako Eusle irakasleak espazio “Zoragarria da euskaraz esaldi sinpleak esateko gai direnean umeen aurpegietan poza ikustea. Nolako argia haien begietan!” Marienci Villate, Eusle gelako irakaslea fisikoa nolakoa den, zer-nolako baliabideak dituen… azaltzen die beste ikastetxeetako kideei. Formazioa jasotzeaz gain, beraz, esperientzia trukaketa ere egiten dute saio horietan.

Eusle programan egoteak lan handia dakarkio eskolari, ahalegin handia, eta irakasleen inplikazioa eskatzen du. Zazpi Landan tutoreak elkarlanerako prest egoten dira beti, Villatek esan duenez. Elkarlan horretan oinarritzen da hain hadi batean, Eusle egitasmoaren arrakasta.

Eskolako ordutegiak egokitzea ere eskatzen du Eusle egitasmoak. Izan ere, ikasle horiek gutxienez 10 ordu pasatzen dituzte astero Eusle gelan, baina 13 ordu ere izan litezke hainbat kasutan. Goizean goiz eskolara iritsi, Eusle gelara sartu eta ikasleak bertan egoten dira jolasgaraia iritsi bitartean.

Zoragarria da euskaraz esaldi sinpleak esateko gai direnean umeen aurpegietan poza ikustea. Nolako argia haien begietan!

Marienci Villate, Eusle gelako irakaslea

Hizkuntza ez ezagutzea komunikatzeko oztopo izan da hainbatetan. Nahiko ongi moldatzen gara, hala ere, ikasle etorri berriaren hizkuntza dakiten ikasleen laguntza izaten baitugu

Marienci Villate, Eusle gelako irakaslea

Eusle gelako eta erreferentzia gelako lana uztartuz 

Gainerako denbora gela arruntean pasatzen dute ikasleek. Hori dela eta, oso garrantzitsua da Eusle gelako eta erreferentzia gelako jarduna uztartzea. Eta, horretarako, Eusle irakasleak eta gela bakoitzeko tutoreek egiten dituzten bilerez gain, ikasle enbaxadoreak izendatzen dituzte etorri berriei laguntzeko: “Erreferentzia gelan enbaxadore funtzioa betetzen duen ikaskidea izaten dute ikasle etorri berriek. Hasieran elkarrekin egoten dira etorri berria bakarrik egon ez dadin, eta enbaxadoreak behar duen horretan laguntzen dio. Gelan aukeratzen dute enbaxadorea baina, jakina, etorri berriaren hizkuntza menderatzen duen norbait izatea komeni da”, dio Villatek.

Oso garrantzitsua da Eusle gelara joaten diren ikasleei euren erreferentzia geletan ere laguntza eskaintzea. Villate: “Euskarri bisuala behar dute beti, eta esaldi sinpleak erabiltzea. Euren euskara maila kontuan hartuta, ikasle horiei gutxienekoa eskatzen diete”. Erreferentzia gelako tutoreak oso kontzientziatuta daude Zazpi Landan, eta badakite zer-nolako metodologia erabili behar duten. Ikasleek ez dute euskara menderatzen, baina, normalean, edukiak menderatzen dituzte eta, kasu askotan, hizkuntza bat baino gehiago ezagutzen dituzte. Familia hizkuntza indartsua izatea garrantzitsua da, horren gainean eraikiko baitituzte gainerako hizkuntzak, eta hizkuntzen arteko maileguak egitea ere oso lagungarria izaten da, transferentzia ugari egiten dituzte hizkuntza batetik bestera. Villatek jarri du adibidea: “Badira bi ahizpa iritsi zirenean amazig hizkuntza soilik zekitenak eta orain euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez hitz egiten dute”.

Eusle egitasmoan parte hartzeko baldintzak

  • Ikasleek LHko 4., 5. eta 6. mailetan eta DBHko 1. eta 2. mailetan har dezakete parte Eusle egitasmoan. Euskal Herrira iritsi eta bi urteko epea dute Euslen parte hartzen hasteko, eta baldintzak betetzen dituzten ikasle guztiek lekua ziurtatua izaten dute. Bi urteko programa da eta hainbat kasutan, hirugarren ikasturtean ere abendura bitartean izaten dira ikasleak Eusle gelan.

  • Eskolan Eusle programa abian jartzeko ikasle kopuru jakin bat egon behar da eta ondoren klaustroak onartu behar du, gela horretan aritzeko irakasle bat bideratu eta aukeratu behar baita. Bete beharreko baldintza da irakasle horrek plaza finkoa izatea, taldeak egonkortasuna izan dezan.

  • Eusle gelak 6-12 ikasle arteko ratioa du, berez, eta 13ra iritsiz gero, bi talde osatzeko aukera dago, baina batzuetan zaila izaten da gela bikoiztea, zeregin horretan beste irakasle bat jarri behar delako.

  • Datorren ikasturtean aldaketak egongo dira: eskola batzuek jada ez dituzte baldintzak beteko eta eskola berri batzuk programan sartuko dira. Programa dinamikoa da Eusle, eta momentuan dagoen beharrari erantzuten dio.

Euskara ikasteaz gain, emozionalki babes handia eskaintzen die Eusle gelak ikasle etorri berriei. Egoera gogorrak bizi izandakoak izaten dira zenbait ikasle: gudak, egoera bortitzak, familiaren zati bat euren jatorrizko herrialdean utzita datoz asko… Horrek guztiak eragina du umeengan eta programaren helburuetako bat da, baita ere, hori guztia kudeatzea. Zentzu horretan, Eusle irakaslea erreferentzia garrantzitsua izaten da ikasle horientzat. Eta, ikasleen arteko elkarlana azpimarratzen du Villatek. Denak egoera beretsutik pasa direnez, gelan enpatia handia egoten da. Ikasleak irakasle bihurtzen dira sarritan eta oso aberasgarria izaten da.

Ingurua ezagutzeari ere garrantzi handia ematen diote eta Zorrotza ezagutzeko jarduerak egiten dituzte Zazpi Landako Eusle gelako ikasleek: “Zorrotza ezagutzen ari dira, auzoko espazioak, eskaintzen dituen aukerak… Eta horrek ere asko laguntzen die”, dio Villatek.

Villate pozik dago Eusle gelan egiten duten lanarekin eta ikasleen garapenarekin, baina zailtasunik ere topatu du bidean: “Hizkuntza ez ezagutzea komunikatzeko oztopo izan da hainbatetan. Nahiko ongi moldatzen gara, hala ere, ikasle etorri berriaren hizkuntza dakiten ikasleen laguntza izaten baitugu”.

Bigarren ikasturtez ari dira gauzatzen Eusle programa Zazpi Landan. Hainbat ikaslerekin prozesu osoa egin dute jada eta ikasleengan bilakaera handia ikusi dutela azaldu du Villatek: “Jarioan eta alderdi guztietan nabaritzen zaie. Badakite zer egin behar duten, errutinak nola lantzen ditugun… Oso autonomoak dira eta ekintza guztietan parte hartzen dute… Oso motibatuta daude, ahalegin handia egiten dute. Ezin dut gehiago eskatu”.