Hizkuntza ohiturak aldatzeko eta euskara hobetzeko aukera eskaintzen dute AEK-k antolatzen dituen Familia barnetegiek.
Hizkuntza ohiturak aldatzeko eta euskara hobetzeko aukera eskaintzen dute AEK-k antolatzen dituen Familia barnetegiek. Oporrak euskaraz bizitzeko aukera ematen diete bertaratzen diren familiei.
Euskalduntze prozesuan dauden familiak joaten dira AEK-k antolatzen dituen familia barnetegietara. Hamaika egunez, gurasoek euskarazko eskolak jasotzen dituzten bitartean, haurrek begiraleekin batera hainbat jolas eta ekintza egiten dituzte. Arratsaldean, denak elkartzen dira eta elkarrekin egoten dira jolasean, paseoan, hainbat ekintza eginez… Barnetegien helburua familien hizkuntza ohiturak aldatzea dela azaldu du Alba Ayucar AEK-ko udako barnetegietako arduradunak: “Etxean normalean erdaraz aritzen dira, baina euskaraz badakite, eta helburua da erdaraz hitz egiten duten horiek euskarara aldatzea eta etxera itzultzean dinamika horrekin jarraitzea”.
Euskara maila jakin bat beharrezkoa da familia barnetegietan parte hartzeko: gurasoek, gutxienez, A2 maila izan behar dute eta umeek 4 eta 12 urte bitartean edukitzeaz gain, D ereduan eskolatuta egon behar dute. Gurasoak seme-alabekin joaten dira askotan, baina aiton-amonak bilobekin, izeba-osabak ilobekin, izeba eta ama seme-alabekin ere joaten dira… Askotariko konbinazioak izaten dira.
Umeek helduen beharra izanez gero, eskolatik atera daitezke haiekin egoteko eta arratsaldeko eskola gehiegizkoa ikusten baldin badute eta denbora hori umeekin partekatu nahi baldin badute, aukera zabalik dute
Alba Ayucar, AEK-ko udako barnetegietako arduraduna
Zaindutako antolaketa
Helduek bi orduko eskolak izaten dituzte goizean, hamaiketakoa egiten dute eta beste bi orduz aritzen dira euskara ikasten; lau ordu denera. Ondoren guztiek —haur zein heldu— elkarrekin bazkaltzen dute, arratsaldean beste eskola bat izaten dute eta hori amaituta, ordu beteko tailerra izaten da. Behin tailerra amaituta, ekintzak egiten dituzte denek batera. Eskoletako sartu-irtenak malguak direla azaldu du Ayucarrek: “Umeek helduen beharra izanez gero, eskolatik atera daitezke haiekin egoteko eta arratsaldeko eskola gehiegizkoa ikusten baldin badute eta denbora hori umeekin partekatu nahi baldin badute, aukera zabalik dute”.
Bi txanda izaten dira; bat uztailean eta bestea abuztuan, 15 familia hartu ohi dituzte txanda bakoiztean, gehienez, eta 25 bat familiak parte hartzen du urtero. Adunan izaten dira: “Herri euskalduna da eta umeentzat oso egokia da; kaleak oinezkoentzat dira eta familiak lo egiten duten aterpetik eskolara oinez joan daitezke arriskurik gabe”, azaldu du Ayucarrek. Euskal Herriko bazter guztietako jendea gerturatzen da urtero Adunako barnetegietara. Bi irakasle izaten dira txanda bakoitzean eta begirale kopurua ume kopuruaren araberakoa izaten da.
Batetik, euskara hobetu nahi nuen; azkarrago eta erosoago hitz egin nahi nuen, eta lortu nuen. Eta, bestetik, seme-alabekin dudan hizkuntza harremana aldatu nahi nuen
Oihane Alonso, Adunako barnetegian egondako ikaslea
Aurrerapauso nabarmenak
Iristen direnetik barnetegia uzten duten arte, garapen nabarmena izaten dute familiek Ayucarrek dioenez: “Hizkuntza ohitura jakin batzuekin iristen dira eta gainerakoekin euskaraz egiten saiatzen dira. Baina lehen egunetan familiako kideen artean hitz egiten dutenean ama hizkuntzara jotzeko joera izaten dute eta azken egunetan, aldiz, dena euskaraz egiten dute. Bi-hiru egunetara aldaketa ikusten hasten gara”.
Oihane Alonsok ere aldaketa nabaritu zuen Familia barnetegian izan ondoren. Erripagañakoa da Alonso eta bikotearekin eta seme-alabekin batera izan zen Adunan. Bi arrazoi nagusik bultzatu zuten barnetegian izena ematera: “Batetik, euskara hobetu nahi nuen; azkarrago eta erosoago hitz egin nahi nuen, eta lortu nuen. Eta, bestetik, seme-alabekin dudan hizkuntza harremana aldatu nahi nuen; aitarekin euskaraz hitz egiten dute euskaldun zaharra delako eta orain, nik euskaraz hitz egiten baldin badiet, haiek euskaraz erantzuten didate. Hori barnetegiari esker lortu dugu”. Euskarazko B2 maila dauka orain eta umeekin oso ongi moldatzen dela dio: “Nire irakasleak dira eta akatsak haiek zuzentzen dizkidate”.
Esperientzia polita baina gogorra izan zen Alonsorentzat: “Euskaraz hitz egin behar duzu beti eta ezagutzen ez duzun jendearekin zaude. Jende asko ezagutzen duzu eta elkarbizitzan oso ongi moldatu ginen, hala ere”. Eta beste alderdi on bat ere nabarmendu du: “Dena antolatuta zegoen eta egun horietan ez nuen ezer planifikatu beharrik izan. Ez nuen ezertan pentsatu behar eta benetako oporrak izan ziren”.
Oporrak beste modu batera pasatzeko aukera eskaintzen dute familia barnetegiek eta Alonsok inolako zalantzarik gabe gomendatuko luke esperientzia. Aurten parte hartzeko izen-ematea zabalik dago oraindik eta barnetegia hasi baino zazpi egun lehenago itxiko da. On-line egin daiteke https://www.aek.eus/eu/barnetegiak webgunean.