Nonahi, egunero eta  uneoro jasotzen ditugu bai helduok eta bai haurrek sexualitateari loturiko mezuak eta irudiak. Komunikabideetan agertzen den sexualitate-ereduarekin kontrastatzeko eta eredu erreal osasuntsu eta askeagoak planteatzeko, txiki-txikitatik hasi beharko luke sexu-heziketak, Aitziber Estonba sexologoaren aburuz.

Shin Chanekin hasi, Disney Channel, komedia erromantikoak, publizitatea... uneoro sexualitateari loturiko mezuak jasotzen ari gara, hala helduak nola haurrak. Egunero jasotzen ditugun irudi horien aurrean, oso garrantzitsu ikusten du Aitziber Estonba sexologoak haurrak sexualitatean heztea, “inguruan duten guztia ez delako erreala, eta haurrek errealitatearen kontrastea behar-beharrezko dutelako euren sexualitate propioa bizitzeko”.

Sexu-hezkuntza anatomiaz, ugalketaz, sarketaz, kondoiaz eta gaixotasunei buruz hitz egitea baino askoz gehiago da. Sexu-hezkuntzaren helburua neska, mutil, emakumezko zein gizonezko, pertsona zorion-tsuak eta osoak izateko nork bere gorputza ezagutzen, onartzen, gozatzen, eta norbere sexualitatea bizitzen eta erotika propioa bilatzen ikastea da.  Baina ikasketa hori ez da nerabezaroan hasten. Estonbaren arabera, ez du balio 13 urterekin mahai baten bueltan jartzea  eta gurasoek “hitz egin dezagun sexuaz” esatea. “Hezkuntza sexuala jaiotzetik hasten da, sexualitatea haurdunaldian hasten baita, umea amaren sabelean sentizen ari da dagoeneko, entzun egiten du, afektua jasotzen du, gorputza eta sexua ditu; estresa, ilusioa, poza... sentitzen ari da, eta amarekin komunikatzen eta aitarekin ere, horrek amaren sabela ukitzen duenan. Nerabezaroa ez da sexualitateaz hizketan hasteko garaia”. Oinarriak, Estonbaren arabera, hasiera-hasieran ezartzen dira, gaur egun ez baita garai batean bezala eztabaidan jartzen haurrek badutela izan sexualitaterik, eta sexuazio-prozesua haurtzarotik heriotzeraino jarraia eta dinamikoa dela.

“Sexualitatea bizitza osoan garatuz doa. Hasieratik. Lehen bi urteak oso garrantzitsuak dira, edoskitzea, atxikimendua, afektuak, zainketak... ezartzen diren garaia delako, eta  horrek guztiak ziurtasun afektibo bat ematen baitio umeari. Lehen zaintza horiek garrantzitsuak dira norbere buruarekiko (gorputza osa-tzen ari da plazerezko sentsazioetan edo ez plazerezkoetan), eta baita haurraren lehen harremanetarako ere (ama eta gurasoekiko lehen harreman hori konfiantzazkoa edo beldurrezkoa izan daiteke)”. Gutxi gora-behera bi urtetatik aurrera beste fase bat hasten dela ikusten du Estonbak, umea bere gorpu-tza eta amarena ezberdinak direla jabetzen hasten deneko momentua. “Gorputzarekiko harremana, masturbazioa, besteekiko harremanak, erotika... garai bakoitzean desberdina da, baina garrantzitsua da garai bakoitzean modu positiboan bizi-tzea”. Adinean aurrera, sozializazio-agenteek eta arauek gero eta eragin handiago izango dute norberaren bizitza sexualean.

Aitziber Estonbak gurasoei euren seme-alabekin sexualitateaz lasaitasunez hitz egiteko gomendioa egiten die. “Eurek hezi ezean, txiki-txikitatik norabide bakarreko mezuak jasoko dituzte telebistatik eta komunikabideetatik, eta eredu horren arabera hezten ariko dira”. Alabaina, sexualitateaz hitz egiten hasteko, bereizi egin behar dira helduok dugun ikuspegia eta haurrek nola bizi duten. “Askotan geure esperientziatik, mugetatik eta ideietatik epaitzen ditugu haurren jokabideak, eta ikasi egin behar dugu geurea eta seme-alaben sexualitatea bereizten”.  

