Bizi guztian bidelagun izango ditugu beldurrak, garapenarekin batera baitoaz. Txikitako beldurrak ezagunak dira, baina urte gozoetan ere haurrek beldur handiak izaten dituzte, pentsamendua garatzearekin batera heriotzaz jabetzen hasten baitira.
Badakigu ume txikiek beldur handiak izaten dituztela, iluntasunari beldurra, bakarrik lo egiteari beldurra… baina hain txikiak ez diren haurrek ere beldurrak izaten dituzte, batzuetan beldur handiak. “Beldurrak garapen-etapekin lotuta daude, eta hil arte, intentsitate handiagoz edo txikiagoz, gurekin izango ditugu”, adierazi du Alvaro Beñaran psikomotrizistak. ASEFOP Europako Psikomotrizitate Praktiketako Eskolen Elkarteko presidente eta Bergarako Luzaro Psikomotrizitate Eskolako formatzailea da, haurren garapenean espezialista. Ez hain txikitako beldurrei buruz edo beldur ebolutiboei buruz galdetuta, hasteko, beldurraren garrantzia azaldu du Beñaranek: “Gizaki guztiok, biologikoki eta animalia gisa, oinarrizko emozioak ditugu: beldurra, poza, nazka, amorrua, tristura eta ustekabea. Funtzio garrantzitsua duten emozioak dira. Gure burua arriskuan sentitzen dugunean, beldurra egokia da. Zertarako? Arrisku horren aurrean erreakzionatzeko”. Animaliek ere badituzte, beraz, beldurrak, baina gizakion beldurrak konplexuagoak dira: “Gauza bat da beldurra emozio gisa, eta beste bat gizakiok beldur horien inguruan sortzen ditugun sentimenduak, ideiak, pentsamenduak edota irudiak; hori gizakioi soilik dagokigu. Horrek dena konplikatzen du”.
Beldur batzuk ebolutiboak dira eta, gizaki moduan, denok ditugu, “gizakiak izate hutsagatik bizitzaren garai bakoitzean bizitzen ditugun beldurrak dira”. Horiez gain “norberarenak” diren beldurrak edukitzen ditugu: “Bizipenaren arabera, zerbait zehatzari diogun beldurra da, zomorroei beldurra edo bata zuriari… Beldur orokorrak hainbat modutara agertzen zaizkio pertsona bakoitzari, baina sakonean beldur bera izango da forma desberdina hartuta”. Beldurra ebolutiboa edo norberarena izan, bai txikitan zein ez hain txikitan, “beti kontuan izan beharreko gakoa”, adituaren arabera, “beldurraren intentsitatea” izango da: “Alde batetik errealitatea dago, gertatzen zaizkigun gauzak daude, eta, beste alde batetik, nola bizi dituen norberak gertatzen diren gauza horiek. Horretan helduek zeresan handia daukate. Haurrak dituen bizipenetan eragin handia dauka nola babestu duten eta nola zaindu duten. Beldurrak ez dira erabat desagertuko, baina helduak lagundu diezaioke haurrari beldurraren intentsitatea eramangarriago egiten”. Beldur ebolutiboak txiki-txikitatik hasten gara bizitzen.
Lehenengo 6-8 hilabeteetan, desagertzeko beldurra: Hiltzeko beldurra da lehendabiziko beldurra. “Jaio orduko, haurrak bere burua arriskuan sentitzen du. Jaiotzen garenean biziraun nahi duen organismo bat gara, baina arriskuak daude, hori da natura eta hori da bizitza. Norbaitek ez baldin bagaitu behar den bezala zaintzen, hil egin gaitezke. Beraz, lehendabiziko beldurra hiltzeko beldurra da. Nahiko ondo zaintzen baldin bagaituzte, bizirik gaudela ikusirik, arrisku horren beldurra gainditu egiten da. Hori da lehenengo bizipena: nire burua ez dago arriskuan”.
