Ume jaioberria besoetan dutela ama askok errepikatzen duten esaldia da ‘ez dut ezer egiten egun osoan’ edo ‘ez dut lortzen ezer egiterik’. Naomi Standlen psikoterapeuta ingelesak ez du horrela ikusten. Uste horri buelta ematea aldarrikatzen du, egote horren azpian izugarrizko lana egiten dutelako zaintza-lanean ari diren gurasoek. Ezer ez egitetik urrun, dena egiten ari baitira.

Ume jaioberri batekin pasatzen den denbora emankorra edo produktiboa izan daiteke, baina normalean amek ez dutela horrela ikusten dio Naomi Standlen psikoterapeuta ingelesak. Ehunka guraso elkarrizketatu eta ezagutu ditu haiei laguntzeko taldeetan ia hiru hamarkadatan, adin eta jatorri anitzekoak. Haurren heziketan eta hazieran amez gain aitek eta inguruko beste batzuek parte hartzen duten arren, Standlenek gurasoen eta umearen artean sortzen den harremanean sakondu du. Hortik abiatuta dio guraso gehienei entzun diela “ez dut ezer egiten egun osoan” edo “ez dut lortzen ezer egiterik”.

Egia da hasieran kultur-talka handia dagoela. Bere bizitzako erritmoa jaistera behartuta dago ama umearen erritmora egokitzeko, eta berdin ardura hori hartzen duen aita. Gaur eguneko bizitza frenetikora ohitutako pertsona ororentzat kontrastea izugarria da. Nolabait bere kontzientzia aktiboa alde batera utzi behar du eta askoz ere sinpleagoa eta zaharragoa den zerbaiti heldu behar dio baldin eta umearen mundura gerturatu nahi badu. Eta ez da erraza. Lehen zuen ekintza askatasuna desagertu egiten da, eta etxetik kanpo lan egiten jarraitzen badu, asko murrizten da askatasun hori. 
Umea zaintzea ordu luzeetan lasai eserita egotea izan daiteke, ordura arteko bizimoduko joan-etorrietatik urrun. Egiteko askoko zerrenda alboratu eta erritmoa mantsotu egiten da. Ume jaioberri batekin ekintzarik ez dago. Esate baterako, ama batek ezin du azkartzeko botoia sakatu bularra ematen ari denean. Umeak bularra hartzen du, gelditu egiten da, amari begiratu, titia hartzen jarraitu, begiak itxi eta lokartu. Baina ama mugitzen baldin bada, berehala esnatzen da berriro titia hartzen jarraitzeko. Bitarte horretan denean ama umearekin dago eta badirudi harreman ikustezin hori “ezer ez egitea” dela. Baina Standlenen iritziz, “ezer ez egitetik urrun, dena egiten ari da ama hori: egonkortasuna ematen, garapenean laguntzen, sostengua ematen eta abar.

Eta horixe da aldatu behar dena, hain zuzen ere, Erresuma Batuko psikoterapeutaren ustez: “ama bat ume jaioberriarekin lasai eserita dagoenean gerta liteke begi-bistako lorpenik ez ikustea. Harreman hori “egun osoan ezer ez egitea” bezala ikusten den heinean, guraso gehienei kosta egingo zaie egiten dutenari balioa ematea. Lortzen diren ageriko aldaketekin bakarrik sentitzen direlako baloratuak. Hona hemen ama batzuen bizipenak eta usteak:
“Egunaren zati handiena izaten pasatzen dut, ez egiten. Egitea gustatuko litzaidakeen gauza asko utzi egin behar ditut, baina nire semearen ama izaten ari naiz. Horrek ez du esan nahi ni ez naizenik, baina orainaldian izaten ikasten ari naiz”, dio sei hilabeteko seme baten amak.

“Prokuradorea naiz. Umea izan aurretik egiten nuen lanean ordu laurden bakoitza justifikatu behar nuen. Orain ordu laurden bat ezer egin gabe pasatzen da”. 3 hilabeteko ume baten amaren hitzak dira.

“Lanean ari zarenean, badakizu egun horretan zer egin duzun: hainbeste telefono dei, hainbeste posta elektroniko erantzun... frogatu dezakezu. Aldiz, umeari begiratzen diodanean egun osoan lanean aritu ondoren, ez dut alderik ikusten: nora joan da neure ama-ahalegin guztia?”. Bi hilabeteko umearen ama baten bizipena.

