Bigarren haurraren etorrerarekin berkokatu egin behar dira familiako piezak. Derrigor ez, baina batzuetan zaharrenek edo txikienek sufritu egiten dute. Haurrideek behar duten arreta orekatua jaso dezaten, gurasoek haur bakoitzari erreparatzeak lagunduko du.
Gora-beheratsua” . Halaxe deskribatzen dute guraso askok eta askok bigarren seme-alabaren etorreran familian sortu den egoera berria. Gora-behera horiek bizitzen ari diren hainbat guraso elkartu dira Orion, asteburu pasa, bigarren haurraren hazieraren inguruko esperientziak partekatzeko. Familia horietako ba-tzuk errusiar mendi horren behaldean daude egun, eta beste batzuk goranz-ko bidean. “Kaosa”, “eromena” edota “ezin-iritsia” hitzak erabili ditu lehen egoera deskribatzeko ama batek; hortik irteten ari denak dio bi alaben arteko harremana ikusteak ahantzarazi dizkiola aurreko sentimendu gaziak.
Hazi Hezi Donostiako prebentzio-zentroko psikologo Joxe Ramon Mauduit eta Cristina Aznar ginekologoa bigarren haurraren etorreran sendian gertatzen diren gora-beheren inguruko azterketa egiten ari dira. Amaren egokitzapena, beste gurasoaren egokitzapena, eta haurride nagusiarena ikertzen eta dokumentatzen ari dira. Gora-behera horiek partekatzeak eta familiek elkar laguntzeak duten garrantzia kontuan izanik, Orioko topaketa hau antolatu dute, eta bertara batu da izen bera duen baina beste loturarik ez duen aldizkari hau.
Atzerapausoak, tristura, atentzio deitzeak, liskarrak... edo kontrakoa, isiltasuna, deus ez esatea, gaixotzea… izan dira bigarren umearen etorrerarekin haur zaharragoek hartu dituzten jarrerak, Orion kontatu dutenez. Txikienek, aldiz, negar asko egiten dutela ikusi dute, sarriago gaixotzen direla, lotarako zailtasunak dituztela, infekzioak maiz hartzen dituztela, kolikoak... “Zaharrenak nahiz txikienak, bakoitzak bere erara, atentzioa eska-tzen du”, azaldu du Aznarrek.
Duela urte asko, terapietan hasi zen Mauduit ikusten haurtzaroan gurasoen aldetik neba-arreben artean arreta desorekatua jaso zutenek helduaroan korapiloak dituztela euren nortasunean. Usu seme-alaba zaharrenak izaten dira hutsuneren batekin hazi direnak, euren haur-tzaroan haurride txikienak atentzio osoa bereganatu zuelako. “Dagoeneko oinez hasi delako, hitz egiten duelako, gauzak bere kabuz egiten hasi delako... batzuetan seme-alaba nagusia berehala handia dela iruditzen zaigu, eta ez duela behar gurasoongandik hainbeste atentzio. Haur horren beharrak aldatu egingo dira, baina beharrak izaten jarraituko du eta horiei erantzuten jakin behar dugu helduok”. Haur horri bere beharrak asetzea eta errekonozitzea etorkizuneko balizko arazoak saihestea izango dela dio Mauduitek. “Haur jaio berriak atentzio ikaragarria behar du, eta askotan zaharrena zain gelditzen da arreta noiz jasoko, baina atentzio hori ondo kudeatu ezean, zain egote horretan egituratuko da bere nortasuna; edo arretarik ez jasotzera ohitu denez bere barne munduan bilduko da... eta hori, helduaroan arazo izan daiteke norbere nortasuna garatzeko”.
Haur nagusienak ordea ez dira sufritzen duten bakarrak. Txikienek ere paira ditzakete gabeziak, beraiek jaiotzean gurasoek, artean, seme-alaba zaharrenei eskaintzen dietelako arreta osoa, nagusienak gaixotu, haserretu edo liskarrak sortzen baitituzte arreta eskatzeko. Haurtzaroko gabezia horrek helduaroa arte iraun zueneko kasu bat gogora ekarri du Mauduitek: “Terapian izan genuen pertsona bat ikaragarrizko depresioak izan zituena. ‘Zu jaio zinenetik etxe honetan ez da sekula bakerik izan’, esaten zioten txikitatik pertsona horri; baina bakea hausten zuena ez zen bera izan, haurride nagusiena baizik, hura ez baitzen txikienaren etorrerara egokitu. Korapilo hori askatu zuen arte ezin izan zuen depresioetatik atera”.
