Irati Garcia Iriondo Pasaia-Lezo Lizeoko DBH 4. mailako ikaslea 

Lurrikara batek astindu du Euskal Herria eta ez dago gure inguruan azken urte honetan izandako lurrikarak kaltetu ez duen pertsonarik, eraikuntzarik eta herririk. Orain, berreraikitzeko garaia da”, entzun da irratian. Izua zabaldu da gure herrian Pasaiak jasan duen birrinketaren eraginez. Lurrikarek gugandik urrun gertatzen diren hondamendiak direla dirudite, gertutik eragiten gaituzten arte. Orduan, genuen bizimodua galtzeko beldurra sentitzen dugu denbora tarte zabal batez. 

Baina orain kezkak albo batera utzi eta aurrera bota behar dugu begirada: zer egingo dugu etorkizunean? Dena berreraiki? Ezer gertatu ez balitz bezala jokatu? Hala bada, hobekuntzak egiteko aukera ezin hobea da gure parean duguna. 

Noski, ospitale, etxebizitza, anbulario eta abar berreskuratu beharko genituzke lehenik, baina, ikasle izanda, ez dira halako eraikuntzak nire hobetzeko proposamenak jaso beharko lituzketenak. Hortaz, ikastola berreraikitzeko dugun aukeraz hausnartu nahiko nuke. 

Kaletik zoazela topatzen duzun jendeari ikastolaren defi nizioa eskatuko bazenio, ikasleak ikastera doazen eraikina dela esango lukete gehienek, ahaztuta baitute umetan egun erdia bertan igarotzen zuteneko garaia. Nire ustez kontua ez da horren sinplea. Alde batetik, jende horrek arrazoi du ikastolaren eginkizun nagusietako bat klaseak ematea dela esatean, eta badira horretarako ezinbestekoak diren zenbait instalazio. Hots: mahai, arbela, apal eta beste tresna eta teknologia batzuez hornituriko ikasgelak, laborategiak… Baina arreta guztia ez da irakaskuntzarekin loturiko alderdietara bideratu behar, ikasleen aisialdirako eremuak lantzeak ere nahitaezko garrantzia baitu. 

Izan ere, zer gertatuko litzateke ehunka ikasle sei orduz jarraian lau pareten artean egotera behartuko bagenitu? Jolasgarai zein jangela orduetan igarotzen duten denboran eroso egoteko inguruneak behar dituzte, eta ez naiz patio eta parke arrunt batzuen gainean hitz egiten ari; liburutegi, frontoi, egongela, kantxa eta abarrez baizik, adin desberdinetako ikasleek haien astialdiko denbora nahi duten lekuan xahutzeko aukera izan dezaten. 

Badira klase ordu luzeen ondoren burua lasaitzeko kirolen bat praktikatzea gustuko duten ikasleak, eta, aldi berean, hurrengo egunetan dituzten zereginak patxadan aurreratzea nahiago dutenak. Zaletasun desberdinetako gazte guztientzat egon beharko luke espazioa: ikasten, atseden hartzen, jolasten eta futbolean ari direnak eremu berean bildu beharrean. 

Ikastola berreraikitzeko aukera aurrean dugun honetan, ingeniari eta diseinatzaile profesionalez gain, ikasleak gure ideiekin ekarpenak egin beharko genituzkeela uste dut, gu baikara eraikuntzari erabilera eta bizia emango diogunak.