Ikasle askok eskolan soilik izaten dute kontaktua euskararekin, eta euskara ekintza gozagarriekin lotzeak hizkuntzaren erabileran zuzenean eragin dezake. Beraz, garrantzitsua da eskolak ekintza positibo eta erakargarrien bidez euskararen erabilera bultzatzea. Ikasgelako testuingurutik aterata, Gorputz Hezkuntzako orduek aukera paregabea eskaini dezakete euskara eta emozio positiboak uztartzeko, eta beste hainbaten artean, skatea izan liteke euskara gozagarri bihurtzeko tresna.

EUSTATen esanetan, “hizkuntza baten osasuna neurtzeko adierazlerik garrantzitsuena erabilera da”. Ondorioz, azken urteotako bilakaera ikusita, irakasleok gure kezka agertu nahi dugu. Gure errealitate soziolinguistikoan euskara esparru akademikoarekin eta erabilera formalarekin loturiko hizkuntza da; era horretan, ikasle askok euskararekin duten kontaktu bakarra eskola da. Ikasle horiek, euskaraz aritzeko gaitasuna mugatua dute eta euren harremanak gaztelaniaz izaten dira. Jarduera formaletan, aldiz, euskara erabiltzen dute; ikasgelan, alegia. 

Hizkuntzaren erabilera beheranzko bidean doan heinean, hizkuntza mailak ere behera egiten du, eta kasu askotan euskaraz mintzatzeak urduritasuna sor dezake erraztasun handirik ez izateagatik. Hizkuntza maila heldugabeak ideia osatugabeak egitera eta hitz-jarioa galtzera garamatza, euskaraz komunikatzeko beldurra sortuz. Aipatutako urduritasuna eta beldurra dira ekuaziotik ezabatu beharrekoak; hortaz, gakoa emozioetan zentratzean eta aldaketa bat egitean datza, emozioak esperientziak barneratzeko baliagarriak baitira. 

Arazo horren aurrean, eskolaren lana euskararen erabilera ekintza positibo zein motibagarrien bidez sustatzea da; hau da, ikasleen komunikatzeko gogoa areagotzen duten baldintzak sortzea eta ikasleen hizkuntza akatsei erreparatu gabe euskaraz emozio positiboak bizitzeko aukera eskaintzea. Dibertituz eta gozatuz emozio positiborik baldin badago, bizitako guztia gure garunean grabatuta geldituko da, emozioek garuneko jardueran zuzenean eragiten baitute. Zehazki, sistema linbikoa emozioak prozesatzeaz arduratzen den garuneko ataletako bat da, estimulu jakin batzuk eskainiz erantzun emozionalak ematen dituena. Hala nola: beldurra, alaitasuna, haserrea… 

Nola uztartu euskara eta emozio positiboak ikasgelako testuingurutik ateraz baina eskola ordutegian? Gorputz Hezkuntzaren arloa taula gainean jarrita. Jarduera fisikoak endorfinak sortzen ditu gure nerbio-sisteman; horrela, emozio positiboenak aktibatzeaz gainera, ondo sentiarazten gaitu. Arriskuko kirolak egiten ditugunean, adrenalina askatzeak euforia, energia eta ekintza-ahalmen handiko egoera eragiten du; ondoren, endorfina askatzeari esker, pertsonak erlaxatze-sentsazio atsegina sentitzen du. Prozesu horrek energiaz betetzen gaitu, garaiezin eta boteretsu sentiarazten gaitu. Gure mugak gainditzen ditugunean beldurrak gainditzen eta gure burua hobeto ezagutzen ikasten dugu. Esandako guztia kirol jarduera ugariren bitartez lor daiteke, eta skatea da horietako bat. Skatea praktikatzeak arazoetatik deskonektatzeko aukera ez ezik, gozatzeko une bat ere eskaintzen digu, eta adrenalina deskargatzeak sortzen digun ongizateagatik planik onena iruditu dakiguke. Beraz, euskararen erabilera ohiturak finkatzeko aisialdian euskararen erabilpena giltzarri dela jakinda, ikasleek skatea euskararekin lotzeak aurretik aipaturiko ondorio onuragarriez gain, baditu eskolaz haragoko abantailak, ikasleen eskolaz kanpoko ekintza bilakatu daitekeelako. 

Irriek, motibazioek, emozioek… mundua alda dezakete. Edozein ekimenek euskararen aldeko jarrera sortzen badu, hiztun berriak lortzeko aukera handiak izango ditu. Irakasleon lana, euskara ardatz, gure ikasleen jarreran eragiteko laborategian edota sukaldeetan bezalaxe formula berriak eta errezeta arrakastatsuenak topatzea da. Mundua emozioek mugitzen dutela esan ohi dute; beraz, euskara mugitzeko ere ez ote dugu emozioetara jo behar?