Irakasleentzat baliagarri izan daitekeen material ugari aurki daiteke EIMA katalogoan.

 

Euskarazko ikasmaterialen dokumentazio-zentroak hezkuntza komunitateari begira osatutako katalogo zabala du: EIMA Katalogoa. Irakasleentzat baliagarri izan daitekeen material ugari aurki daiteke bertan eta baliabideen funtsa handituz doa urtez urte.

 

Euskarazko ikasmaterialen katalogoa eta liburutegia da EIMA Katalogoa. www.eimakatalogoa.eus webgunean ikusgai daude baliabide guztiak eta, horrez gain, Eibarren dute egoitza fisikoa. Ainara Buenetxea eta Roberto Kerexeta EIMA Katalogoko langileak dira eta hura elikatzeko lana etengabea dela diote: “Irakasleentzat baliagarria izan daitekeen materiala eskuratzen saiatzen gara, ondoren haiek eskoletan erabiltzeko aukera izan dezaten”, azaldu du Buenetxeak.

1982an hasi zen EIMA euskarazko ikasmaterialgintza programa. EIMAren helburu nagusia da unibertsitatez kanpoko irakasmailetarako euskaraz behar adina ikasmaterial sor dadin bultzatzea, ikasmaterial horien kalitatea zaintzea eta ikasmaterial horiek zabaltzen laguntzea. 2005ean ordura arte sortutako ikasmaterial guztia biltzeko eta katalogatzeko beharra ikusi zuen Hezkuntza Saileko Euskara Zerbitzuak, eta EIMA Katalogoa eratu zuen. Sasoi hartan Fernando Berrizbeitia teknikariak heldu zion lan horri. Hasieran dena ordenatu eta txukundu beharra izan zutela gehitu du Buenetxeak: “Material ugari ari zen pilatzen eta dena ordenatzea erabaki zuten. Gerora, 2019an, beste pauso bat eman eta mailegu-zerbitzua sortu zen Eibarko egoitzan ditugun baliabideak irakasleei zabaltzeko asmoz, ordura arte materialen biltegia besterik ez baitzen”.

Berriki Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutua sortu du Hezkuntza Sailak eta, Institutuaren ildo nagusietako bat euskarazko ikasmaterialgintza denez, hor du lekua gaur egun EIMA Katalogoak.

 


Hezkuntza-komunitateak ez du ezagutzen eta ez zaio behar besteko probetxua ateratzen. Uste dugu irakaslegaiek ezinbestean ezagutu beharreko baliabidea dela

Roberto Kerexeta, EIMA Katalogoko langilea


 

Webgunean zein egoitzan

Katalogoan dauden baliabide guztiak webgunearen bidez kontsulta daitezke, eta baliabide horietako asko baita deskargatu ere. Hala ere, nahi duen orok du, Eibarko egoitzara joateko aukera. Egoitzako material guztien erreferentziak daude  web orrian; guztira 38.700 erreferentzia baino gehiago. “Hemen fisikoki dugun guztiaren erreferentzia dugu webgunean eta 38.700 baliabide horien herena, gutxi gorabehera, digitalak dira”, azaldu du Buenetxeak. Alegia, 26.000 baliabide baino gehiago har daitezke maileguan eta gainerakoak, 12.000 inguru, on-line kontsulta edo deskarga daitezke. “Baliabide digitalak esaten dugunean esan nahi dugu Interneten bidez kontsulta edo deskarga daitezkeela —zehaztu du Kerexetak—. Baliabideren bat erabiltzeko baimena baldin badugu edo lizentzia librea baldin bada, gure zerbitzarira igotzen dugu. Eta, baimenik ezean, dagokion webgunerako loturak jartzen ditugu hala nahi duenak horiek kontsultatzeko edo deskargatzeko aukera izan dezan”.

Edonor bertara daiteke kontsultak egiteko, materiala begiratzeko edo maileguan hartzeko. Bestalde, Euskal Herriko edozein ikastetxek du materiala webgunearen bidez maileguan doan eskatzeko aukera. Prozedura nolakoa den azaldu du Kerexetak: “Zerbitzu hori lanean ari diren irakasleentzat soilik da. Gure webgunean sartu eta kontua sortu behar dute. Hori egin ondoren, erabiltzailea eta pasahitza bidaltzen dizkiegu. Modu horretan, materiala maileguan eskatzeko aukera dute eta eskatutako materiala ikastetxean jasoko dute. Hala ere, baliabide digitalak erabiltzeko ez dago erregistratu beharrik. Materiala hiru asteko epean itzuli behar da, eta, ondoren, EIMA Katalogoak kudeatzen du itzultze-prozesua.

