BIZITZA KANTUARI LOTUA. HALA ULERTZEN DUTE MIREN, AMAIA ETA PAXKALIN AIRE AHIZPEK. AMAGANDIK JASO DUTE KANTU ZALETASUNA ETA AITAGANDIK BERTSOAREKIKOA. ARITUZ IKASI DUTE HIRU AHOTSETARA 'A CAPELLA' HAIN BIKAINKI KANTATZEN ETA HAINBESTE HUNKITZEN. ETXEAN ZEIN KANPOAN, AUKERA GUZTIAK BALIATZEN BAITITUZTE KANTUAN ARITZEKO. 

Urepelen jaio ziren Miren, Amaia eta Paxkalin Aire, hurrenez hurren, 1976, 1978 eta 1982. urteetan. Ingurumenak eragin zuela uste dute euren kantu zaletasunean, berdeak, patxadak, bizimoduak. Eta ez hainbeste Fernando Aire Xalbador bertsolariaren biloba izateak. Ez zuten aitona bizitan ezagutu, eta bertsolari gisa utzitakoak geroz ezagutu dituzte.

Elkarrizketa ere patxada horretan egin dugu, Baigorrin, COVID-19ak herriko ikastola itxia duelarik eta mundua aztoratua duelarik ere, naretasunean, kantuaren onez hausnarrean.

Haur zinetela, familian, asko kantatzen zenuten? Nola irudikatu behar dugu zuen haurtzaroa?
Amaia Aire: Etxean ginelarik, egunerokotasunean, bagenituelarik gauzak egiteko, etxeko lanak, sukaldea bildu... beti kantuz aritzen ginen horrelako momentuetan.
Paxkalin Aire. Bai, egia da! Gisa berean, autoz ibiltzen ginelarik, beti kantuz aritzen ginen. Ez zen irratirik gure autoan. 
A. A.: Amagandik jaso dugu kantu zaletasuna, kantaria izan da beti eta pianoan ere aritzen da; aitagandik bertsu zaletasuna jaso dugu. Gero, pentsatzen dut, ingurumenak ere egiten duela kantuz aritzeko. Kokatua bazara Urepelen edo Baionako karriketan, ez da berdin. Gu beti kantuz errexki aritzen ginen. Kanpoan edo barnean, bat kantuan hasten zen eta denok segitzen genion. Baina Baionako karriketan hasten bazara kantuz, erranen dizute burutik joana zarela.  
Miren Aire: Gu kantuz ari garen bezala, hemen inguruan zernahi etxetan ere egiten da kantuan, bada hemen jende aunitz arrunt untsa kantatzen duena.

Aitona Xalbador zenuten. Horrek bereziki markatu behar du kantari bezala, ezta?
M. A.: Ez. Batere ez. Guk ez dugu sentitu kanpoan zer fama zuen, etxean ez zuten aipatzen Xalbador bertsulari bat bezala. Batzuetan aitak kontatzen zituen bere haurtzaroko edo gazte denborako historiak bere aitarekin, baina ez bertsulari bezala, aita bat bezala, baizik. Nik behintzat aski berant jakin dut nor zen etxetik kanpo Xalbador.
A. A.: Hitzez transmititzen ez diren gauza batzuk sentitzen dira, hala ere. Aitak badu miresmen handi bat [Xalbadorrekiko], eta hori pasatzen da. Amak, ttipi-ttipitan hiru alaber eskaini zaukun Odolaren mintzoa, bakoitzari berea, deus erran gabe. Gero gure baitarik hurbildu gara aitatxi bertsulariarengana, aski naturalki.
P. A.: Etxean aipatzen zaukuten Xalbador edozein etxetan aitatxi bat aipatzen den bezala, ez gehiagorik. Odolaren mintzoa hartu dugu bertze batena hartuko bagenu bezala.


