Uxue Razkin editorearen iritzi artikulua.

 

Ezin zaio ama bati agur esan» izan da, Cómo se le dice adiós a una madre (Pepitas, 2025) argitaratu dudanetik, gehien entzun dudan esaldia. Honatx beste bat: «Zuk lortu duzu amari agur esatea?». Ez, ez dut lortu. Eta ez dakit posible ote den.

Idazten hasi nintzenean, ama gaixorik zegoen, pattal. Gogoan dut ospitaleko txandetan idazten nuela, baita etxera iristen nintzenean ere. Ama hil zenean, halabeharrez hasi nintzen oroitzapenak erreskatatzen, koadernoetan idazten. Amak jada ez zuen hitz egingo. Memoria-lana nekeza suertatzen zitzaidan eta, batez ere, mingarria. Alabaina, iruditzen zitzaidan ez neukala beste aukerarik, bere aurpegia ahaztu nahi ez banuen, bederen. Urte mordoa eman dut oroitzen nuen guztia idazten, desesperaziotik oso hurbil, ariketa hori eginez zerbait salbatuko banu bezala. Bera. Ni. Auskalo.

Idazketa beti izan da niretzat ihesbidea. Boligrafoa orri zurira hurbiltzen nuen bakoitzean, amak bere burua nigana biratzen zuela sentitzen nuen. Zimiko bat bihotzean. Amaren gaixotasunaren eta heriotzaren inguruan idatzi dudanetan, sukaldeko aulkitik egin dit irribarre. Gauzak ulertzen ez ditudanean, idatzi egiten dut. Batzuetan ez naiz sortzen diren galderak erantzuteko gai, baina sarritan aurkitzen dut galdera horiek argitzeko bidea. Literaturak eman dit hori: galdera deserosoak egin eta emozio berriak deskubritzeko aukera. Neure burua ulertzeko aukera, alegia.

Literatura nire salbazioa izan da. Amaren eskuetatik jaso nuen, gainera; liburuekiko lilura berak transmititu zidan. Liburuan azaltzen dut hil baino hilabete lehenago, amak apalategi bat oparitu zidala logelan jartzeko. Erraldoia zen, munduko istorio guztiak kabitzeko adina. Ez dago niretzat opari ederragorik munduan.

Literaturak sendatu dizkit zauriak betidanik, eta amaren heriotzarena izan da handiena. Asko irakurri dut nire dolu-prozesuan, jakin-mina asetzeko nahikoa idazle ezagutu ditut; haien mina neurea eginez. Istorioekin identifikatu naiz eta aurrera egiten lagundu didate Joan Didionek, Annie Ernauxek, Tatiana Tibuleac-ek, Malgorzata Lebdak, Erica Van Hornek, Inès Cagnatik, Sylvia Molloyk eta Delphine de Viganek, besteak beste. Ezin esan literatura boteretsua ez denik.

Ez dakit argitaratu dudan testua agur bat den. Literatura-ariketa bat eginez, ama gogoratzea, omenaldi bat egitea izan da helburua: ama maite dudala esatea, berak maite ninduen bezala; asko eta erreparorik gabe. Maitasun-gutun bat idatzi dut, bere osabak erbestetik partitura bat eskaini zion bezalaxe. Distantziak laburtzen gabiltza beti.