Nora Salbotx Alegria, Amaiurko eskolan maistra den hikhasitarraren iritzi artikulua.

 

XIX. mende hasmentan Ezagutza Erabilgarrien Zabalkunderako Elkartea sortu zen Ingalaterran. Ekimenak langileen eta klase ertainen artean ezagutza zientifikoa zabaltzea izan zuen helburu. Hain zuzen ere, asmo horrekin, aski salneurri apalean zabaldu zituzten milaka aldizkari eta bertzelako argitalpen dibulgatibo. Argitalpen horiek jende aipatuxko eta goren talde batek zuzentzen zituzten, lotuta, bidenabar, Londreseko University Collegearekin eta garaiko Mekanika Institutuekin. Asmo beraren baitan institutu horiek langileentzako eskolak ematen zituzten arlo teknikoetan, batik bat matematika, fisika eta kimika arloetan.

Paradoxikoki, ekimenaren sortzaile eta bultzatzaile nagusietako bat Henry David Thoreau izan zen, bertzeak bertze desobedientzia zibilaren ideia teorikoaren sortzaileetako bat eta gizakiaren eta naturaren arteko harreman lagunkoiaren aldeko idazle ezaguna. Paradoxikoki diogu, preseski hark salatu zuelako gizarte industrialak gizakia alienatzen zuela eta, hain zuzen ere alienatuta behar zuten horiek, langileek, beheitikoek, bultzatu zituztelako Ezagutza Erabilgarrien kontrako mugimendua eta kontraprogramazioa. Izan ere, langileek salatzen zutenez, Mechanics' Institutes zirelako horietan irakatsi ohi ziren gaitasunak produkzio prozesuarekin zerikusi zuzena zuten eta negozioen garapenean eta gauzak egoteko modu kapitalistaren sostengu hutsean ari ziren.

Beraz, langile klasearen alde ariko zen hezkuntza antagoniko baten beharraren kontzientziatik, Ezagutza Zinez Erabilgarrien ideia eta korpusa sortu zuten langileek. Horrek herritar gisa formatu eta emantzipazio kolektiborako tresnak eskaini beharko zituen, bertzeak bertze, zapalkuntzaren arrazoi eta jatorri ideologiko eta historikoak azalduz eta irakatsiz. Gisa horretan, curriculuma ardaztuko zuten arloak politika, ekonomia, filosofia eta historia izango liratekeela erabaki zuten autogestionatutako eredu horretan eta, gainera, hori bideratzeko elkarte kooperatiboak, irakurketa salak eta eztabaida taldeak ere sortu zituzten.

Gaur egungo testuinguruan, are hezkuntza formalarenean, zer pentsa eman diezagukeen mugimendua izan zen hori, guretzat bazka intelektual eta ideologiko ekarpentsua dakarrena irakaspen zehatz zenbait tarteko: eskolan jorratzen ditugun gaitasunen aplikagarritasunaren nolakotasunean paratu ahal izango genuke guk ere fokua, bertzerik ez bada, bederen, gizartekoitasun solidarioago baten ekoizpena helburu.