Anitz gauza partekatzen ditugu kantuari esker hiru ahizpek


Badira 25 urte baino gehiago plazetan ari zaretela. Oso gazterik irten zineten lehen aldiz, Paxkalin zu haurra zinen artean... Nola egin zenituzten aurreneko urratsak hain gazte izanik?
P. A.: Nik 10-11 urte inguru nituen,  ene semeak orain duen adina. Izan zen nahikeria, kolegioan bazen kantu talde bat eta nire ahizpak kolegio horretan ziren. Horko irakasle batek bazekien gu aunitz aritzen ginela kantuan etxean. “Eginen dituzue bi kantu?", eskatu ziguten eta Aldudeko bestetan bi kantu egin genituen hiru ahizpek. Gero beste herri batean... 
M. A.: Ez da izan gauza bat aitzinetik erabakia batere. Horrela gertatu da. Ez dugu sekula pentsatu talde bat egin eta plazan kantatzea. 
A. A.: Haurren inozentzia horrekin joan ginen plazara, batere beldurrik gabe, naturalki. Etxean egiten genuen bezala. Eta bereziki baikorki errezibituak izan ginen, eta babestuak. Publikoak aunitz lagundu digu. Iparraldean aunitz ibili gara, eta sentitzen zen jendea kontent gu horrela ausartzeaz.
P. A.: Nik gero eta joanago eta beldur handiagoa izan dut jendaurrean aritzeko. Behin hasiz gero, pasatzen da beldurra, baina aitzinean gero eta gehiago izaten dut.

Haurtzaroan, gaztaroan, eta helduaroan... beti eutsi diozue kantuari, alaiago nahiz tristeago egon?
A. A.: Ez dugu kalkulatzen hainbertze noiz kantatzen dugun, hain da presente kantua gure bizitzetan! Elkarrekin baldin bagara, bazkari edo afari baten inguruan, beti kantuz aritzen gara, hor naturala da. 
P. A.: Ene ikasleek erraten zidaten hastapenean sartu nintzelarik Itsasuko ikastolan, “aizu, beti kantuz ari zara!”. Orain ohituratuak dira. Kantuan ari naizelarik biziki untsa sentitzen naiz. Gero, egia da, arranguraren bat dudanean ezin dudala kantatu. Arrunt anekdotikoa da, agian, baina, iazko ekainean ohartu nintzen ez nintzela batere kantuz ari denbora luzez, lana konplikatua baitzen, aski urte bukaera zaila izan zen. Memento baten buruan, gauzak konponduta, ohartu nintzen berriz hasi nintzela kantuz, eta pentsatu nuen “To! Bazen aspaldi ez nintzela aritzen kantuan!” Espiritua libre nuen eta hasi nintzen berriz. Ez banaiz untsa, arrangurak baldin baditut, ez dakit kanta nezakeen.

Irakasle lanak aipatu dituzu, Paxkalin. Zuen ofizioetan erabiltzen duzue kantua? Artzainaren bakardadea lasaitzeko, agian kantua baligarri zaizu, Miren? Zuek Paxkalin eta Amaia, irakasle bezala, kantua erabiltzen duzue ikastolan eta kolegioan?
M. A.: Nik ez dut bakardaderik sentitzen artzaina naizelakoz. Artzainaren bizia pixka bat mitifikatzen da, baina oraingo artzainak ez gara bakardadean bizi; lehen agian bai, baina orain ez.
P. A.: Ni gelan entseatzen naiz egunero kantuz aritzera, goizeko erritualetan baliatzen dut haurrekin, eta maite dute.
A. A: Nik ere baliatzen dut kolegioan, alde batetik eni gustatzen zaidalako, eta haurrek ere maite dute eta ikasten dute aunitz, hizkuntzaren ahozkotasunaren formula politak eta hiztegia ere bai.

Hunkidura handia transmititzen duzue kantatzen duzuenean. Zuek zer sentitzen duzue? Zer ematen dizue kantuak hainbeste maitatzeko?
A. A.: Bada aspaldian kantuz ari garela, eta atzematen dut kantaldiaren finitzean beti konplizitate momentu polita partekatzen dugula hiruok. Kantuz ari garelarik ere, harmonian sentitzen gara hiru ahizpak. Gure arteko harremanaren sendotzeko balio izan digu kantuak. Momentu biziki politak eman dizkigu gure artean.
P. A.: Nik uste dut ainitz gauza partekatzen dugula kantuari esker hiruek. Pentsatzen dut kantua gabe ere hurbiltasun hori bagenukeela, familiaren atxikimendu hori baitugu, baina egia da zenbait gauza partekatzen ditugula kantuari esker.