Urte batetik 3 urteak bete arte, bestea galtzeko beldurra: “Gure segurtasuna beste pertsona baten eskuetan dagoela ohartzen garenean, beste hori galtzeko beldurra sortzen da. ‘Bestea desagertzen baldin bada, ni ere arriskuan nago; nik bestearen segurtasuna eta maitasuna behar ditut’, jabetzen gara. Horregatik, haurrak bere burua iraunkorra dela ongi finkatu arte, hau da helduarekin ongi banatu arte, banaketari beldurra izango dio haur txikiak”. Bestearen iraunkortasuna eta norberaren iraunkortasuna ez da 3 urteak arte finkatzen, Beñaranek azaldu duenez: “Haurra ez dago seguru zaintzen duen helduak, harekin ez dagoenean, existitzen jarraitzen duenik, eta horrek beldurra eragiten dio. Atxikimendu /banaketa garapena ongi kudeatzen baldin bada, beldur hori gutxitu egingo da”.
3 urtetik 6 urtera, zatiak galtzeko beldurra. “Gauzak ongi joan baldin badira, haurrak bere burua arrisku handian sentitzen ez badu, eta bestearengandik txukun banandu baldin bada, hau da, haurrak bere burua finkatu baldin badu, zatiak galdu ditzakeela konturatuko da: hori frustrazio garaia da. Ordura arte omnipotentea sentitzen da, eta hortik aurrera gauza batzuk bai, baina besteak ezin dituela lortu ikusten du, eta beldur berri bat sortzen da: ‘dena ezin dut; gauza batzuk gaizki aterako zaizkit; gauza batzuk ez dira nik nahi dudan bezala izango; gauzak batzuk ezin izango ditut lortu’”.
Gurasoen egitekoa
Gakoa ez da haurrak beldurrik ez izatea, Beñararen aburuz: “Gizakia ez da gizaki beldurrik gabe. Ez ditugu haurrak burbuila batean sartu behar. Beldurrik gabe eta gatazkarik gabe, bizitza zoragarria eta arriskurik gabea dela sinetsarazten baldin badiegu, baliabiderik gabe uzten ditugu”. Beldurren aurrean, Beñaranen hitzetan, gakoa intentsitatea jaisten laguntzea da. “Gakoa da beldur horiek jasangarriak izatea. Printzipio garrantzitsua da honakoa: gehiegizko beldurrak zailtasunak sortuko ditu pertsonarengan, pertsonak ezin izango dio aurre egin gehiegizko beldurrari. Helburua beldurrak jasangarriak izatea da, ez baitira erabat desagertuko; jasangarria baldin bada, norberak baliabide autonomoak sortu ditzake beldur horri aurre egiteko. Norbere baitan aurkituko ditu baliabideak, edo laguntza eskatuko du. Baina ez da blokeatuko. Beldurra gehiegizkoa baldin bada, ordea, blokeatu egingo da, edo defenditu egingo da. Horregatik oso garrantzitsua da haur txikiek bizi dituzten beldurrak jasangarriak izatea”.
Horretarako, nola jokatu behar dugu helduok umeen beldurren aurrean? “Jaso, eutsi eta lagundu bideratzen”. Galdera hauek proposatzen ditu adituak: zer gertatzen zaizu? Nola zaude? “Horrek berak beldurraren intentsitatea jaisten laguntzen du. Haurrak bere burua lasai eta seguru sentitzen ez duenean, beldurren intentsitatea handitu egiten da. Haurrak segurtasuna berreskuratzea da helburua, beldurrari aurre egin ahal izateko. Ondoren, sinbolizatzen laguntzea proposatzen du: hitza jarri beldurrari, ipuinen bat irakurri, tresnak sortu berarekin batera…” Baina psikomotrizistak ohartarazten du ez dagoela erantzun bat eta bakarra: “familiaren historiaren eta egoeraren araberakoa izan beharko da erantzuna. Garrantzitsua da ez esatea txikikeria bat dela edo beldurrari aurre egin behar diola, haurra agian ez baitago prest, eta zer preziotan egin behar dio aurre?”.
