Egun ez da erditze fisiologikoa izateko aukerarik Ipar Euskal Herrian, etxean erditzen laguntzen duten emaginek aseguru garestia ordaindu behar dutelako batetik, eta ospitaleetako sortzeak arras gidaturik eta medikalizaturik daudelako, bestetik.

Bere erditzearen jabe izan nahi zuen Argitxu Ouretek bigarren haurraren jaiotzean. Gorputza eta horren erritmoa errespetatua izan zitezen nahi zuen, “lehena ez bai-tzen hala izan”. Donapauleko klinikan (Behe Nafarroa) ukan zuen Maiana, 2004ko buruilean, berau baitzen Aintzile jaioterritik gertuen zeukan ospitalea. “Gaizki bizi izan nuen erditzea, ez nuen nahi epiduralik ezta sortzea azkartzerik ere, baina ene gogoaren kontra erditu  nintzen, hodiz eta kablez josirik, instrumentuekin, medikuek zutelarik osoki kontrola, eta nik batere ez”. Bizkar gainean etzanik, gorputzak eskatzen zion postura hartzeko aukerarik gabe, oinak estriberetan kokaturik, mugitu ezinda,  lana aski fite aitzinatzen ez zelako ur poltsa urraturik, jateko eta edateko aukerarik gabe... ez zuen halako erditzerik nahi berriro Argitxuk. “Iluna eta argia bezala, bigarren erditzea biziki gozoa izan zen”. Muriel Candela Hazparneko emaginak lagundurik izan zuen Argitxuk Mirari, 2007an.

Ainize Madariagak ere argi zuen, ahalik eta modu naturalenean, bere gorputzaren erritmoa jarraituz, erditze fisiologiko batekin nahi zuen Gexi munduratua izan zedin. Hari gertutasunagatik dagokion ospitalea ere Donapaleukoa da, baina klinika hortako instrumentalizazio, anestesia eta bereziki zesarea kopurua  handiak ez zion konfiantzarik ematen Ainizeri. “Ez nengoen eri, bizi bat mundura ekarri behar nuen, eta gorputzaren erritmoari jarraiki erditu ahal izanen nintzen leku batean erditu nahi nuen”. Etxetik ordubetera, Oloroeko klinikan (Biarno) erditu zen, Muriel Candela emaginak han egiten bai-tzuen orduan lan modu autonomoan. Erditze fisiologiko bat izan zuen. “Aski ongi hasi zen erditzea, etxean. Gauerdian agertu zen Muriel eta dilatazioa aitzineratua zegoela ikusi zuelarik, klinikara abiatu ginen, bi autotan. Oren bateko bidean dena moztu zen. Baina klinikan etxean bezala sentitu nintzen, intimitatean. Gela ez medikalizatu batean erditze fisiologikoa ukan dezakezu, eta ezer gertatuz gero, ondoko gelan dago behar den guztia”.

Muriel Candela emagina ia-ia ikur bat da erditze fisiologikoa ukan nahi duten Ipar Euskal Herriko emakumeentzat. “Eztia da, umeen ukaitea momentu handi gisa biziarazten du”, dio Argitxuk. Candelak Hazparnen bere etxean haurdunen jarraipena eginez, Oloroeko eta Orteseko erietxeetan nahiz emakumeak euren etxeetan artatuz, guztietan ahal zelarik emakumearen erritmo fisiologikoa jarraituz egindako lana batetik, eta Ipar Euskal Herriko ospitale eta kliniketan esperientzia gogorrak bizi izan dituzten emakumeak isildu ez izana, bestetik, dira, Ainizeren aburuz, hainbeste emakumek kontzientzia hartu eta euren erditzearen jabe izateko aukera erreibindikatzearen akuilu. “Teknologia bikain da behar den kasuetarako, baina jainkotu egin da, ume baten sortzea prozesu natural bat da eta gauzak ondo badoaz ikusia da teknikak konplikazioak ekartzen ahal dituela; hemen esperientzia traumatikoak izan dira. Ordea, informazioa zalbatzen joan da, emakumeak ez dira isilik gelditu, eta gauzak kuestionatzen hasi dira emazteak, jakiten badirela zinemak-komunikabideek barnerarazi diguten posturaz gain erditzeko beste modu batzuk, gorputzaren beharrekin bat datozenak, modu erosoago, intimo eta osasuntsuagoak”.

