IRALE programak ez du jarraipenik izango datorren ikasturtean. 

 

Ez du axola izenak, ez du axola IRALE edo beste modu batera deitzen den, baina euskararen eta euskal kulturaren transmisioa bermatuko duten planak, zerbitzuak, ekintzak, egitasmoak, erabakiak… behar ditu euskal hezkuntzak transmisioaren haria eten ez dadin.

 

IRALE programak ez du jarraipenik izango datorren ikasturtean. Ia 40 urteko ibilbidearen ondoren behin betiko esango du agur Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako irakasleen hizkuntza gaitasuna aberasteko eta hobetzeko helburua izan duen egitasmoak.

Euskara maila hobetzea soilik ez, euskararen eta euskal kulturaren transmisioa egiteaz ere arduratu da IRALE urte luzez eta erreferentzia hori galduko dute irailetik aurrera irakasleek.

Euskararen eta Hizkuntzen Irakaskuntzarako Institutuak hartuko du aurrerantzean hizkuntzen gaineko ardura eta euskara gainerako hizkuntzen artean galduta ez gelditzea izango da erronka. Arduradunek esan dutenez, hau izango da Institutuaren eginkizun nagusia: hizkuntza metodologiak lantzea eta irakasleak prestatzea, haien jarrera, aurrerapena eta inplikazio linguistikoa indartzeko, hezkuntza sistemak testuinguru bakoitzean dituen eskakizunen arabera.

IRALEren ordez, ikastetxe bakoitzean hizkuntza kudeatzailea jartzeko asmoa iragarri du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak. Egitasmo berri hori hoberako izan dadila espero dugu. Berma ditzala euskararekiko atxikimendua eta hizkuntza gaitasuna hobetzeko tresnak eskuratzea ez ezik, baita euskal curriculuma bultzatzeko eta geletan txertatzeko aukera ere. Curriculumaren euskal dimentsioa baino horixe behar baitu Euskal Herriak: euskal curriculuma, propioa, geurea, geuk sortua eta landua. Eta ikasleek derrigorrezko ikasketak hizkuntza gaitasun egokiarekin amai ditzaten nahi baldin badugu, hizkuntza gaitasun egokia eta euskararekiko jarrera egokia duten irakasleak behar ditugu.

Ez du axola izenak, ez du axola IRALE edo beste modu batera deitzen den, baina euskararen eta euskal kulturaren transmisioa bermatuko duten planak, zerbitzuak, ekintzak, egitasmoak, erabakiak… behar ditu euskal hezkuntzak transmisioaren haria eten ez dadin.