Alizia Fernandez Huarte, Oiongo Ramiro de Maeztu eskolako irakaslearen iritzi artikulua.

 

Irakasle baten profesionaltasun maila, lehenik eta behin, ikasleekin duen interakzioan ikusten da normalean. Hala ere, irakasle baten profila ezagutu nahi bada, ebaluazio saio bat testuinguru esanguratsua izan daiteke, bertan ematen den informazioa, umearena baino gehiago irakasle horren profesionaltasunarena izaten delako maiz.

Bilera horietan, umearen ikasketa prozesuaren ebaluazioa egiterakoan, irakasleok oso fin eta zorrotz jokatu beharko genuke, erreaktibotasunaren inertzian ez erortzeko eta etiketan, epaiketan, kexan edo baliorik gabeko anekdotetan ez gelditzeko. Horretarako, tradizioz jasota dugun begirada epaile hori kontzienteki gainditu eta haurraren ikasketa prozesuan zentratu beharko ginateke, beste balorazio mota batzuk saihestuz.

Beste alde batetik, umearen zailtasunak eta oztopoak normalean nahiko azkar “detektatzen” dira, baina, laguntzeko neurriak ezartzea kosta egiten da, eta hori erronka handia izaten da ebaluazio saioetan. Baina mediku bat diagnostiko hutsean gelditzen ez den moduan, guk ere oztopoak gainditu eta aurrera egin dezan, behar duen “tratamendua” jarri beharko genioke ume bakoitzari. Eta, noski, hori guztia umearekin partekatuz, bere ikasketa-prozesuaz kontziente eginez, metakognizioa bultzatuz eta, aldi berean, bere burua ezagutzen lagunduz. Benetan zaila da, baina ez dago gaizki helburu eta helmuga moduan izatea, profesional on eta sendoak izateko.

Baina, non dago irakasle baten bikaintasuna?

Nire ustez, gakoa irakaslearen diskurtsoaren atzean ageri diren seinaleetan dago, hitz egiten duenean sumatzen direnetan: ikasleekiko erakusten duen errespetuan eta begirunean, umearekiko konfiantzan eta sinesmenean eta ume guztien indarguneak eta potentzialitateak ikustean. Irakasle bikainak proaktiboak izaten dira, ez dute errudunik bilatzen, ez dute atzera begiratzen, aurrera baizik; sortzaileak izaten dira, irtenbide berriak bilatzen dituzte; eta kritikoak izaten dira, batez ere beren buruarekin.

Laburtzeko, eta Bertolt Brechten bertsoak niretzat egokituz:
- Badira umea ikasketa-prozesuaren zein unetan dagoen kokatzen duten irakasleak, eta onak dira.
- Badira hobetzeko proposamenak egiten dituzten irakasleak, eta hobeak dira.
- Badira ikasleekin batera beren prozesuaz hausnartzen dutenak ere, eta oso onak dira.
- Baina badira ikasleak errespetatzen eta maitatzen dituzten irakasleak. Horiek ezinbestekoak dira.