Intentsoenak edo zailtasun handienak sortzen dituzten beldurrak batez ere hasierako beldurrak dira, Beñaranek adierazi duenez, “batez ere lehenengoa; garapenean okerrena norbere burua arriskuan sentitzearena da; bigarrena, “bestea galtzeko angustia” eta hirugarrena ez dira hain sakonak izaten, baina lotura dute aurreko beldurren esperientziarekin: “Beldur bakoitza ongi kudeatu den ala ez, hurrengo beldur ebolutiboetan eragina izango du; hasierako bizipenen arabera, hurrengo beldurren intentsitatea handiagoa edo txikiagoa izango da”. Horregatik, oso inportantea da garapenaren ikuspegitik haurra 3 urteetara identitate batekin iristea; “bere burua nahiko seguru sentitu behar du; baliabideak dituela sentitu behar du, eta bere autonomiaz arduratu behar da. ‘Nahiko ondo nago; gauzak galdu ditzaket, baina beste batzuk irabazi ditzaket. Ez zait gustatzen, baina kudeatu dezaket egoera hori’ sentitu behar du 3 urteren bueltan”.
6-7 urterekin heriotzaren beldurra sortzen da. “Adin-tarte horretan elementu berri bat sartzen da: haurra pentsatzen hasten da. Pentsamendu objektiboan sartzen hasten da, pixkanaka errealitatea modu objektiboan jasotzen hasten da. 6-7 urtetatik 10-11 urtetara pentsamendu objektibo oso zehatzaren garaia da, ez da oraindik pentsamendu abstraktuaren garaia. Eta, une horretan, errealitate bat agertzen zaie: heriotza”. 6-7 urtetatik 11 urtera arte orokortzen da beldur hori. “Hasieran jabetzen dira pertsona nagusiak hiltzen direla; pertsona guztiak ez, soilik nagusiak hiltzen direla ikusten dute. Eta 11 urteren bueltan konturatzen dira norbera ere hil daitekeela”.
Haurra heriotzaz jabetzera iristeko prozesua txiki-txikitatik hasten da. “Haurrek 3 urteren inguruan uste dute iraunkorrak direla, garai magiko bat bizi dute. Ez dago heriotzarik. Horregatik, ipuinetan, pertsonaiak magikoki berpiztu egiten dira hil ondoren. Ez dago heriotzaren mehatxurik adin horietan”. Ordura arte haurrak heriotzari buruz hizketan hasten direnean ez diote heriotzari zentzurik aurkitzen: “4 eta 5 urterekin heriotzari buruz hitz egiten hasten dira, eta helduok uste dugu guk bezala hitz egiten dutela heriotzaz, baina ez, benetan ez dute ulertzen heriotza zer den. Guk uste dugu badakitela zer den heriotza, baina ez dira jabetzen. Jabetzen direnean, norbait desagertu egiten dela konturatzen dira, eta orduan beldurtu egiten dira”. Beñaranek azaldu duenez, 6- 7urterekin agertu ohi da heriotzari beldurra: “Haurra adin horretan jabetzen da ‘gizakia naiz, eta gizaki gisa, hil egingo naiz’ ideiaz”. Beldur berria da, baina aurrekoekin zerikusi zuzena daukala dio psikomotrizistak: “Aurreko beldurrak ez baldin badaude nahikoa ondo integratuta, orain heriotzaren beldurra intentsitate handiz berpiztuko da”.
Horregatik garrantzitsua da haurrak frustrazioa ongi bizitzea. “Omnipotentziatik ez badira ateratzen, ez badiegu laguntzen ‘dena ahal dut’ horretatik ateratzen, hau da, frustratzeko gaitasuna garatzen ez badute, heriotzaren gaia iristen denean ezingo dute jasan, frustrazio izugarria eta, gainera, errepara ezina baita”. Aurrerantzean ere, eta hil arte, beldurrak bidelagun izango ditu gizakiak, hain zuzen ere, bizitzako azkeneko etapan suspertu egiten dira beldurrak. Etaparik etapa, beldur ebolutiboak ongi kudeatzeak lagunduko du hurrengo beldurren esperientziak eramangarriago egiten.