Martxoak 8aren harira, El Parto Es Nuestro elkarteak biolentzia obstetrikoaren aurkako kanpaina egin du, zehazki prozedura mediku behartuen eta ez baimenduen aurkakoa. Ospitale askotan, oraindik ere, emakumeak ugalketa-prozesuan "modu infantilizatu eta ezgaituan" tratatzen dituztela salatu dute.

Emakumeen askapen eta gizonekiko aukera eta eskubide berdintasunen inguruko mezuz bete ziren kaleak, beste behin, iragan martxoaren 8an. Mezu asko emakumeen kontrako biolentziaren ingurukoak ziren, emakumeek, emakume izate hutsagatik, esparru eta eremu anitzetan pairatzen dituzten indarkerien kontrakoak. Biolentzia obstetrikoa —emakumeen gorputzen aurka edo ugalketa-prozesuaren aurka osasungintzako langileek egin ditzaketen ekintzak eta izan ditzaketen jarrerak— ikusarazteko eta salatzeko mezuak ere izan ziren, bereziki El Parto Es Nuestro elkarteak, eta tartean Bilboko delegaritzak bultzaturik. Aurtengo M8an prozedura mediku behartuen eta ez baimenduen aurkako kanpaina egin du erditze errespetatuaren aldeko taldeak, emakumeak oraindik ere, ospitale askotan haurdunaldian zehar, erditzean, erditze ostean eta edoskitze-garaian "modu infantilizatu eta ezgaituan" tratatzen dituztela salatu dute.

Emakumeak ahaldundu eta euren haurdunaldi-, erditze- eta erditze-osteko prozesuen jabe izateko, batetik, eta, bestetik, sistema medikuaren barruan gerta litezkeen prozedura okerrak salatzeko, El Parto Es Nuestroren aurtengo kanpainak hainbat puntu nabarmendu ditu: erditze-prozesuan emakumeak subjektutzat hartzearen premia; biolentzia obstetriko ikusgarri eta ikusezinaren salaketa; justizia eta polizia ugalketa-prozesuetan sartzearen arriskua, eta erditze arruntetan 39. astean induzitzeko jarreren arriskua, besteak beste.

"Ez ezetz da, erditzean ere"
Erditzeak artatzen dituzten ospitale batzuetan oraindik ere gerta daitekeen biolentzia obstetrikoaren salaketa da El Parto Es Nuestroren lan lerroetako bat. Gure gorputza ez da jostailu bat: biolentzia obstetriko gehiago ez lemapean "emakumeek haurdunaldian, erditzean eta erditze-ostean sufritzen jarraitzen duten biolentzia" salatu dute elkartetik. Espainiako Estatuko datuez mintzo direlarik, salatzen dute “berez beharrezko ez liratekeen 49.000 zesarea” egiten direla urtean, eta “berez egin beharrik ez leudekeen” 117.000 episiotomia. “Horiek biolentzia obstetrikoaren icebergaren punta dira, ikusgarri eta kontagarri diren kasuak”. Baina “emakumeen gorputzaren (eta haur jaioberrien gorputzen) kontrako praktika ikusezin eta zenbaezin kasu gehiago” egon litezkeela salatzen dute. “Oraindik ere, bidegabeki tratatzen gaituzte emakumeok, objektuak bagina bezala; ez gara subjetu aktibo ugalketa prozesuan”.

Ikusgarria eta zenbagarria ez den biolentzia obstetrikoari aurpegia jartze aldera, emakumeen intimitatea urratzen denean biolentzia dagoela salatzen du El Parto Es Nuestro elkarteak: “Emakumearen pribatutasun fisiko eta emozionalean errespeturik gabe sartzen diren profesionalak biolentzia erabiltzen ari dira emakumeen aurka, esate baterako, behin eta berriro eta hainbat pertsonek baginaren ukipenak egiten dizkiotenean andre bati, edo erditzeetan beharrezko diren profesionaletatik harago jende gehiago sartzen denean”.
Biolentzia obstetrikoa da, baita ere, emagin eta emakume-amek osatzen duten elkarte horren arabera, errutinaz emakumeei episiotomia egitea, edota erditzea azkartzeko Kristeller maniobrarekin jarraitzea, azken hau Hego Euskal Herriko ospitaleetan ere egiten dena, amarentzako eta haurrarentzako izan ditzakeen arriskuengatik SEGO Espainiako Ginekologia eta Obstetrizia Elkarteak gaitzesten duena eta hainbat herrialdetan 
—Erresuma Batuan esate baterako— debekatua dagoen maniobra.

