Adriana Guzman Arroyo, irakaslea eta Abya Yalako feministen antolakundeko kidea.
Aimara, irakaslea eta Abya Yalako feministen antolakundeko kide da Adriana Guzman Arroyo. Feminismo komunitarioan erreferentzia da, eta hezkuntzaren deskolonizazioa eta pedagogia feministak ditu hizpide nagusi. Boliviako hezkuntza sistema komunitarioa da, ongizatea eta deskolonizazioa ditu helburu nagusi eta hezkuntza deskolonizatzailea eta despatriarkalizatzailea garatzea posible dela ikusten ari dira. Hezkidetza eta pedagogia feministen III. kongresuan parte hartu zuen Guzman Arroyok.
Nola ikusten duzu hezkuntzaren egoera gaur egun?
Egoerari buruz hitz egin behar dugu lehenik, izan ere estatuak hainbeste ahuldu dira ezin dituztela giza eskubideak bermatu. Palestinako genozidioa horren adibide argia da. Munduan diskurtso faxistak eta gorrotoa zabaltzen ari dira, garai zaila bizi dugu eta hezkuntza azkeneko kontua da bai estatuentzat eta baita gizarte erakundeentzat ere. Estatuek gero eta aurrekontu txikiagoa bideratzen dute hezkuntza arlora. Izugarria da, zeren hezkuntza benetan transformaziorako arma bat dela, sistema koloniala eta patriarkala desegiteko tresna bat dela pentsatzen dugun hezitzaileoi ere, dena eskutatik joaten ari zaigu; akademiaren, teoriaren eta lehiaren munduan sartzen ari gara, eta berezko ideia hitz egitea, sentitzea eta bizitzarengatik berriro hunkitzea zen. Sistemak ezagutza akademikoak balioesten ditu, baina ez pertsonaren eraikuntza prozesua laguntzea. Transformaziorako hezkuntzari buruz ari garenean sistema patriarkal, kapitalista, kolonialista eta arrazista suntsitzeaz ari gara. Bidean, batzuetan, ahaztu egiten dugu nora goazen.
Pedagogia feministak patriarkatua desmuntatzeko tresna al dira?
Feminismoa horretarako da, hain zuzen: patriarkatuarekin amaitzeko. Lehenik eta behin onartu beharko genuke pedagogia feministak ez direla existitzen. Feminismoan asko hitz egin dugu patriarkatuari buruz, generoari buruz edo intersekzionalitateari buruz. Feminismo deskoloniala ere oso modan dago, esaten dugu feminismo eurozentriko mendebaldekoak ez gaituela errepresentatzen… Baina ez dugu hitz egiten metodologiari buruz. Pedagogia feminista, pedagogia antipatriarkala, nolakoa izango litzateke? Zer izango litzateke? Nola lortuko dugu pentsatzeko modua, sentitzeko modua aldatzea logika patriarkal, kolonial eta arrazista horiek interpelatuz? Oso garrantzitsua da onartzea ez dugula pedagogia feministarik eraiki.
Eta zer feminismo? Emakumeen eskubideen aldeko borroka dela dioen hori? Eta zer emakume? Eta zein eskubide? Zer berdintasun? Edo zer ahalduntze? Oso liberalak diren feminismoek —neurri handi batean egozentrikoak direnak patriarkatua generora mugatzen dutelako— ez digute balio izan. Bai Abya Yalan eta bai Euskal Herrian desberdintasun handia dago emakumeen eta gizonen artean. Eta klaseak banatzen gaituela eta generoak elkartzen gaituela dioen ideia hori ere ez da egia. Zerk elkartuko gaitu, adibidez, faxistak diren emakumeekin? Pedagogia feministetan pentsatzen hasteko lehen pausoa feminismoak deskolonizatzea da. Eta deskolonizazio horretan lurraldeaz ere aritu behar dugu, gorputzak ez baitira airean bizi eta ez baita gauza bera leku batean zein bestean bizitzea.
Transformaziorako hezkuntzari buruz ari garenean sistema patriarkal, kapitalista, kolonialista eta arrazista suntsitzeaz ari gara. Bidean, batzuetan, ahaztu egiten dugu nora goazen
Eta nola deskolonizatu ditzakegu feminismoak?
