Pantailak modu egokian erabili daitezke, betiere erabilera horrek ekarpena egiten baldin badigu.
Pantailak modu egokian erabili daitezke, betiere erabilera horrek ekarpena egiten baldin badigu. Amaia Arroyo Sagasta HUHEZIko irakasle eta ikerlariak garbi du: gaztetxoen ondoan egotea eta bidean laguntzea beharrezkoa da umezurtz digital bihur ez daitezen.
Amaia Arroyo Sagasta Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultateko irakasle eta ikerlaria izan genuen gonbidatu Non edo non bideopodcastaren 4. atalean eta pantailak izan genituen hizpide. Haurrak pantailak erabiltzen gero eta lehenago hasten diren arren, nerabeek asko erabiltzen dituzte eta nerabezaroan zein aurrez, erabilera egokia sustatzeko gakoak eskaini zituen Arroyok.
Sustrai Colina bertsolariak egindako galdera erantzun zuen adituak solasaldiari ekin aurretik: “Pantailek inguratuta bizi gara eta horri ezin diogu ihes egin, baina non edo non entzun dut gakoa erabilera egokian dagoela. Zein da erabilera egokia?”. Argi eta garbi erantzun zuen Arroyok: “Erabilera egokia, minusak baino plus gehiago dituena da; ekarpena egiten diguna. Kalte handiegirik egin gabe, komunikatzeko, jolasteko edota entretenitzeko aukera ematen diguna. Oreka bilatu behar dugu; hor dago gakoa”. Ideia horri jarraituta, erabilera desegokia hauxe izango litzateke: “Minus gehiago dituena. Adibide bat jartzearren, teknologiak elkarren artean komunikatzeko erabiltzen baldin baditugu, komunikazioan ekarpena egingo digute, baina beste pertsona batzuengandik aldenduko gaituzte eta beste jarduera batzuk egiteko denbora kenduko digute”.
Erabilera egokia edo desegokia den ebazteko orduan, testuinguruari begiratzea ezinbestekoa dela dio Arroyok: “Sare sozialen kasuan, gaztetxoak denbora luzez inolako kontrolik eta bidelaguntzarik gabe ari direnean, erabilera desegokia da. Neurri handi batean, ez dugulako erabilera gainbegiratzen. Aldiz, erabilera egokia izan daiteke familian bideo-jokoetan aritzea, adibidez. Denok batera oso ongi pasatzen dugu eta ez gaitu isolatzen”.
Erabilera egokia, minusak baino plus gehiago dituena da; ekarpena egiten diguna. Kalte handiegirik egin gabe, komunikatzeko, jolasteko edota entretenitzeko aukera ematen diguna
Arriskuak eta abantailak
Pantailek arriskuak dituzte, baina baita abantailak ere: egunerokoa errazten digute eta dena klik bakarrera izateak lasaitasuna, erosotasuna edota informazio asko eskura edukitzea dakar. Horrek arriskurik ere badu, ordea, Arroyoren hitzetan: “Teknologien diseinua iluna da eta manipulatua dago. Produktuak gara eta ekosistema horretan gure arreta bereganatu nahi dute, gauzak ahaztea edo gauza bakarrean zentratzea nahi dute. Garapen psikoebolutiboari arreta jarri behar diogu eta kontuan izan behar dugu, garapenaren momentuaren arabera input batzuk ez direla egokiak izango”.
Umeek eta gazteek pantailaren aurrean zenbat denbora pasatzen duten begiratzen dugula dio Arroyok, baina arazoa ez dela denbora kontua soilik: “Eztabaidetan aldagai nagusia denbora izaten da: zenbat denbora egon behar duten pantailaren aurrean, eta ez da denbora kontua, baizik eta ikasteko edo entretenitzeko zer esperientzia eskaintzen ari garen. Une horien kalitatea neurtu behar dugu haurraren momentu eta egoera psikoebolutiboa kontuan hartuz. Aldagai garrantzitsuenak ez dira kuantitatiboak, ez dira denbora eta adina, baizik eta esperientzia bera”.
Helduok haien ondoan eta presente egotea beharrezkoa dela ere azpimarratu nahi izan du Arroyok: “Mundu digitala ulertzen lagundu behar diegu, ez dira natibo digitalak eta bidelaguntzarik izan ezean umezurtz digitalak bihur daitezke. Estrategiak gurekin batera garatu behar dituzte; ondoan egon behar dugu haiek konturatu ezean, zerbait egokia ez dela esateko, kritiko bihurtzeko galderak egiteko edota hainbat jokabide aztertzeko”. Atala Hik Hasiren YouTube kanalean duzue ikusgai.
Noiz bai eta noiz ez
Pantailen eta gailu teknologikoen erabilera egokia eta desegokia azaltzen duten hainbat egoera aztertu zituen Arroyok. Adinak garrantzia du, helduok umearen garapen unearen arabera jokatu behar dugulako eta nerabezaroan erabilerak gora egiten baldin badu ere, txikitatik aintzat hartu beharreko hainbat alderdi badira.
• 2 urteko semeak otordu guztiak pantailari begira egiten ditu jatun txarra delako.
Erabilera desegokia
Arroyoren hausnarketa: “Ezin ditugu otorduak baldintzatu haurrak pantailarekiko duen atxikimenduagatik. Guri ahalegin handiagoa eskatzen digu pantailarik ez egoteak, baina arriskutsua da haurrarengan jatearen eta pantailaren arteko lotura sortzea.
• 4 urteko umea parkean jolasten ari da. Ama harengandik bost metrora eserita dago telefonoari begira.
Aztertu beharreko erabilera
Arroyoren hausnarketa: “Amak hori egiteko ohitura duelako izan daiteke eta kasu horretan esango nuke erabilera desegokia dela, baina izan daiteke familian egoera latza duela eta horri buruz hitz egin behar duela”.
• 7 urteko semeari smartwacha erosi diogu. Izugarri gustatzen zaizkio eta horrela, gainera, gu ere lasaiago egongo gara non eta nola dabilen jakiteko hari deitzearekin aski delako.
Erabilera desegokia
Arroyoren hausnarketa: “Nik ez nioke emango. Edozein kasutan, erabaki kontzientea izan behar da”.
• 8 urteko alabak irteera du bihar eta eramango duen arropa aukeratu behar dugunez, gurasoon mugikorreko eguraldiaren aplikazioan begiratu dugu euririk egingo duen ala ez.
Erabilera egokia
Arroyoren hausnarketa: “Erabilera hori gustuko dut. Eredua hau da: informazioa kontsultatuko dugu, baina erabakia geuk hartuko dugu. Minutu bateko edo bi minutuko kontua da eta iragarpena irakur daiteke, irakurketa eta ulermena lantzen ari da… Mota horretarako erabilerak plus gehiago ditu minusak baino”.
• 14 urteko alaba eskolatik atera berri da eta egun osoa lagunartean pasa du. Kalean topatu gara eta esan dit etxera doala lagunekin bideo-deia egitera.
Aztertu beharreko erabilera
Arroyoren hausnarketa: “Guk ere hitz egiten genuen telefonoz, paralelismoa berdina da. Egoera aztertu beharko genuke: zer aukera du gazte horrek lagunekin kalean egoteko? Ba al du inguruan gaztelekurik? Aisialdirako dituzten alternatiba analogikoei buruz pentsatu behar dugu. Ez nuke esango egokia denik, baina testuingurua aintzat hartzea ezinbestekoa da”.