María Jose Lera, Sevillako Univertsitateko irakaslea
Golden 5 programaren sortzaileetako bat da María José Lera. Sevillako Unibertsitateko Psikologia Fakultateko irakaslea eta ikerlaria da eta helburu argia izan du beti: eskolatik umeen garapen psikologikoa hobetzeko zer egin daitekeen aztertzea. Helburu horrekin abiatu zuten 2004an Golden 5 programa eta orain liburua argitaratu du Lerak: Golden 5: estrategias psicoeducativas para mejorar el aula (Golden 5: ikasgela hobetzeko estrategia psikohezitzaileak). Liburuaz eta Golden 5 programaz mintzatu da Lera elkarrizketan.
Hogei urtetik gora pasa dira Golden 5 programa sortu zenutenetik eta orain liburua argitaratu duzu. Zerk bultzatu zaitu Golden 5 programaren oinarriak liburu batean biltzera?
Golden 5 programak webgunea du eta oso ongi dago: irakasleentzako hainbat baliabide sortu ditugu bost alorretan antolatuta eta zortzi hizkuntzatan aurki daiteke material guztia. Oso ongi dago irakasleek ikasgelen zer egin behar duten jakitea, baina zergatik egiten duten eta atzean dagoen teoria zein den ere jakin behar dute. Horregatik da garrantzitsua teoria hori liburu batean biltzea. Liburuak hiru bloke ditu; lehenengoan oinarri teorikoak lantzen dira, irakasleek jakin behar baitute gauzek zergatik funtzionatzen duten. Demagun erabiltzen duten estrategietako bat beti boligrafo berdearekin zuzentzea dela. Horrek zergatik funtzionatzen duen jakin behar dute. Frogatuta dago gizakiak askoz ere hobeto funtzionatzen duela ongi egiten duena aitortzen zaionean gaizki egiten duena esaten zaionean baino. Lan bati segurtasunetik, motibaziotik edo egiteko gaitasuna dugunaren sentimendutik ekiten diogunean, hobeto aterako zaigu hanka sartzeko beldurretik ekiten baldin badiogu baino. Bigarren blokean webguneko edukia jaso dut, eguneratuta, eta azken blokean Gipuzkoako hainbat irakasleren esperientziak jaso ditut, Gipuzkoan jarraipen handia izan baitu Golden 5ak.
Zein da Golden 5 programaren helburu nagusia?
Helburu nagusia da umeen ongizate psikologikoak hobera egitea eta horren ondorioz, irakasleen ongizate psikologiakoa ere hobetzea. Psikologo gisa bilatzen duguna da jendea zoriontsu izatea. Ongizate psikologikoa hobetzen denean, errendimendu akademikoa ere hobetzen da, jakina. Irakasleen ongizate psikologikoa hobetzen denean ere bajak, estresa, burnout sindromea… saihesten dira. Hori ez da helburu nagusia, baina zeharka lortzen dugu, eskolan atmosfera hobea lortzen dugulako eta horrek guztiengan eragin positiboa duelako.
Hiru teoriatan oinarritzen da. Zein dira?
Lehenik, Ludwig von Bertalanffyren sistemen teoria orokorrean. Teoria horrek dio testuinguruak gugan eragiten duela, eta gizakiok beharrezko ikusten dugunean testuinguruak aldatzeko aukera dugula. Irakasleek askotan esaten digute ezin dutela sistema aldatu eta egia da, ezin dute sistema aldatu, baina haien ikasgela alda dezakete. Bigarrena, oinarrizko behar psikologikoen teoria da, XXI. mendeko teoria da eta arrakasta handia du psikologian. Autodeterminazioaren teoria da eta esaten du gizakiok oinarrizko hiru behar psikologoko asebeteta izan behar ditugula egoki funtzionatzeko: konpetente sentitzea, maitatuak sentitzea eta autonomia dugula sentitzea. Teoria hori ikasgelara eraman dezakegu. Umeak konpetenteago, maitatuago eta autonomoago sentitzen diren testuinguruak sortu al ditzakegu? Hori erraztuko duten ikasgelak sortu al ditzakegu? Bai. Eta hori gertatzen denean, ikasleak intrinsekoki motibatzen dira, gauzak egiteko gogoa eta energia handia dute, arreta jartzen dute eta hori da, azken batean, irakasleok nahi duguna. Gizakiok motibatuta sentituko bagara, gauzak egiteko gai garela, maitatzen gaituztela eta autonomia dugula sentitu behar dugu. Ez dago ume alferrik, motibaziorik gabeko umeak baizik.