Alta bada, gaur egun ez da erraza erditze osoki fisiologikoa ukaitea Ipar Euskal Herrian. Ez ospitaletan ezta norbere etxean ere. Muriel Candelak eta Axelle Belloir emaginak bakarrik laguntzen dituzte Ipar Euskal Herriko emakumeak erditze fisiologikoak izan dezaten. Baina Ipar Euskal Herritik kanpo, Orteseko Ospitalean, Okzitanian, hango erietxean baitu Candelak gaur egun erditzeko gela eta plato teknikoa. Haurdunaldi osoaren jarraipena egiten du Candelak eta berak artatzen ditu estuki ezagutzen dituen amak erditze unean. Ortesen arta-tzen dituen hamar emakumetatik bat euskal herritarra da.
Oro har Ipar Euskal Herriko ospitale publiko eta kliniketan erditzeak aski medikalizatuak eta gidatuak dira, hala erakusten dute datuek: Donapaleuko klinikako erditzeen % 39 zesarea bidezkoa da, eta % 81etan epidurala erabiltzen dute. Baionakoan % 16 da zesarea kopurua eta epidurala % 84tan erabiltzen da. Lapurdiko hiriburuko Lafourcade klinikan % 20 da zesarea kopurua eta  % 80 epidural kopurua, eta Lafarguen klinikan % 22 eta % 52.  Osasunaren Mundu Erakundeak zesarea kopurua % 10-15ekoa izan dadin aholkatzen du. 
Instrumentalizazioa arriskuak prebenitzearen izenean erabiltzen bada ere, Frantziako Estatuak du hilik sortzen diren haurren kopuru handiena Europan, milatik 9,2, Medikuntza Ikerketaran Erakunde Nazionalak 2013an argitaratu zuen txostenaren arabera.

Gaur egun, ezin etxean erditu
Candelak urtetan artatu izan ditu emakumeak euren etxeetan erditu zitezen. Autonomo edo liberal gisa behar egiten duten emagin hauen lana ez dute Hegoaldean bezala erdituko diren familiek eurek ordaintzen, Iparraldean Gizarte Segurantzaren barruan  sartzen baita gastu hori —eta baita haurdunaldiaren jarraipenarena ere—. Iparraldeko emakumeek emagina aukeratzeko eskubidea dute, eta baita erditzeko tokia aukeratzeko eskubidea ere, izan ospitale publiko, klinika pribatu edo etxean. Hala ere, aldeko baldintza hori duten arren, emaginek etxean erditzen laguntzea oztopatzen duen faktore bat dago Iparraldean, etxean laguntzen duten emaginek  19.000 eta 24.000 euro arteko segurantza ordaindu behar dute urtean, jaiotze horiek “arrisku handiko sortzeen kategorian” sartzen dituztelako aseguru-etxeek. Ondorioz, gaur egun ez da emaginik etxean erditzen laguntzen duenik Iparraldean. Candelak berak iaz utzi zion egiteko horri, batetik aseguru-etxeek jartzen dituzten baldintzengatik, eta bestetik, presio sozialagatik, “haurra etxean ukaitea biziki gaizki ikusia da. Eta zaila da mundu guztiaren kontra joatea bakarrik”, azaldu zuen erabakia hartutakoan. Candela asegururik gabe aritu izan da urtetan lanean, kanporatua izan eta emagin gisa lan egiteko aukera galtzeko nahiz 45.000 euroko isuna jasotzeko arriskuarekin.
Hala lagundu zien Argitxuri eta Ainizeri Pattin eta Leixa euren etxeetan erditzen. “Haurra bere ingurunean sortzea bikaina da, eta niri lasaitasun handia eman zidan”, gogoratzen du Argitxuk Pattinen jaiotza, Etxeberri Garaia baserrian jaio zen, 2009ko ekainean —laugarren haurra ere, Ttale, Candelarekin izan zuen Ortesen—.  Ainizek Leixa ukan zuenerako Candelak erabakia zuen etxean gehiago ez artatzea. “Nik etxean eta Murielekin erditu nahi nuen. Lehena ukan ondotik, banekielarik zer zen etxean erditu nahi nuen. Segimendu guztia Murielekin egiten ari ginen eta lasai ginen fisikoki eta psikologikoki sekulako laguntza eskaintzen baitu, eta mina ikusteko modua ere oso interesgarria da, seguru eta lasai nintzen. Proposatu nion neuk hartzea nire erditzearen ardura, halakorik sinatzea… baina ezetz erabaki zuen, erditze batean parte hartzen duen unetik, bere tituluarekin baitoa errespontsabilitatea, parte hartzen duelarik bera bilaka-
tzen da arduraduna, eta emakume bat arriskuan jartzea lepora diezaiokete. Berak ikaragarrizko presioak zituen. Azkenean, 8.  hilabetean,  Murielek aitzinera egitea erabaki zuen, bere buruarekin lasai gelditu eta egitea erabaki zuen”. Horrela jaio zen Leixa Hoztan, Ainize eta Asisko Urmeneta eta Gexiren etxean, supazterrean.  Jaiotza horren ostean Candelak urte batzuez jarraitu zuen etxeko erditzeak artatzen.

Egun, emazteek erditze fisiologiko bat izan dezan, hiru bide ari dira urratzen: batetik, ospitaletan instrumentuen erabilera eta batez ere zesarea kopurua jaistea eskatzen dute. Bestetik, aseguru-etxeek etxean erditzen laguntzen duten emaginei eskatzen dieten asegurua jaistea aldarrikatzen dute, eta epaitegietan dago egun auzia. Eta, hirugarrenik, sortze-etxeen inguruko eztabaida piztua da: Alemanian Erresuma Batuan edota Suedian dauden jaiotze-etxeen gisakoak eskatzen dituzte, erditze fisiologikoak gehiago errespetatuko lituzketen lekuak, ospitaletan edo ospitaletik gertu leudekeenak baina emaginek kudeatuak osoki, haurdunaldiaren jarraipena egiten duen emaginak artatuko lukeelarik emakumea erdi-tzean eta erditze-ostean.