Irakasleen artean, oso zabalduta dago burnout izeneko sindromea.
Lana gure bizitzako gainerako alorren gainetik jartzen dugunean sentitzen dugun muturreko nekearekin eta ezinarekin du lotura sindrome horrek.
Buru osasunarekin lotutako arazoak gero eta ugariagoak diren garaiotan, gaixotu egin zen Iratxe Etxebarria. Burnout sindromea delakoak jota, psikoterapia eta botikak behar izan zituen egoerari aurre egiteko eta, gaur egun, hori guztia gaindituta, halako egoerak bizi dituztenei laguntzen dihardu, coach gisa. 7.300 miligramo eszitalopram izeneko liburuan jaso ditu bizi izan duen prozesuari buruzkoak, irakurleentzat lagungarri izango direlakoan.
Zer da burnout sindromea?
Gure pasioa erretzen duen su isila da. Munduko Osasun Erakundearen arabera, ongi kudeatu ez den estres kronikoa da, lanpostuarekin lotutakoa, eta batez ere inplikazio emozionala duten lanpostuekin eta harremanekin lotzen da. Bestalde, inplikazio emozionalik ez duen lan bat izan dezakezu, baina etxeko zaintza lanek erre zaitzakete.
Euskaldunok oso errotua izan dugu lanaren kultura. Baina lanak gaixotu egin gaitzake, gure beharren gainetik jartzen badugu. Hori gertatu zitzaizun zuri. Nola konturatu zinen gertatzen ari zitzaizunaz?
Gaixotu nintzenean konturatu nintzen. Egun batean, buruak krak egin zidan; beldurtu egin nintzen, eta gaixoaldi bat hasi zen une hartan; etena, bai eta barrura begirako prozesu bat ere. Konturatu nintzen urte luzez lana bizitzako beste alor batzuen aurretik jarri nuela.
Laguntza eskatu zenuen, eta urtebete eman zenuen psikoterapia jasotzen eta depresioaren aurkako botikak hartzen. Nolakoa izan zen prozesu hori?
Oro har, aberasgarria izan zen: neure barrura asko begiratu nuen, eta asko ikasi nuen. Alde horretatik, positiboa izan zen, baina kolpe latza izan zen nik neuk neure burua gaixoarazi nuela konturatzea.
Zu, nolabait, muturrera iritsi zinen, baina, horra iritsi aurretik, zein dira lana gainezka egiten ari zaigunean jasotzen ditugun lehen seinaleak?
Seinaleak asko izan daitezke: gauerdian esnatzea eta betebeharrei buruz pentsatzen hastea, beti urduri ibiltzea, estres kronikoa izatea, apatia sentitzea, bizitzeko arrazoia ahaztea… Sintoma nagusiak horiek direla esango nuke.
Munduko Osasun Erakundearen arabera, ongi kudeatu ez den estres kronikoa da, lanpostuarekin lotutakoa, eta batez ere inplikazio emozionala duten lanpostuekin eta harremanekin lotzen da
Eta zer egin dezake egoera horretan dagoenak?
Medikuarenera joan eta tratamendua jaso. Psikoterapia eta botikak beharrezkoak dira, baina berebiziko garrantzia du horra ez heltzeko prebentzio lana egiteak. Geure bizitza ongi sentiarazten gaituzten gauzekin bete behar dugu. Lanak ordu jakin batzuk betetzen dizkigu egunero, baina gainerako alorrei lekua egin behar diegu.
Irakasleen artean zabalduta dago burnout sindromea. Haien lanak inplikazio emozional handia du, baina ba al da bestelako arrazoirik?
Kanpo faktoreak egon daitezke —sistema bera, adibidez—, eta, barne faktoreen artean, gure izaerak garrantzi handia du. Asko inplikatzen diren pertsonek, oso arduratsuak direnak, perfekzionistak direnak… burnouta bizitzeko aukera handiagoa dute.
Guztia gaindituta, bizipozaren aldeko aldarria egiten duzu orain.
Bai. Inflexio puntu bat izan zen niretzat psikologoak esatea bizitzea ahaztu zitzaidala. Garbi ikusi nuen lana gure bizitzaren zati bat dela, baina hortik kanpo beste gauza asko daudela. Lanak nortasuna ematen digula pentsatzen dugu maiz, eta ez da horrela: lanak gure denbora egituratzen du, baina ez du zerikusirik gure identitatearekin.
Orain, coach lanetan diharduzu, prozesuetan laguntzen, hitzaldiak ematen…
Nik nahiko nuke inor ez iristea ni iritsi nintzen puntura. Horretarako, gure ongizatea planifikatu behar dugu, eta bizipoza elikatu behar dugu, etengabe, ongi sentiarazten gaituzten gauzak eginez.
7.300 miligramo eszitalopram
Psikoterapia eta 7.300 miligramo eszitalopram behar izan zituen Iratxe Etxebarriak gaixoaldiari aurre egiteko, eta hortik dator, hain zuzen ere, bere liburuaren izenburua. Bizipen pertsonalen errepasoa egiteaz gain, burnout sindromearen atzaparretan ez erortzeko eta bizipozari eutsiz bizitzeko hainbat gako jasotzen ditu liburuak. Amaieran, geure ongizatea zaintzeko jarraitu ditzakegun zenbait aholku biltzen ditu: egin etenak egunean zehar, meditatu, egin lo, jarri mugak lanari eta, bizipoza bermatu nahi baduzu, argi izan zer den garrantzitsua zuretzat.