Guretzat feminismoak deskolonizatzea feminismoak lurraldetik pentsatzea da; patriarkatua gure lurraldean nola aritzen den ikustea eta errealitatea aldatzeko hura izendatzea. Esaten jarraitu behar dugu giza eskubideak ez direla errespetatzen, eta berdintasunaren aldeko borrokan jarraitu behar dugu. Feminismoak deskolonizatu behar ditugu patriarkatuaren kontrako pedagogiak pentsatzeko. Feminismo liberaletatik eta eurozentrikoak diren horietatik abiatuta ez dugu patriarkatuaren kontrako pedagogiarik egingo. Feminismoak deskolonizatzea oinarrizko zeregina da hezkuntzan lan egiten dugunontzat, pedagogia feministetan pentsatzen hasteko.

Patriarkatuaren ondorioak bizitzen dituzte umeek ere. Gai hori ikasgelan lantzen al duzue?
Bolivian neskatilek esan digute helduok bizi dugun patriarkatu bera bizi dutela, baina ezin dutela helduok bezala defendatu. Ez dutela eguna marrazten pasa nahi artistikoa eta politikoa den zerbait egin dezaketen bitartean, eta materialak sortzea eta pedagogia horietan pentsatzea exijitu digute. Hiru urtetik aurrera patriarkatuari, matxismoari, kolonialismoari edota arrazakeriari buruz hitz egiten dute, ordurako hori guztia euren azalean senti dezaketelako. Ez da kasualitatea, adibidez, emakumeek baxuago hitz egitea edo lotsa izatea; hori patriarkatuaren ondorio da eta hezkuntzaren bidez zer egiten dugun begiratu eta patriarkatuak ikasgelan zer sortzen duen aztertu behar dugu. Umeek eta gaztetxoek egitura eta desberdintasun horiek ezagutu eta atzeman ditzaten lan egiten dugu, konturatu daitezen zer den patriarkatua, zer diren praktika arrazistak edo zer den kolonialismoa. Mundu kolonialari buruz hitz egin behar dugu, horrek justifikatzen baitu eta sortzen baitu arrazakeria.
Nola lortuko dugu pentsatzeko modua, sentitzeko modua aldatzea logika patriarkal, kolonial eta arrazista horiek interpelatuz? Oso garrantzitsua da onartzea ez dugula pedagogia feministarik eraiki
Umeek halako gaiak lantzeko gaitasunik ez dutela pentsatzen duenik bada. Zer esango zenieke?
Ez da egia umeekin gauza sinpleak egin behar direla eta halako gaiak ez dituztela ulertzen. Haiek esan digute patriarkatuari buruz hitz egin nahi dutela, egoera horretan bizi direlako. Bost urteko ikaskideengan indarkeria matxista sentitzen dutela diote, mutilek espazioa okupatzen dutela eta ez dietela hitz egiten uzten… Antropozentrikoak eta kolonialak ez diren feminismoak behar ditugu, patriarkatua generora mugatzen ez dutenak. Hezkuntzaren proiektu politikoa zein den pentsatu behar dugu, zein den pedagogia feminista eta antipatriarkalen proiektu politikoa.
Arazo kolektibo horiek nola landu daitezke gero eta indibidualagoa den gizartean?
Sistemak lortu duen indibidualismo mailarekin ezin da hezkuntzan lanik egin. Teknologiaren eraginez inorekin erlazionatzeko gai ez den bost urteko ume bat duzunean, ezin duzu ezer landu. Zertarako balio dio irakurtzen eta idazten jakiteak ezin badu harremanik izan? Guri gertatzen ari zaigu oso zaila dela talde lana egitea, ia utopia bat da. Ikasleek lan indibidual oso onak egin ditzakete, baina munduak ez du zentzurik bakardadean bizitzen baldin baduzu. Eta osasun mentaleko arazoak horren fruitu dira. Elkarrekin pentsatzea eta kolektiboki eragitea oso garrantzitsua da guretzat. Eta galdera nagusia da zeren kontra hezten ari garen.
Eta zeren kontra hezten ari zarete?
Sistemaren kontra hezten ari gara: sistema indibidualistaren, kapitalistaren, kontsumistaren… kontra. Ezin ditugu bizitza erritmo indibidualista horrekin jarraituko duten gazteak eta umeak hezi, kontsumoari erabat lotuta daudenak eta kontsumo horrekin harreman komunitarioa ordezkatzen dutenak. Sentitu ezin dezaketen haurrak eta nerabeak ditugu teknologiak gaitasun sozialak murriztu dizkielako. Teknologia ikasgeletan sartu dugu eta ez du balio izan ez duelako lan kolektiboa egiteko aukerarik uzten. Indibidualista eta kontsumista ez den hezkuntza benetan nahi ote dugun pentsatu behar.