Hizkuntzari eta herri identitateari lotuta egon da guretzat kantua


Harremanei begira, hirurok ama zarete. Txikitatik kantatuko diezue haurrei, ezta? Seme-alabekiko harremana sendotzeko ere balio izan dizue kantuak?
M. A.: Orain, ene alabek 13 eta 15 urte dituztelarik gehiago aritzen gara kantuan, txikiak zirelarik baino. Eneak orain hasten dira naturalki kantatzen. Nik eskatu gabe batzuetan hiruak hartzen gara.
P. A.: Eneek 10 eta 13 urte dituzte, eta ttipitan beti kantatzen genuen, bakoitzak badu heien gustuko kantua eta oraindik oroitzen dira. 
A. A.: Nik baditut lau haur, bi nerabe, 10 urteko bat eta 2 urtekoa. Ttipiarekin joko bezala kantua aunitz baliatzen dugu. 10 urte ingurukoarekin, baditut bertso sorta batzuk biziki maite ditudanak, eta izugarri gustatzen zaizkio hari. Berengandik jiten da, ez dut nik bultzatzen.

Zer-nolako kantuak kantatzen dituzue etxean?
M. A.: Eni iduritzen zait kantaldietan kantatzen ez ditugun kantu aunitz kantatzen dugula etxean, herrikoiak edo kantu zaharrak edo bertsu batzuk. 
A. A.: Guk ere ez dakizkigu denak gogoz, beti Xaramelak [kantu-liburuak] erabiltzen ditugu eta horrela aritzen gara. Ez badakigu letra, bertze batek badaki. Lagunen edo familiako bazkarietan beti mahai batean badira lau edo bost kantu-liburuxka, eta bat hasten da eta bertzeak segitzen du. Orain aplikazioak ere badira. Beti, elkarretaratze guztietan hor da presente kantu-liburuxka bat.
 

A capella, hiru ahotsetara, kantaera berezia duzue. Baina kantatzeko, hain ongi egitea beharrezko al da? 
A. A.: Arituz ikasten da. Ez da kurtso batean sartu eta ikasten den zerbait. Kantuan eginez ikasten da, eta kantuan aritzeko ez da deus behar: behar da giro bat eta bi lagun, hasten direnak kantuan eta gero bertzeak lotzen dira. 
M. A.: Joaten zara aunitz etxetara hemen inguruan eta lortzen dute hiru bozetara kantatzea. Iparraldean bada jende aunitz arrunt untsa kantatzen duena, ikasi ez dutenak eta plazetan sekula kantatu ez dutenak.

Badakizue esaten zergatik, hemen Iparraldean eutsi diozuen hainbeste kantuaren tradizioari, eta Hegoaldean ez? Iparraldean izaten dira kasuak, euskaraz ia jakin ez, baina kantuak goitik behera ezagutzen dituztenak; aldiz, Hegoaldean, euskaraz aritu arren, ez dakizkite kantuen letrak hainbeste.
A. A.: Beharbada ingurumenak sortzen du kantuaren espazio errazago bat. Beharbada Hegoaldean ere baserri lekuetan errazago da hiriguneetan baino. Hiriguneetan ez dut uste erraza denik kantuz bizitzea. 
Diozuna hizkuntzarena, guretzat  kezkagarria da hemen. Guk hitzei garrantzia emanaz kantatzen dugu beti, baina Iparraldean ikusten dugu hizkuntza ez dutela menperatzen baina kantuz badakitela. 
M. A.: Uste dut kantua presente dela giro eta leku berezi batean, hemen barnealdean baserriko jendeak erabiltzen du kantua hirian baino gehiago. Eskuara galtzen den lekuan kantua ere galtzen da.
A. A.: Kantuaren zentzua bederen bai. Guk etxean eskuararekiko atxikimendua eta Eskual Herriaren kontzientzia hori ukan dugu. Hizkuntzari eta herri identitateari lotua egon da guretzat kantua. Orain desberdina da, abertzaletasuna hedatuagoa dago, baina gu gazteago ginelarik, ez zen hainbertze abertzale inguruetan. Ikusten dugu falta dela hizkuntzaren kontzientzia. Batzuek badute, baina bada desoreka kasu anitzetan. 
Aldi berean, kantuak atxikimendu bat sortzen du eta batzuendako izaten ahal da hizkuntzari berriz lotzeko bide bat, gero momentu batean ulertu nahiz kantatzen dutena eta hizkuntzari lotu direnak. Adin batetik goiti hizkuntzaren inguruko kontzientzia hartzeko manera bat izan daiteke kantua. Guk atxikitzen duguna da kantu zaletasuna eta eskuararen arrangura. Kantuak ez du zentzurik gero ez bagara eskuaraz ari gure artean.


