ATX KONPAINIAK UNSAINEK IDATZITAKO 'KASKAROT' OBRA ESTREINATU DU, ETA DANTZATZEA DEBEKATUA DAGOEN GIZARTE BATERA DARAMATZA HAURRAK.
Nola sortu zenuen Kaskarot antzezlana, zein da ernamuina edo abiapuntua?
Antzezlana ATX konpainiak eskatuta idatzi nuen. Umeei zuzendutako lehen obra sortzeko asmoa zuten, ohikoa ez zena, mezu indartsu bat helarazi nahi zieten deigarria egiten zaien mundu batean txertatua.
Abiapuntua Kaskarot izena izan zen, eta honen konnotazioak. Imaginatzen genuen bere izateagatik onartua ez zen norbait, imaginatzen genuen ohiko tristura eta mugen aurrean gure zati alai eta koloretsuenaren ahalduntze bat. Planteamendua indartzen joan zen eta Iñaki Ziarrusta zuzendaria eta biok pixkanaka ideia nagusia ardaztu genuen: gure alaitasun eta tristuren arteko elkarbizitza hori. Gai sakona bai, baina sinplea eta egunerokoa ere bada. Umeek bizi dute, eta helduek ere bai; ez gara hain ezberdinak. Gure nahia umeen ahalduntze hori litzake, ezberdintasunak onartzea eta ospatzea. Tristura ezagutzea, eta onartzea, alaitasunaren mesedetan.
Zer da Kaskarot bat, eta zer zentzu du obra honetan?
Garai batean Lapurdiko kostaldean bizi zen giza talde bat da, ijitu modukoa, eta euren funtzionatzeko modu berezia zuten Dantzarako zaletasun handia zuten eta kolore biziko jantziak ere erabiltzen zituzten.
Obra honetan Kaskarot izena jarri diogu barruan gordeta dugun alaitasun garden horri. Ezberdina izatearen zentzua eman nahi izan diogu. Azpitalde honek bazuen ezberdintze aura moduko bat eta hori erabili dugu. Gure obran Kaskarot gure alderdi naturalena da, ondokoen iritzi eta esanei kasurik egiten ez diena, bizitzaren ospakizun bat. Koloretsua da, baita gure protagonistaren ahalduntze prozesuaren eragile nagusia ere. Ezarritakoaren aurkako indarra da Kaskarot, ezberdina izatea ohoretzat duen hori. Hala izan beharko genuke denok, apur bat Kaskarot-ago.
Debekuak/askatasuna. Bizitzako gai handiak dira, baita haurren bizitza-koak ere?
Gai handiak bai, baina egunerokoak. Horiek dira landu behar ditugunak, hausnarketa hortxe baitago. Prozesu honetan are gehiago ikusi dut ume eta helduen arteko tartea oso txikia dela. Umeek ez dute bizitzaren pisua, ez dute gure plastikozko espektatiba eta aurreiritzirik, ez hipoteka emozionalik. Gure bertsio gardenago bat dira, eta euren pertzepzioak badu magikotik zerbait.
Barruak esaten digun hori egiteko askatasuna noiz galdu genuen? Bakoitzak jakingo du, batzuk oraindik umetzat hartzen dugu geure burua. Baina alaitasuna eta tristura unibertsalak dira, giza kondizioaren funtsa. Eta helduak garenean kudeaketak mila ñabardura ditu eta askotan sufrimendua atzean.Umeen kasuan, berriz, sentimendu horiek lehen lerroan daude, modu gordinean. Guk mundu distopiko bat sortu dugu, baina bertan gaur egun, edonork barruan duen borroka hori irudikatu nahi izan dugu.
Hitzak, eszenografia, ispiluak, musika... Lengoaia askorekin kontatu nahi izan duzue antzezlana?
Argiek, eszenografiak eta jantziek estetika markatu bat izaten laguntzen dute, eta gure istorioaren kontestua indartzen dute. Musikak badu giza elementu hori, eta obra girotzen eta dinamikoago egiten laguntzen du Umeen kuriositatea mantentzen saiatzen gara etengabe zerbait eskainiz, eta umeeek, euren moduan, nahi duten hori barneratzen dute.
Obra ezberdina, koloretsua, ausarta eta berezia. Guk ere hala izan beharko genuke, ezta? Bakoitza joan dadila bere etxeko ispilura. Ea hor dagoen.