Lan bati segurtasunetik, motibaziotik edo egiteko gaitasuna dugunaren sentimendutik ekiten diogunean, hobeto aterako zaigu hanka sartzeko beldurretik ekiten baldin badiogu baino
Eta zein da hirugarren teoria?
Heiderren atribuzioaren teoria da, nik gustukoen dudana. Psikologian oinarrizko teoria da eta hezkuntzan aplika daiteke. Teoria horrek dio esaten diogunaren arabera, pertsona batek gai edo ezgai eta traketsa dela sentituko duela; integratuta edo baztertua sentituko da, eta autonomia edo guk esaten dioguna obligazioz egin behar duela sentituko du. Oso interesgarria da, beraz, kasu horretan ez delako gauza askorik aldatu behar, diskurtsoa baino ez. Pentsatzen duguna ikusten dugula dio teoria horrek eta erraza da, baina diskurtso positiboa ateratzeko nork berak modu positiboan pentsatu behar du, bestela ez delako aterako. Irakasleontzat erronka handia da, ispiluaren aurrean jartzen gaituelako eta profesional gisa aldatzera bultzatzen gaituelako. Golden 5 programa oso gizatiarra da: nola gauden ulertzen laguntzen digu eta ikasleen garapenean eragin handia dugula erakusten digu.
Pertsonalki lan handia eskatzen du ondoren ikasleekin begirada aldatzeko eta zuk proposatzen duzuna Golden 5 betaurrekoak janztea da.
Golden 5a begirada bat dela esaten dugu, eta begirada aldatzea ezinbestekoa da. Hori aipatu zidan lehen pertsona Ahmed Abutawahina zena izan zen, Gazako nire adiskidea. Psikologoa zen eta hezkuntzaren bidez Gazako haurrei erresilientzia hobetzen laguntzen zien. Hark esaten zuen Golden 5a beharrezkoa dela errealitatea beste era batera ulertzen laguntzen dizun begirada bat delako, eta begiratzen duenarentzat —hau da, irakasleentzat— zein jasotzen duenarentzat —ikasleentzat— positiboa dela. Israelek palestinarren aurkako eraso handiren bat egiten zuen bakoitzean deitzen ninduen hara joateko eta 2009an, 2010ean, 2012an, 2014an… izan nintzen Palestinan. Izan ere, egoera bat gero eta estresagarriagoa izan, orduan eta errazago erortzen zaizkizu Golden 5 betaurrekoak eta dena modu negatiboan ikusten duzu. Golden 5ak gauzak modu positiboagoan ikusten laguntzen die ikasleei.
Baita gerra testuinguruetan ere?
Bai; gerra testuinguruetan askoz ere garrantzitsuagoa da. Abutawahinak esaten zidan Israelek bonbardaketa bat egiten duenean, ez dituela soilik eskolak suntsitzen. Ohikoa da ikasgelan ume asko falta izatea hil egin dituztelako, irakasleari ere familiaren zati bat hil izana edota etxerik gabe eta ezer gabe iristea. Nola iritsiko da irakasle hori lanera? Gaizki, jakina: haserre, etsita… Horrelakoetan edozergatik haserretzen gara. Hori guztia albo batera utzi behar dugu eta irribarre batez iritsi behar gara bizirik gaudela esanaz, falta direnei denbora eskaini, lore batzuk jarri, marrazkiak egin… Negargura ematen duen egoera hori beste modu batera begiratzen jartzen gara, han daudenek esperientzia positiboa bizitzen dute eta eskolatik psikologikoki indartsuago ateratzen dira. Hori da nahi duguna. Baina hori horrela izan dadin norbaitek bultza egin behar du, bestela tristura dinamika batean eroriko garelako. Golden 5ak esaten du onak ona deitzen duela eta txarrak txarra deitzen duela. Eta dena txarra denean, nork berak alderdi positiboan kokatu behar du.