Hitzak behar dira egiten dena bistaratzeko
Gurasoek duten ikuspegi hori aldatu egin behar da psikoterapeutaren ustez. Begi-bistako aldaketak ezdeusak izan daitezkeen ekintzetatik etor daitezke, Jessie Bernard soziologoak dioen moduan: “Pardelak aldatzea, tiritak jartzea eta zabuan bultzatzea bezalako ekintza ezdeusekin belaunaldi askotako umeak babestu, zaindu eta sozializatu dira”.
“Ez dut ezer egitea lortzen” esanez martirizatzen diren gurasoei laguntzea eta “asko egiten dut” esatea da xedea. Zaintza erdigunean jartzeko ahalegina egiten den garaiotan, funtsezkoa da umearen zaintzan ari diren amak edota pertsonak eurak izatea hiztegia aldatzen lehenak. Umea zaintzen etxean geratu den gurasoari “lanera hasi al zara?” galdetzean, ohikoena horrelako erantzunak entzutea da: “ez, oraindik ez, etxean nago umea zaintzen”, “eszendentzian nago” eta antzekoak. Hori lana ez balitz bezala. Erantzunak bestelakoa izan beharko luke: “soldatapeko lanera ez naiz itzuli, baina etxean lanean ari naiz, umea hazten eta hezten ari naiz”. Ama bakoitzak haziera lan hori baloratzeko, hitzak aldatzen hasi beharra dago.


Zer egiten du gurasoak umearekin supermerkatu batean? 

Ama edo aita bat bere ume koskorrarekin supermerkatura joaten da. Une horretan guraso hori aldi berean hainbat modutara erlazionatzen da umearekin. Bere adineko ume batek supermerkatuan nolako jarrera eduki beharko lukeen erakusten ari zaio. Apaletatik gauzak ez direla botatzen esaten dionean, nola jokatu behar duen esaten ari zaio. Gauza bera erosketa-saskia eskuetan duen guztiarekin ez dela betetzen azaltzen dionean, baizik eta produktuak aukeratu eta ordaindu egiten direla. Bere balore pertsonalak eta egiteko moduak erakusten dizkio erosten ari diren bitartean: prezioak kalkulatzen, azkartasunari lehentasuna ematen edota langileekin nola erlazionatzen den.

Ez dio modu zorrotz batean erakusten, baizik eta bien mundua partekatuz. Eta hori oso nekagarria da. Hori egiteko denbora bikoitza behar du gurasoak. Uneoro aldendu behar du helduen erosketen mundutik ume laguntzailearen haur-mundura joateko. Eta gaizki-ulerturen bat baldin badago, bi munduren arteko bitartekaritza egin beharko du.

Baina hori guztia ulertzen al da? Supermerkatuko guraso horri zer egiten ari den galdetzen baldin bazaio, seguraski zera erantzungo du: “erosketak”. Beste erosleei eta supermerkatuko langileei galdetzen bazaie zer egiten ari den guraso hori, gehienek “erosketak” esango lukete. Alabaina, hori baino askoz gehiago ari da egiten. Bi lan ari da egiten, ez bakarra. Bigarren lana lehendabizikotik eratortzen den lan isila da, ez du izen jakinik. Ume bat eskolara joaten hasten denean, profesionalek “sozializazioaren” garrantziaz hitz egiten dute. Haatik, guraso bat bere umea pixkanaka eta gauza asko eginez sozializatzen ari denean, ez da aintzat hartzen, zeren mundu guztiak pentsatzen du besterik gabe “erosketak” egiten ari dela.

Guraso hori erosketak egitera mugatzen baldin bada, orduan umea oztopo dela dirudi; mantsoago joatera behartzen du eta gauzak bere ohiko eraginkortasunarekin egitea galarazten dio. Baina egiten duen guztia bere lantzat hartzen baldin bada, bere egitekoa “erosketak egitea eta zaintzea” dela esan daiteke. Horrela, umea beste modu batetara kokatzen da gurasoaren ekintzetan. Eta horrek esplikatuko luke zergatik dagoen gurasoa nekatuta eta suminkor erosketak egin ondoren. Bi lan bakarra baino gogorragoak dira. Eta are gogorragoa egingo zaio bigarren lana aintzat hartzen ez badu eta bat bakarra egin duela uste badu.

Ulermen falta hori etxera iritsitakoan ere ikus daiteke. Erosketak poltsatik ateratzean, gurasoak ahalegin horren emaitzak ikusten ditu. Aldiz, umeari begiratu eta ez du aldaketa handirik ikusten, barneko aldaketak ez baitira hain azkar antzematen.