Imanol Alvarez Varela, Bilboko Ellacuria-Zurbaran institutuko Filosofia irakaslearen eta hikhasitarraren iritzi artikulua.

 

Beste kurtso bat bukatzear dagoen honetan, gaur urtebete idatzitako Ez gaindituak artikuluaren bigarren zatia idatzi nahi dut. Gertakizun bera hainbat ikuspuntutatik aurkezten duten film poliedriko horietan bezala, aurrekoan fokua irakasleongan jarri nuen eta oraingoan Hezkuntza Saila izango da protagonista.

Eraldaketa pedagogiko sakonen beharra duen hezkuntza sistema batean gaudela onartuta, ikasleak gehiegi babesten dituen neurri sasi-pedagogikoetan jausten ari garela iruditzen zait. Familiei saldu nahi zaien arreta indibidualaren kimera postmodernoaren aterkipean, salbuespenaren ondorengoa bilakatu dugu suspentsoa. Momenturen batean, ikasle bakoitza dagokion kurtsoan kokatzea baino ideia hobea iruditu zaigu, klaseko herenari hamaika errefortzu eta moldaketa curricular egitea. Gure ikasleak eta familiak ez frustratzea lehentasuna da. Zilegi den eztabaida pedagogikoa, errotik mozten du bideragarritasunak ordea. Dekretuak edozer sostengatzen duela badakigu; errealitateak, ez.

Baina nondik dator hori, nola gauzatzen da eta zein dira ondorioak? Mundua bezain zaharra da kaka alfonbra azpian sartzea, eta hori da Hezkuntza Sailak eskola porrotarekin egiten duena. Bide batez, dirutza bat balio duten masterrak bereizketa elementu bilakatzen badira, harri batekin, bi kolpe. Horietatik prestigiotsuenak, unibertsitate pribatuek eskaintzen dituztelarik, jakina. Diseinatutako hezkuntza politika kontziente bati buruz ari naiz beraz, baina irakasleon konplizitaterik gabe ezingo lukeena aurrera egin. Badakit justifikazio txostenek eta ikuskariek presio handia egiten dutela, horretarako daude, baina, Hezkuntza Sailak arazoa saihesten duen moduan saihesten dugu askotan guk gatazka gure testuinguruan. Etxean mugarik ez dietela jartzen salatzen dugu, baina guk ere ez. Egin dezagun gure esku dagoena, behintzat.

Ikasleen lanerako jarreraren zein gaitasun akademikoen beherakada itzela da ikusten hasi garen lehen ondorioa. Apurka-apurka, gizartearen esparru guztietan nabaritzen hasia dena. Baina larriagoa iruditzen zaizkidan beste bi ondorio daude: frustrazioaren eta egoera konplexuen kudeaketari aurre egiteko ezintasuna, batetik, eta arrakala sozialaren handitzea, bestetik. Langilegoaren seme-alabak unibertsitatera heldu zirenetik, masterrak bermatzen du orain dirua dutenen maila. Eta ez naiz ari akademikoaz.