Sistema kolonialaren eta kapitalistaren kontra hezten dugu eta ikasgeletan teknologia sartzeari mugak jartzea lortu dugu. Zeren kolonialismoaz edo asaben memoriaz eztabaidatzen ari ginen eta irakasleek esaten ziguten: “Gure komunitatean memoria berreskuratu dugu eta tiktoka egin dugu”. Zertarako tiktoka? “Munduan ikus gaitzaten”, erantzuten zuten. Eta zertarako nahi dugu munduan ikus gaitzaten? Gure helburua da nor garen eta nora goazen ikustea, elkar ikustea, eta ez inork like bat jartzea.
Boliviako ume guztiek landu behar dute lurra eskolan. Eskola bakoitzak bere lur saila edo espazioa du eta porlana nagusi den lekuetan, leihoetan, paretetan… hasi dira tomateak edota artoa landatzen. Zeren denek doktoradutzak baldin baditugu, nork landuko du lurra? Hezkuntza Sistema plurinazionalak eredu komunitarioa du. Boliviako hezkuntza sistema nazionalaren barnean eta estatu plurinazionalaren planteamendu horretatik, gauza asko lortu ditugu: hezkuntza despatriarkalizatzailea, deskolonizatzailea, intrakulturala eta eleanitza izatea lortu dugu.
Gaztelaniaren alboan, gure hizkuntzak ez dira beste hizkuntza bat soilik; beste kosmobisio bat dira
Sei urterekin matxismoaren kontrako ikasgaia lantzen dute haur boliviarrek. Nola planteatzen duzue ikasgaia?
Hainbat urtetako borrokaren ondoren, duela bi urte curriculuma aldatzea lortu dugu eta sei urterekin Matxismoaren Kontrako Hezkuntza izeneko ikasgaia lantzen dugu. Hamar urterekin, berriz, Feminismoaren Historia ikasgaia izaten dute.
Indarkeriaren prebentziorako beharragatik planteatu genuen. Zalantzan jartzen dugu, adibidez, eguzkia gizon gisa eta ilargia emakume gisa hartzea; eguzkia handiagoa da eta ustez garrantzitsuagoa da munduan eta kultura askotan, eta aita gisa hartzen da. Beraz, herri bakoitzaren memorian oinarritzen gara matxismoa zalantzan hartzeko. Ez da hitz egiten matxismoari buruz modu orokorrean, baizik eta lurraldean, komunitatean eta gorputzetan kokatuko matxismoari buruz. Edukiak lurralde bakoitzaren arabera egokitzen eta lantzen dira.

Bolivian egun indarrean den hezkuntza legeak hezkuntza eredu komunitarioa, doakoa eta deskolonizatzailea planteatzen ditu, besteak beste. Nola garatzen ari da hezkuntza eredu hori?
Nik uste dut aldaketa nagusia pentsatzeko moduetan ekarri duela. Populazioren gehiengoak aimaratzat eta kitxuatzat du bere burua eta hori aldaketaren adierazle da. Eskola batzuetan, adibidez, josten erakusten diete eta gaztetxoak pozik daude besteena baino arropa politagoa dutelako eta ez dutelako arropetan hainbeste dirurik gastatzen. Horrekin batera arroparen kontsumoa zalantzan jartzen dute. Indarkeria patriarkalik bortitzena estraktibismo handia dagoen inguruetan gertatzen da eta ez da matxista soilik, eredu estraktibistak duen suntsipen gaitasuna ere hor dagoelako.
Bestalde, hezkuntza intrakulturalaren garrantzia azpimarratzen dugu munduan inor ez zarela sentiarazten dizun eta botere harremana indartzen duen dispositibo koloniala zalantzan jartzen duelako. Aimara izateak duela 5.000 urteko ezagutzak ditugula esan nahi du eta horrek munduan lekua ematen dizu.
Zein da hizkuntza aimararen egoera eta zer paper jokatzen du hezkuntzak hizkuntza bultzatzeko orduan?