Beharbada ingurumenak sortzen du kantuaren espazio errazago bat. Hiriguneetan ez dut uste erraza denik kantuz bizitzea


Gaur eguneko euskal musika nola jarraitzen duzue?
M. A.: Gaztetan astebururo kontzertuetan ginen! Iparraldeko herri guztietan egiten ziren kontzertuak; orain nik alabei esker jarraitzen dut.
A. A.: Gaztetan, kantuan ari ginelarik, rock eszenatokia biziki presente zen. Batak ez du batere bertzea kendu. Ber publikoa zen. Gaur egun kontzertu gutxiago daude. Kontzertuen frekuentzia aunitz aldatu da: ez da kontzerturik.
P. A.: Orain urtean behin Gatibu etortzen baldin bada, alimaleko gertakaria da. Lehen Gatibu edo antzeko bat bertze nonbait ikusteko, bagenekin hilabeteren buruan izanen genuela aukera. Denak ikusi ditugu, Negu Gorriak, Su ta Gar, La Polla...

Musika garaikidearen erreferentzia gehiago izan duzue, Hegoaldekoa, eta kantuarena, Iparraldekoa?
A. A.:  Guk kantuan Hegoaldeko kantari aunitz kantatzen ditugu, guk etxetik Ez Dok Amairuren erreferentzia jaso dugu. Ez da hainbertze Iparralde- Hegoalde. Guk bietatik jaso ditugu erreferentziak, aita-amengandik. Bazituzten biniloak, Lourdes Iriondo,  [Xabier] Lete, [Joxean] Artze... horiek biziki hunkitu gaituzte letren aldetik. [Mikel] Laboaren musikak eta kantatzeko manerak ere bai. 
P. A.: Horretan da, izatekotz, inguruko bertze kantari batzuekin den desberdintasuna. Bertze aunitzek Lourdes Iriondo ez zuten sekula entzuna. Laboa ere doi-doia. Benito Lertxundi bai, baina Lete eta antzekoak guk etxean entzun ditugu, baina behatzen badugu inguru hauetan ez dira biziki Lete edo Laboa entzun dutenak ttipitan etxean guk bezala.

Hainbeste urte eta gero disko bakarra duzue, Bidexka izenekoa, eta hura ere Bilboko Kafe Antzokikoen ekimenez egina. Zuek ez zenuten ikusten disko baten beharrik?
M. A.: Diskoa atera genuelarik baziren 20 urte plazetan kantuan ari ginela. Eta ez da guk erabaki dugun gauza bat izan. Josu Zabalak konbentzitu gintuen disko hori egitera. Josuk eta Mikel Markezek. Horiek baino lehenago bertze batzuk etorri ziren guregana ea disko bat egiteko interesa bagenuenentz. Interesik ez genuela ez da hain egia, baina ez genuen aski interesik sentitzen egiteko, eta beti proposamenak utzi genituen aldera. Josuk eta Mikelek proiektua desberdin presentatu zutelakotz erran genien baietz.
A. A.: Diskoa egin gabe ere gu ari ginen kantuan ari izan nahi genuen heineko mailan, baina Josuk arrunt untsa ulertu gintuen. Bere sentsibilitatea gurearen antzekoa izan da. Arrunt ulertu du guk deus esplikatu gabe zertan ari ginen eta zer zen guretzat garrantzitsua.
P. A.: Ez da promoziorako egin dugun disko bat, edo gehiago kantuz aritzeko. Hastapeneko aspaldiko proposamenetan bazen hori gibelean. Guk ez genuen batere horrela ikusten, eta hori biziki untsa ulertu zuen Josuk, baina zerbait utzi behar zela, arrasto bat, eta konbentzitu gintuen. Orain gustura gaude.