Alizia Fernandez irakaslearen iritzi artikulua.

 

Denok dakigu utopia ezinezkoa dela, baina oso ñabardura garrantzitsu batekin: ezinezkoa da une horretan, haren planifikazio unean. Ba al du norbaitek mundua salbatzeko planik? Plana zenbat eta zailagoa izan, orduan eta harroago egongo zara. Eta ezinezkoa bada, are hobeto. Porrotean ere loria izango duzulako

 

Hitz horiek ez dira nireak, hil berri den Robe Iniesta musikari eta humanistarenak baizik. Pena handiarekin jaso dut berri txarra, eta nahitanahiez gogora etortzen zaizkit haren kantak, pentsamenduak, olerkiak edo aitorpenak. Arestian aipatutakoa nire gogokoenetako bat izango da dudarik gabe; entzuten dudan bakoitzean nire alderik erromantikoena esnatzen du —barkatu txundidura eta eragozpenak— eta ezinbestean, nire ustez gizarteari eta justiziari egiten diodan ekarpen nagusiarekin lotzen dut: nire lanbidearekin. Oro har, irakaskuntzan dihardugun guztiokin. Bokazioak bultzatuta irakasle diren guztiak zaku berean sartuta ere, behingoagatik baimena emango diot neure buruari nire esperientzia partekatzeko eta bereziki eskola publikoan lan egiten duten hezitzaileak goraipatzeko. Zergatik? Bizi ditugun arazo estrukturalen eta sozialen oztopoak gainditzen saiatzen direlako; errealitate segregatu baten ondorioak tarteko, berdintasunaren alde tinko jarduten dutelako; aniztasunik anitzenean ere, batzen gaituena bilatzen saiatzen direlako; hemendik zein munduko beste txokoetatik etorritakoekin komunitatea eraikitzen dutelako; euskara zer den ere ez dakitenak euskaldunon munduan murgiltzen dituztelako, eta bestela ikusezinak izango liratekeenak ikusgarri bihurtzeko ahalegina egiten dutelako. 

Eskola publikoko profesional lagun horiei guztiei: burnout-a pairatzen dutenei; arazoak handitzen eta erraldoi bilakatzen ikusten dituztenei; nahi duten lekura iristen ez direla sentitzen dutenei; urte askotako borrokaren ondoren motibazioa galdu dutenei eta bere buruari gehiegi eskatzen diotenei. Roberen mezua guztiei heltzea nahiko nuke. Baita egunero gelan beldurrak eta muga pertsonalak gainditzen dituztenei, euren ikasleengan sinesten dutenei eta kalitatezko eskola publikoaren alde mobilizatzen direnei ere. 

Ez galdu konfiantzarik utopian, ez utzi zuen buruarengan sinesteari eta ikasleengan sinesteari. Ez utzi ez zuen lana, ez zuen duintasuna, ezta gure hezkuntza-sistema publikoak merezi duen errespetua defendatzeari ere.  

Ez bagara gu, nor? Ez bada hemen, non? Ez bada orain, noiz? 

Roberrenak ere azken hitz horiek. Goian bego