“Zesarea judiziala = justizia patriarkala”
Espainiako Estatuan iaz gutxienez bost kasutan epaileek erditzea induzitzera edo zesarea bidez gauzatzera behartu zituzten haurdun zeuden emakumeak, euren borondatearen kontra. El Parto Es Nuestrok gai honetan atzerapauso handia egin dela salatzen du, osasungintzako profesionalek deituta polizia eta epaileak erditze-prozesuetan sartzearekin. “Ez genuen sekula pentsatuko azkoinen estutze penagarri hau bizi izango genuenik. Baina hementxe daukagu. Duela urte batzuk, erditze eta jaiotzaren artatze errespetatuaren alde lanean hasi ginenean, gure oinarrizko eskubideak errespetatzearen alde (egiazko informazioa, erabakitzeko autonomia, tratu onak eta ebidentzia zientifikoaren araberako artatzea), uste genuen arazo guztia biolentzia obstetrikoa, oinarrizko eskubideen urraketa, gomendio ofizialak ez errespetatzea edo praktika txarrak zirela. Ohean, jarrera etzanean, beharturik erditzea bezalako praktika txarrak, episiotomia sistematikoak, behar ez ziren indukzioak, oxitozina gehiegizkoak, esku-hartze desegokietatik eratorritako erditze instrumentalizatuak… inoiz ez genuen pentsatuko okerrera egin zitekeenik, baina gertatu da. Amen aurkako eraso berrien aurrean aurkitzen gara, errepresio, eraso eta beldurtze-teknika berriekin. Emakume haurdunen iritziaren kontra euren praktika ezartzeko Estatuaren segurtasun gorputzak (epaileak eta poliziak) erabiltzen ari diren sanitarioez ari gara, emakumeak esku-hartze zalantzagarri, zaharkitu eta ez baimenduetara behartzen dituzten osasungintzako langileez”.

“Beharturiko indukzioa, tortura eta biolazioa”
39. astean erditzea induzitzearen arriskuez ohartarazi du El Parto Es Nuestrok. Berriki Espainiako Ginekologia eta Obstetrizia Elkartearen Medikuntza Perinatalaren Kongresu Nazionalean Arrive txostenaren emaitzak zabaldu zituzten, ustez zesarea-tasak jaisteko helburuarekin, arrisku baxuko erditzeetan ere 39. astean indukzio elektiboak bultatzearen aldeko txostena, eta horren atzetik, SEGOk profesionalen artean erditzeak 39. astean induzitzearen inguruko inkesta bat egin du. Txostenak eta inkestak alarma sortu dute osasungintzako beste hainbat langileren, amen eta El Parto Es Nuestroko kideen artean. “Hasteko, erditze bat normaltzat kontsideratzen da 37tik 42 astera bitartean, beraz, 42. astetik luzatzen den haurdunaldian gomendatzen da erditzea induzitzea, haurraren heriotza saiheste-aldera, baina 
39. astean arrisku baxuko erditze normalak induzitzeko aukera hau prozesu fisiologiko baten medikalizazioa litzateke”.

“Gure erditzea, gure erabakia”
Iaz bezala, aurtengo M8an EL Parto Es Nuestroko emagin, osasungintzako langile eta gainerako kideen mezu nagusia emakumeak euren ugalketa-prozesuaren jabe egitearen aldekoa izan da: “Feminismoak lagundu digu ulertzen erditze mingarri eta traumatiko askotan gertatzen den biolentzia ez dela gertakari isolatu bat, baizik eta egiturazkoa dela, gure gizarteko beste egitura patriarkalen eskemak erreproduzitzen dituena, hain zuzen ere —idatzi dute—. Feminismoak biolentzia obstetrikoari izena jartzen lagundu digu eta ulertzen zergatik egiten diren, oraindik ere, praktika desegoki batzuk eta praktika medikuaskoren jatorri androzentrikoa ikusarazi digu. Baina feminismoak, batik bat, aldaketarako tresnak eman dizkigu. Gure eta gure seme-alaben eskubideen defentsarako bidea irudikatzeko haurdunaldian eta erditzean. Batu egiten gaitu eta indartsuago egiten gaitu. Erditzea gurea da, izan da eta izango da. Erditzeko behar den guztia daukagulako, gure gorputzak eta gure indarra”.