Behin printzipio horiek gurekin daramatzagunean, ez da beharrezkoa norbaitek gogoraraztea. Integratzen dugunean horra bueltatzen gara, batez ere arazo bat dugunean; eskolaren bat ongi joan ez denean, zailtasunak dituen ikasleren bat dugunean…
Positiboa handi eta negatiboa txiki bihurtzeko deia egiten du Golden 5ak.
Hori da dugun leloetako bat: ona handi bihurtu behar dugu eta txarra txiki.
Irakasleen hezkuntza praktikak eragina izango du ikasleek dituzten autoeraginkortasun sinesmenetan. Irakasleak esaten dienaren arabera, ikasleek gai direla sinetsiko dute eta lortu arte saiatzen jarraituko dute
Liburuan irakur daiteke urrezko 5 arau dituzuela: porrotaren aurrean, itxaropena; arrakastaren aurrean, sendotasuna; ez-betetzearen aurrean intentzionalitaterik eza; betetzearen aurrean, intentzionalitatea eta ardura; eta azkenik, kongruentzia erraztu eta inkongruentzia esplizitatu. Garrantzitsua al da irakasle bakoitzak bost arau horiek aplikatzea?
Horiek dira betaurrekoei eusten dieten arauak. Eta erortzen direnean, berriro jarri behar ditugu itxaropenik gabe ez dugulako gure lana ongi egingo. Ikasleek arauren bat betetzen ez baldin badute, adibidez, badakigu konturatu gabe egin dutela eta mina edo kaltea konpondu dezaketela; ez dugu geure burua zigortu behar horregatik. Betaurrekoak erortzen direnean nahita egin dutela esaten diegu eta liskarrak eta errietak datoz, gauza negatiboak datoz. Helduok betaurrekoei eutsi behar diegu ikasgelan; guk transmititzen baldin badugu, positiboa kutsatu egiten dugu.
Herrialde askotan aplikatu da jada, Palestinan oihartzuna izan du, eta Euskal Herrira etorrita, Gipuzkoan ere arrakasta handia izan du. Liburuan jasotzen dituzuen esperientzia guztiak bertakoak dira. Zer gertatu da hori horrela izateko?
Azalpena oso erraza da. Golden 5a erraminta kutxa bat da eta profesional talde batek kutxa hori hartzen duenean, probetxua ateratzen dio. Zergatik izan zuen arrakasta Gazan? Abutawahina zegoelako eta profesional handia zelako. Brasilen ere arrakasta du Rita De Souza dagoelako eta hark aurrera eramaten duelako. Eta zergatik izan du arrakasta Gipuzkoan? Berritzeguneak eta profesional handiak diren aholkulariak izan ditugulako, hori guztia azaltzeko eta zabaltzeko testuinguru ona zutenak. Dinamika jakin batzuk bazituzten dagoeneko; mintegiak, etengabeko formazioa… Beraz, erreminta kutxa toki egokira eta pertsona egokien eskuetara iritsi zen.
Gurasoek ezin dute pentsatu seme-alabek ezin dutela, baina nola aldatuko diogu irudi hori familiari? Eskolatik gauza onak esanez
Golden 5 programari buruzko hainbat ikerketa egin dituzu. Zein izan dira ikerketa horietan guztietan atera dituzun emaitza edo ondorio nagusiak?
