MUNTA HANDIKO AGERRALDIA EGIN DUTE KONTSEILUAK, IKASTOLEN ELKARTEAK, EHIGEK, HIK HASIK, KRISTAU ESKOLEK, HEIZEK, ELAK, LABEK ETA STEILASEK, EUSKARAZKO EREDU OROKORTUAREN ALDE.

Euskaldunduko badu, eskolak euskalduna behar du izan. Eragileek argi daukate, eta beste alor batzuetan izan ditzaketen zailtasunak alde batera utzita, bat etorri dira: hezkuntzak eredu bakarra behar du, euskarazkoa. Ez A, ez B, ez D. Hezkuntza eragile nagusiek argi daukate ikasle guztiei euskara gaitasun egokia bermatuko dien eredu bakarra orokortu behar dela, hori izango delako benetan euskaldunduko duena, eta harago, bizikidetza bermatuko duena. Eskaria pausatu diete eragileek politikariei, hezkuntza hitzarmenean “berariaz” jaso dezatela hurrengo Hezkuntza Legeak “ereduen sistema baztertzailea” gaindituko duela, eta “ikasle guztiei euskara gaitasun egokia bermatuko dien eredu orokortua” ezarriko dela. Guztia behar du euskarak eta guztia behar du bizikidetzak. Euskaraz ongi ikastea behar dute ikasle guztiek, eta zer esanik ez testuinguru naturaletan euskarazko erreferentziarik ez duten edo gutxi duten ikasleen kasuan. Eragileek abenduaren 16an Gasteizen sinatutakoa berretsi zuen hurrengo egunean Eskoriatzako jardunaldietan ikasle etorkinek eurek esandakoak: gaur egun eskola ez da aski ikasle erdaldunak euskalduntzeko, eta are gutxiago autoktonoak ez diren eta bestelako egoera zaurgarriak dituztenak euskalduntzeko. Adituak ere bat datoz: ikasle guztiei bermatu behar zaie euskaraz ongi ikasteko eskubidea; hasteko, euren ibilbide akademikoagatik, eskolak eskaintzen dizkieten aukera guztiak baliatzeko beharrezko dute hizkuntza ongi menderatzea; eta bigarrenik, bizikidetzagatik, ikasle guztiek behar dituzte irteera-aukera berdinak. Erabaki politiko hori gauzatzeko, baliabide teknikoak behar dira, bistan denez. Baina erabakia, lehenik eta behin politikoa da. Bigarren urrats teknikorako ez da alferrekoa izango azken hogei urteetan euskal herrietako irakasle bide-urratzaileek etorkinen seme-alabak euskalduntzen eta hezten egindako lana, sortutako materialak eta didaktikak. Ezta Kontseiluak berak ere 2008an ondu zuen Ikasle euskaldun eleaniztunak sortzen proposamena ere. Orain inoiz baino argiago, proposamen horren hiru ardatzak jorratzeko unea da: lehenik, ikasketa prozesuko hizkuntzen ordu banaketan euskarak izan behar du ardatz, alegia, euskaran murgiltzea eta mantentzea eman behar da. Bigarrenik, hizkuntza-proiektua izan behar da zutabe ikastetxeetan. Eta hirugarrenik, ikasleen B2 maila egiaztatzen dutela ebaluatzeko zein bide erabiliko den zehazten da. Ez soilik euskaragatik, bizikidetzagatik eta gizarte kohesioagatik, ikasle guztiei, edozein jatorri sozial, linguistiko edo ingurune duelarik ere, sistemak bermatu behar dio euskararen gaitasun egokia lortuko duela. Orain borondate politikoa erakusteko ordua da, horrek ekarri behar ditu baliabide tekniko eta humanoak.

 


Aitortu al litezke Konstituzio baten aurkakotzat geometria edo aljebra? Agerian dago ezetz; bada, murgilketa ere ez! Murgilketa hizkuntzak ikasteko metodoa da eta azterketa zientifikoetan oinarrituta dago, linguistikoak, gramatikalak, psikologikoak eta sozialak

Patxi Zabaleta