Bertako hizkuntzek lekua dute eskoletan. Umeek euren hizkuntzan ikastea obligazioa da. Gaztelaniaren alboan, gure hizkuntzak ez dira beste hizkuntza bat soilik; beste kosmobisio bat dira. Hezkuntza sisteman hezkuntza interkutural elebiduna planteatu da urte askotan eta horrek ekarri duena izan da hitz gutxi batzuk ikastea; agurrak eta gutxi gehiago. Horrek ez zigun ahalbidetzen guk nahi duguna: gaztelaniaz pentsatzeari eta sentitzeari uztea, alegia. Eta 2010. urteaz geroztik hezkuntza aimaraz da, behintzat, lurralde indigenetan. Herri aimarak, kitxuak eta guaraniak bat egiten duten lurraldeetan eleanitza izaten da eta herri bakoitzak bere kosmobisioaren eta hizkuntzaren arabera egokitzen du curriculuma.
Curriculumari eta estatuak esaten duenari men egin behar diogula erakutsi digute, baina guk autonomiaren pedagogiak bultzatzeko deia egiten dugu. Maisua edo maistra ez da langile publiko bat, ez da zerbitzari publiko bat, baizik eta egiaz transformazioa bilatzen duen pertsona bat
Eskolak patriarkatua suntsitzeko boterea duela diozu. Posible al da eskolak patriarkatua suntsitzea eskola sostengatzen duen sistema hori bera patriarkala denean? Nola landu daiteke hori?
Nik hezkuntzaren desinstituzionalizazioa planteatzen dut. Eskola sistema patriarkalaren parte da, baina maisu-maistrak ez, eta zerbait desberdina egin dezakegu. Maisu-maistra moduan proiektu politiko bat izan behar dugu. Hezkuntza indarrez kendu behar diegu sistema patriarlakari eta estatuei, eta gure gain hartu behar dugu tresnak sortzeko ardura eta horiek partekatzeko ardura, haurrek eta nerabeek botere-harreman horiei buruzko erabakiak hartzeko aukera izan dezaten. Hori baita patriarkatua: botere harremana, mendekotasun harremana, harreman matxistak, kolonialak, arrazistak, pertsonen esplotazioa bultzatzen dutenak, gorputzen esplotazioa, lurrarena, naturarena… Instituzioa eta azpiegitura estatuarena izan arren, maisu-maistrek hori egin dezakete. Curriculumari eta estatuak esaten duenari men egin behar diogula erakutsi digute, baina guk autonomiaren pedagogiak bultzatzeko deia egiten dugu. Maisua edo maistra ez da langile publiko bat, ez da zerbitzari publiko bat, baizik eta egiaz transformazioa bilatzen duen pertsona bat, komunitatea sortzea bultzatzen duena eta posizio politikoa duena. Maisu-maistrek ezin dute neutralak izan patriarkala den mundu batean.
Hori guztia egiteko formazio zehatza jasotzen al duzue?
Maisu-maistren formaziorako goi mailako eskolan hezkuntza intrakulturalari, deskolonizatzaileari eta antipatriarkalari buruzko formazioa egiten da. Tresnak lantzen dira, metodologia… Eta metodologiaren oinarria memoriaren, gorputzaren, lurraldearen, denboraren eta gizartearen antolaketa lantzea da. Herri gisa ez dugu ezer lortuko antolatzen ez baldin bagara.
Galdera laburrak
01. Eskola garaiko oroitzapen on bat?
Gogoratzen dut hizkuntza eta literaturako maistra batek esan zidala argia naizela eta hori oso garrantzitsua izan zen niretzat, mundua ulertzeko eta nire ahotsa entzun dadin borrokatzeko.
02. Eskola garaiko oroitzapen txar bat?
Eskolara berandu iristen ginenean zigortzen gintuzten maisu-maistrak. Ikasgelako txoko batean jartzen gintuzten eskuak gorantz, berandu iristeagatik. Berandu iristen nintzen nire anai-arreba gazteak haien ikasgelan utzi behar nituelako eta gauza asko egin behar nituelako eskolara joan aurretik.
03. Nolako eskola amesten duzu?
Hormarik ez duen eskola batekin; komunitatean den eskola, bizitzan bertan.
04. Zuretzat garrantzitsua den balio bat?
Autonomia.
05. Hezkuntzari buruzko film bat edo liburu bat?
Warisata. La escuela Ayllu liburua eta Warisata dokumentala.