Emaitza nagusiak hauek izan dira: lehena, irakasleen hezkuntza praktikak ikasleen ongizate psikologikoan eragina duela. Hori agerikoa dela esan dezakete, baina gauza gehiago ere badira: irakasleen hezkuntza praktikak eragina izango du ikasleek dituzten autoeraginkortasun sinesmenetan. Irakasleak esaten dienaren arabera, ikasleek gai direla sinetsiko dute eta lortu arte saiatzen jarraituko dute. Edo, kontrara, ezin dutela pentsatuko dute eta porrota gertatuko da. Ikasleek gai direla sinesten dutenean haien ongizate psikologikoak hobera egiten du. Gipuzkoako datuek esaten digute irakasleek Golden 5a martxan jartzen dutenean, autoeraginkortasun sinesmenek gora egiten dutela, ongizate psikologikoa hobetzen duela eta errendimendu akademikoak ere hobera egiten duela, batez ere, matematiketan.
Zergatik batez ere matematiketan?
Hizkuntza ere neurtzen dugu, baina aldaketa ez da matematiketan bezain nabarmena izaten. Matematiketan hobekuntza hori gertatzen da familiarengandik urrunen dagoen arloa delako, eta gurasoen eraginak ez dituelako ikasleak hainbeste kutsatzen. Nik garapen linguistiko egokia duten gurasoak baldin baditut ziur aski seme-alabek ere hala izango dute; eskolak eragina izango du, baina familiak eragin handia du horretan. Matematiketan, ordea, ez. Beraz, matematiketan ikusten da, batez ere, hobekuntza hori.
Familiak eta klase sozialak ere eragin handia dutela aipatu izan duzu.
Klase soziala erabakigarria da. Hezkuntza praktikek familiaren eragina galtzen dute eta umeak berdintasunean egoteko iristen dira eskolara. Hobeto sentiarazten dituzten irakasleak izanez gero, emaitza positiboa izango da. Tratu onaren garrantziaz hitz egiten ari gara. Bada Golden 5a gustatzen ez zaion jendea, oso positiboa delako eta haren atzean onkeria handia ikusten dutelako, baina gizakiok hobeto funtzionatzen dugu asebeteta beldurrarekin baino, eta zigorrarekiko eta errietarekiko beldurrak ikaskuntza eragozten du.
Ondorio nagusietako bat da ikasleen errendimendu akademikoan eta ongizate psikologikoan eragiteaz gain, Golden 5 programak irakasleen ongizatean ere eragiten duela.
Bai. Umeek ikasgelan arreta jartzen dutela, motibazio altua dutela eta parte hartzen dutela ikusten baldin badu, irakaslea hobeto sentituko da. Elkar elikatzen doan zirkulua da.
Gazteen osasun mentalari buruz asko hitz egiten ari gara azkenaldian, eskola jazarpenaz, nerabeen suizidio saiakerei buruz… Autoestimua hobetzen laguntzen duen neurrian Golden 5a osasun mentala hobetzen lagundu dezakeen tresna bat al da?
Bai, ongizate psikologikoa, autoeraginkortasun sinesmenak eta autoestimua hobetzen baititu. Duela urte batzuk Durangoko institutu batean izan nintzen. Zenbait gelatan arazoak zituzten umeak elkarrekin jarri zituzten eta Golden 5ari teknika hori ez zaio gehiegi gustatzen, ikasle guztiak nahastuta egotea gustatzen zaigulako. Institutuko gela horietara sartzen ziren irakasleek Golden betaurrekoak jartzeko borondatea zuten. Ikasleak oso gustura zeuden; esaten zuten inoiz ez zirela eskolan hain gustura egon, bertara joateko gogoa zutela, irakasleek entzun, lagundu eta ulertzen zituztela, exigentzia maila jaitsi eta errendimendua igo zela… Horrek guztiak etxean eraginik izan ote zuen galdetu nien eta baietz esan zidaten, etxean ere liskar gutxiago zituztela. Beraz, Golden betaurrekoak eskolan eta etxean partekatu behar ditugu. Gurasoek ezin dute pentsatu seme-alabek ezin dutela, baina nola aldatuko diogu irudi hori familiari? Eskolatik gauza onak esanez. Eta hori normalean egiten denaren kontrako dinamika da, ohikoa baita familiari gauza negatiboak kontatzeko deitzea. Hori aldatzea garrantzitsua da: irakasleek seme-alaben alderdi positiboen berri eman behar diote familiari. Modu horretan, familia ongi sentituko da; guraso gisa hobeto sentitzen baikara gure seme-alabak ongi doazenean gaizki doazenean baino.
