Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako hainbat saltokitan eta zerbitzutan ordainketak euskotan egin daitezke.
Euroak badu baliokidea Euskal Herrian: euskoa izeneko tokiko moneta. Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako hainbat saltokitan eta zerbitzutan ordainketak euskotan egin daitezke, eta egitasmoa Hegoaldera zabaltzea dute helburu.
Arrakasta handia du euskoak Ipar Euskal Herrian. Gero eta norbanako eta profesional gehiago dira eusko sareko kide, eta 4.500.000 eusko daude zirkulazioan dagoeneko. Tokiko monetak ekonomia zirkularra bultzatzen du, eta, modu horretan, aberastasuna Euskal Herrian gelditzen da, Nikolas Blainek (Euskal Moneta elkarteko koordinatzaileak) azpimarratu duenez.
Zer da euskoa?
Euskoa hemengo merkataritza eta laborantza laguntzeko asmoz sortu zen, 2013. urtean. Zirkulazioan da ordutik, eta Europako tokiko lehen moneta bilakatu da.
12 urte pasatu dira; egonkortu dela esango al zenuke?
Bai, guztiz. Arrakasta handia izan zuen lehen hilabetetik. Billeteak inprimatu genituen, urtebeterako edo urte eta erdirako aski izango zirela pentsatuta, eta berriro inprimatu behar izan genituen zortzi hilabeteren buruan. Elkarteek, herriko etxeek, enpresek eta norbanakoek ikusi dute euskoa tresna eraginkorra dela eguneroko kontsumorako. Ogia eurotan erosten dugunean, diru hori lurraldetik kanpo aterako da fite, txartelarekin ordaintzen badugu bereziki. Aldiz, euskoarekin, hemengo kontsumoa bultzatzen dugu, eta dirua hemen gelditzen da. Lansariak ere euskotan ordaintzen dituzte hainbat tokitan.
Nola funtzionatzen du euskoak?
Norbanakoek eusko kontu bat sortzen dute, eta euro kopuru jakin bat euskoen truke aldatzen dute hilero —euro bat, eusko bat—. 1.400 profesionalek onartzen dute euskoa, eta hainbat gauza ordaintzeko erabil daitezke: ostatuetan, aparkalekuetan edo medikuaren kontsultan, adibidez. Saltokien eta zerbitzuen erronka da euskotan ordaintzeko hornitzaileak bilatzea. Horrek lurraldeko ekonomiaren zirkulazioa finkatzen du, eta hemen gelditzen da aberastasuna.
Euskoa hemengo merkataritza eta laborantza laguntzeko asmoz sortu zen, 2013. urtean. Zirkulazioan da ordutik, eta Europako tokiko lehen moneta bilakatu da
Nikolas Blain, Euskal Moneta elkarteko koordinatzailea
Izan ere, diru hori ez da Lapurditik, Nafarroa Beheretik eta Zuberoatik ateratzen; euskotan ordaintzen dena ez da Euskal Herritik kanpora joaten.
Hori da printzipio nagusia. Enpresek, eusko sareko kide izateko, Ipar Euskal Herrian izan behar dute erregistroa.
Zein dira euskoaren ardatz nagusiak?
Hiru ardatz ditugu: lehenik, hemengo ekonomia bultzatzea, hemengo kontsumoa bultzatuz eta laborantza herrikoia sustengatuz. Gure sarean, ez ditugu onartzen saltoki handiak eta ingurumenarentzat kaltegarriak diren enpresak. Bestalde, laborantza herrikoia hobesten dugu, trantsizio ekologikoa ardatz baitugu. Eta, hirugarrena, euskara da. Profesional batek eusko sarean sartu nahi duenean, euskararekiko engaiamendu batzuk hartuko ditu: afixak ele bitan jarri behar ditu, adibidez. Hitzarmena dugu Euskararen Erakunde Publikoarekin, eta lanpostu oso bat dugu lantaldean, profesionalei euskararen normalizazioan laguntzeko.
Billeteez gain, baduzue Euskopay izeneko aplikazioa ere.
4.500.000 eusko daude zirkulazioan guztira; horietatik 500.000 billeteetan, eta besteak jendearen kontuetan. Ordainketak aplikazioaren bidez egin daitezke, eta ordaintzeko modu hori da jendeak gehien erabiltzen duena.
Euskoak arrakasta handia du. Aurreikusi al duzue hegoaldean erabiltzeko aukerarik?
Lanean ari gara, hasieratik izan baita hori gure helburua. Oarsoaldean (Gipuzkoa) eta Baztanen (Nafarroa) saiakera egiteko asmoa dugu, eta, euskoaren ereduan oinarrituz, tokiko moneta zirkulazioan jarri nahi dugu 2026. urte amaierarako. Muga administratiboa oztopo da, baina bide hori jorratzeko borondatea dugu, eta gure xedea tokiko moneta mugaz bi aldeetara erabiltzeko aukera izatea da.
Euskoa zenbakitan
· 4.500.000 eusko zirkulazioan.
· 4.500 erabiltzaile partikular.
· 1.400 profesional eusko sarean.
· 40 herriko etxe eta Euskal Hirigune Elkargoa eusko sareko kide.
· Europako tokiko lehen moneta.
· 470.000 eusko banatuta 70 elkartetan. Eusko sareko kide bilakatzean, lagundu nahi duzun elkarte bat hautatzen duzu, eta, 30 babesle baditu eta eusko sareko kide bada, urtean zehar trukatu dituzun euroen % 3 eskuratuko du elkarte horrek.