Umeak atsegin duena eta ez duena bereizten ditu, praktika sexual bat den ala ez pentsatu gabe; ondo dagoen ala ez hausnartu gabe... azken batean,  haurrari (bere gorputzari) plazer ematen dionak zerikusi gutxi dauka (helduon) sexualitate eredu hegemonikoarekin. “Lehenik eta behin gaur egun dagoen eredu sexual nagusitik atera behar dugu, sarketari oso lotua baitago eredu hori eta horrek kanpoan uzten ditu pertsona indibidualaren erotika, pertsona homosexualena, eta baita sarketa ez diren bestelako praktika guzti-guztiak ere, besteak beste, haurrek eta adinekoek bizi ditzaketenak”.

Estonbak sexualitateaz hitz egiteko garaian sexua, sexualitatea eta erotika bereizten ditu. “Sexua garen hori  da. Gutako bakoitza pertsona bakarra da, errepikaezina eta ezberdina. Bakoitzak bere gorputza du”. Sexuaren barruan gizonak eta emakumeak ez dira bi multzo apartekotan bereizten, ‘continuum’ baten barruan baizik, ez % 100 gizonezko, ez % 100 emakumezko. “Gurasoek euren haurra pertsona bakar bezala behatu behar dute, ez sailkatu multzotan. Horrek estereotipoetatik urruntzen lagunduko digu eta geure seme-alaba den bezala ulertzen”. 
Sexualitateak bizipenei eta aukerei egiten die erreferentzia. “Sexualitateak” plurealean aipatzen ditu Estonbak, aukera aniztasunari erreferentzia eginaz. Eta hor barruan  emozioen mundu osoa sartzen da. “Bere emozioak ezagutzen dituen ume batek aurrerapauso bat egina du, ezagutzen baititu emozioek gorputzean sortzen dizkioten erreakzioak, eta hori garrantzitsua izango da bere emozioak kudeatzeko (batez ere gustuko ez dituen emozioak) eta baita besteekin harremantzeko ere (bere burua ezagutzeak eta errespetatzeak lagunduko dio ondokoa errespetatzen).

Besteekin harremantze hori erotikaren esparruan sartzen da, sexualitatea adierazteko modua baita. “Erotika ez da kama-sutra, masturbazioa edo sarketa bakarrik, uneoro ari gara adierazten”. Garai bakoitzak bere erotika du, eta osatzen joaten da, 11 urterekin, 18rekin edo 65ekin.

Gorputza ezagutzen uztea
Estereotipo, espektatiba eta roletatik bereizteko, haurrari bere gorpu-tza ezagutzeko eta bizitzeko aukera ematea hobesten du sexologoak, txiki-txikitatik, urte gozoetan nahiz nerabezaroan. Geure gorputzarekiko dugun esperientziak eta irudiak zeresan handia izango baitu gure sexualitatean. “Kontaktuaren bidez, haurrari masajeak emanaz, biluzik ibili dadin utziz (baita ahal dela pardelik gabe ere), organo genitalekin kontaktu positibioa izaten utziz, masturbazioari buruz erreferentzia negatiboak ez eginaz...  haurrari bere gorputzaren eta sexualitatearen irudi  positiboa izaten lagunduko diogu, eta, era horretan, oinarri seguruak ezarriko ditugu aurrera begira”.

Gizartea, batez ere komunikabideek eskaintzen diguten irudia, oso erotizatua dagoela esaten da sarri, baina Estonbak ñabardura bat ezar-tzen dio esaldi horri. “Gaur egungo gizartea hipersexualizatua dago, sexualitate eredu estereotipatu bat da nagusi, batere sanoa ez dena: bekatu izatetik beste muturrera pasa gara, eta ez mutur batek eta ez besteak ez digute uzten geure izaera eta sexualitatea askatasunean edo modu positiboan bizitzen. Gaur egun sexualitate estereotipatu horrek erreala ez den sexuailtate bat erakusten digu, gorputzetik hasita, harreman superfizialetara... eta eredu horrek, ondo kudeatu eta kontrastatu ezean, frustrazioak eta espektatiba okerrak ekar ditake”.