Bigarren Hezkuntzarako pentsatutako programa bat da, baina Lehen Hezkuntzan ere aplikatzen da…
Arazorik handienak DBHko 2. eta 3. mailatan atzeman genituen, hor dago batez ere porrota. DBHko 1. maila trantsizio modura hartzen dugu, baina 2. mailatik aurrera, porrotak agertzen dira. Horrek ondoeza dakar, bai ikasleentzat eta baita irakasleentzat ere. Gerora konturatu ginen Lehen Hezkuntzan aplikatzea errazagoa dela eta maila horietan ikasleek irakasle guztiengandik jaso dezaketela. Haur Hezkuntzan aplikatzea, berriz, oso erraza da. Batxilergoan ere erabili daiteke, baina DBHrako sortu genuen nerabeengan eragin handia izan dezakeelako eta baita etapa horretako irakasleen hezkuntza praktikak aldatzeko ere, askotan zentzugabeak izaten baitira. Lehen Hezkuntzako irakasleek, Bigarren Hezkuntzara doazenean ikasleak animatu beharrean, beldurra sartzen diete. Eta Bigarren Hezkuntzara iristen direnean hau jada ez dela lehengoa entzuten dute. Ikasleak beldurrez egoten dira eta horrek haien erdiak arazoak izatea dakar, etapari ekiteko moduagatik soilik. Hori aldatu egin behar da eta irakasleak formatu behar ditugu. Ikasleek entzun behar dute Bigarren Hezkuntzan ongi pasako dutela, lagun berriak egingo dituztela, jendea ezagutuko dutela eta askatasun handiagoa izango dutela.
Ikasleek entzun behar dute Bigarren Hezkuntzan ongi pasako dutela, lagun berriak egingo dituztela, jendea ezagutuko dutela eta askatasun handiagoa izango dutela
Arazoak dituzten ikasleak aipatu ditugu, baina Golden 5ak gaitasun handiak dituzten umeengatik zerbait egin al dezake?
Bai. Eskolak muga goitik jartzen du. Eskolak normaltzat hartzen duena lortzen duena ongi doa, iristen ez dena gaizki doa, baina zer gertatzen da hortik gora daudenekin? Bestelako gaitasunak eta jakin-mina dituztenekin? Zer egiten du eskolak haiengatik? Potentzialtasun handia galtzen da. Eta Golden 5ak lekua du, hainbat aukera eta ikaskuntza estrategia ezberdinak eskaintzen dituelako. Gaitasun handiak dituzten pertsonak askotan ez dakite testuinguru normalizatu batean aritzen eta horientzat ere baliagarria da.
Galdera laburrak
01. Eskola garaiko oroitzapen on bat?
Lehen Hezkuntzako 6. mailan Natur Zientzietako irakasleak mural bat egin ondoren nire sormena harrigarria zela esan zidan. Irakasle gehienek asko maite izan naute eta horri esker iritsi naiz hona.
02. Eskola garaiko oroitzapen txar bat?
Lehen urteetan mojekin ikasi nuen eta mojak oso gaiztoak ziren nirekin, oso klasistak ziren. Uniformea erabili behar genuen, baina maiatzean udaberriko arropa jantzi genezakeen eta amak berak egindako marinel jantzi bat jantzi zidan. Mojek gelaz gela eraman ninduten besteek ikas zezaten inoiz ezin zela eskolara galtza motzekin joan.
03. Nolako eskola amesten duzu?
Eskola libre eta ireki batekin egiten dut amets, arau zurrunik gabeko eskolarekin eta haurren beharrei egokituko zaien eskola batekin.
04. Zuretzat garrantzitsua den balio bat?
Elkartasuna.
05. Hezkuntzari buruzko film bat edo liburu bat?
Dead poets society filma.