Erraza ez izan arren, ez zaharrenaren kasuan ez txikienaren kasuan, ez da ezinbestekoa sufrimendua egotea. Arazoak prebenitzeko haur bakoi-tzari erreparatzea gomendatzen du Mauduitek. “Haurrak behatu egin behar dira, nola dauden jakin, eta baten eta bestearen beharrak zein diren identifikatu behar da; arreta jarri eta premiak erantzun behar dira”. Guraso bakoitzak bere seme-alaba ondo ez dagoenaren adierazleak zein diren jakiten ikasi behar duela dio Mauduitek, “asko hitz egiten duen haurrak denboratxoa isilik badarama, agian zerbait adierazi nahi digu...”. Itxura batean atzerapausoak irudi dakizkigukeen jarrerak har ditzake seme-alaba zaharrenak beharrak, ondoezak edo segurtasun gabeziak adierazteko, bere kabuz jateari utz diezaioke, adibidez, lokarriak lotzeari, segurtasun gutxiagorekin ibil daiteke... Adierazle horiek ezagutzea eta arreta jartzea aholkatzen du Mauduitek: “Atzerapauso horien bidez haur bakoitza adierazten ari da ez dagoela ondo, baina gurasoek espresio hori ulertzen ez diotenean, eta erregresio hori onartzen ez dutenean, kudeaketa txar hori nabaritu egingo du haurrak”. Psikologoak, halaber, ohartarazi du atzerapausoak, gaixoaldiak, liskarrak edota bestelako ondoez adierazleak ez direla derrigor bigarren haurraren jaiotzeko unean bertan agertzen.
Gurasoak, sareen premian
Gurasoak ere sufritzen ikusten ditu Mauduitek, egitura berria kudeatu ezinik: “Ama askok angustia handiarekin bizi izaten duten bigarren umearen jaiotza. Lehen haurrarekin harreman oso konprometitua dute, eta ondoren kosta egiten zaie atentzioa batari eta besteari eskaintzea”. Guraso horiek laguntza behar dutela dio Mauduitek.
Erruduntasun-sentimendua hitzetik hortzera darabilte topaketako gurasoek. Batzuek haur nagusienarekiko erruduntasun sentimendua dute: “Arrebaren jaiotzak oraindik ez dio inolako onurarik ekarri; oraingoz dena kalterako izan da nagusienarentzat”, dio guraso batek. Haur zaharrenaren beharrak lehen bezala ezin ase dituztela ikusten du beste batek: “Orain arte bere erritmoak eta beharrak errespetatu ditugu, baina orain beste bat ere badago, eta bien beharrak asetzea ez da erraza”.Beste guraso batzuei, bigarrenari zaharrenari eman zioten guztia eman ezinak eragiten die egonezina. “Gure haurrak ez du ohean lo kuluxkarik apenas egin, bestearen erritmora gabiltza beti, txikiak beharko lukeen lasaitasunik gabe”. Puzzle batekin erkatzen du familia Sergiok, “piezak ahokatu behar dira berriro. Ez soilik seme-alabak, baita gurasook ere kokatu egin behar dugu berriro; geuk ere geure beharrak, geure beldurrak eta mugak ditugu”.
Familiara pieza berri bat etortzen denean, bigarren haurraren etorreran aitak —edo beste amak— berebiziko garrantzia hartzen dutela dio Mauduitek. “[Erditu den] amak ez du hautsi behar komunikazioa haurride zaharrenarekin, nahiz eta txikienak denbora asko eskatuko dion, haren beharrak oso lotuak egongo baitira amarekiko. Beste gurasoa haurride nagusienaren pendiente baldin badago, haren adierazpideak, isiltasunak, erregresioak eta beharrak ulertzen eta asetzen baldin baditu, ez da korapilorik sortuko. Haur bakoitzak behar duen arreta sentituko du”. Halaxe adierazi du Jonek, arazoak arazo, eta bi haurreko familiaren haziera aldapa gorakoa izanagatik une askotan, beste ezelango garapen per-tsonala eskaintzen ari zaiola, “estimuluz beteriko ibilbide bat ari da izaten bigarren umearen etorreran familian sortu den egoera berria”.
Errusiar mendiaren behealdean daudenek, zein gorantza doazenek euren minak, beldurrak eta pozak azaldu dizkiete elkarri. Partekatzeak lasaitu egin ditu asko, ikusi baitute eurena ez dela gatazkak dituen familia bakarra. Behealdiak goranzko bidea hartzen duela. Baten esperientzia lasaigarri zaio besteari. Eta erruduntasun sentimendua uxatuz doaz apurka. Dagoeneko bi edo hiru haur dituzten gurasoek hainbat aholku eman dizkiete bigarrena izateko asmotan edo zalantzatan daudenei. Seme-alaba bakoitzarekin harreman zuzen eta esklusiboa mantentzea, eta haur bakoitzari entzutea gomendatu dute. “Sareak sortu —aholkatu diete guraso batzuek besteei—, bikotetik kanpo eskatu laguntza, bereziki bikoteak haurrekin egoteko denbora izan dezan, etxearen eguneroko martxa beste ardura bat bihur ez dadin”. Beste batek sarearen “tribuaren” garrantzia nabarmendu du bizipen hauek guztiak partekatzeko. “Saihestu bikotekide bakarra denbora luzez bi umeekin egotea —esan du beste batek—. Garrantzitsua da amak ez bakarrik sentitzea. Guraso horrentzat nekeza eta gogorra izateaz gain, haurrek ere ez dute behar duten arreta jasotzen”.
Alabaren hazierarekin buruhauste eta gaubeila ugarirekin nekatua dagoen amak esan du: “ez daukat indarrik: ez dakit merezi ote digun bigarren seme-alaba bat edukitzea”. Nekeak neke, animatu dute.