 

Askotariko baliabideak

Euskarazko ikasmaterialak biltzen  ditu EIMA Katalogoak eta EIMA programaren onespena dute 10.000 baliabidek baino gehiagok. Horien artean IRALEko materialak aipatu nahi izan ditu Buenetxeak: “Irakasleek IRALE programaren barnean sortzen dituzten materialak eskuragarri daude EIMA Katalogoan. IRALEko irakastegietan hainbat ikastaro izaten dira eta R400 ikastaroa materiala sortzeko izaten da; material horiek guztiak Katalogoan daude. Gehienak curricularrak dira eta jada 800 baino gehiago daude”. EIMA Katalogoko arduradunek igotzen dituzte materialak webgunera, baina irakasle askok material oso interesgarriak sortzen dituztela, eta horiek ere denon eskura jartzea interesgarria izango litzatekeela aipatu du Buenetxeak.

Eibarko egoitzan askotariko baliabideak daude: ikus-entzunezkoak, jolas didaktikoak, testuliburuak, haur eta gazteentzako literatura eta kontsulta-liburuak, komikiak, hizkuntzak ikasteko metodoak… Webgunean, baliabideak hamaika kategoriatan sailkatuta daude:

  1. Curriculumeko baliabideak

  2. Eduki digital didaktikoak

  3. Bideo didaktikoak

  4. Jolas didaktikoak

  5. Erreferentzia-materialak

  6. Monografiak

  7. Dokumentalak

  8.  Haur eta Gazteentzako Literatura

  9. EIMAk onetsitakoak

  10. IRALEren materialak

  11. Baliabide digitalak

     

Gaiaren, autorearen edo izenburuaren araberako bilaketa egin daiteke edozein baliabide aurkitzeko, eta bilaketa horiek errazteko iragazkiak erabil daitezke: hezkuntza-etapa, ikasgaia edota gaia, formatua… Horren adibidea jarri du Buenetxeak: “Demagun Gau Beltza landu nahi dugula. Bilatzailean Gau Beltza jarriz gero, umeentzako zein helduentzako dauden materialak eta bibliografia agertuko zaizkigu. Hik Hasin Gau Beltzaren gaia landu baldin bada, esate baterako, horren erreferentzia ere azalduko da. Hori oso interesgarria da”. Azken urteetan Interneteko material ugari katalogatzen dihardutela azaldu du Kerexetak: “Sareko material hori guztia ez da ia inon katalogatzen, ez, behintzat, modu sistematikoan. Udal liburutegietara telebistako programa bat aurkitzera joaten bazara, ez duzu aurkituko, baina hemen bai. Ur handitan edo Sautrela bezalako saioen loturak aurki daitezke, gaiaren arabera antolatuak. Eta Ikusgelako bideo guztiak ere katalogatuta ditugu”.

 

Erabilerak gora egitea helburu

20 urtetik gora dituen arren, oraindik ere ezezaguna da EIMA Katalogoa askorentzat, eta erabilera handitzea nahiko lukete arduradunek: “Hezkuntza-komunitateak ez du ezagutzen eta ez zaio behar besteko probetxua ateratzen. Uste dugu irakaslegaiek ezinbestean ezagutu beharreko baliabidea dela”, esan du Kerexetak.

Edonoren eskura dagoen tresna erabilgarria da EIMA Katalogoa. Proiektuari bultzada emateko eta ezagutarazteko asmoz, itxuraldatzen ari dira web ataria. Aurkezpen-bideo bat sortu dute, eta webgunea nola erabili behar den eta mailegu eskaerak nola egin azaltzen duen bideotutoriala ere sortu dute: https://www.youtube.com/@EIMAKatalogoa helbidean ikus daitezke.

 


 

EIMA Katalogoa zenbakitan

EIMA Katalogoaren funtsa urtez urte handitzen da eta gaur-gaurkoz 38.700tik gora material daude katalogatuta. Horietako 12.000tik gora baliabide digitalak dira. Hauek dira baliabide batzuk: Curriculuma lantzeko berariaz sortutako materialak (ikasliburuak, gidaliburuak, lan-koadernoak, ariketa-koadernoak…): 13.500 baliabide baino gehiago.

  • Webgune eta simulazio didaktikoak: 1.400 baliabidetik gora.

  • Irakasleek eskolak prestatzeko material monografikoak: 5.800 baino gehiago.

  • Irakasleentzako kontsulta-materialak: 4.100 inguru.

  • Dokumentalak: 780 baliabide.

  • Haur eta Gazte Literatura: 8.100 baliabide baino gehiago.

  • Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren onespena duen materiala: 10.000 baliabide baino gehiago.

  • IRALEn sortutako materialak: 820tik gora.

  • Haurrentzako eta gazteentzako dokumental, film eta bideo didaktikoak: 6.120 baliabide baino gehiago.

  • Jolas didaktikoak: 330 inguru.