Nerabeen artean “harreman parekide sano eta zaintzaileak” lantzeko helburuarekin, tratu onetan oinarritutako kultura erotikoaren inguruko lanketa egin dute Zarautzen Kilometroak jaiaren karietara. Nerabetan, zein beste adinetan ere, “tratu onak norbere buruaren zaintzarekin, ezagutzarekin eta onarpenarekin” hasten direla uste dute eta “horrek harremanetan zuzenean” eragiten duela. Nerea Permach Kilometroak 2019ko talde feministako kideak azaldu ditu batez ere nerabeei begira egin duten lanketaren nondik norakoak.

Nerabezaroa izan ohi da askorentzat ligatzeko praktikan edo flirteoan hasteko garaia. Ligatzearekin bezala, lehendabiziko esperientzia asko bizitzen dira nerabe izatean eta horien artean garai horretan egiten dituzte gaztetxoek beraien aurreneko parrandak ere. Biak uztartuz gero, esan daiteke parranda dela nerabezaro garaian ligatzeko testuinguru garrantzitsua.

Hala uste du Nerea Permach Martin 2019ko Kilometroen talde feministako kideak, eta testuinguru horretan, urrian Zarautzen ospatu zuten Kilometroen jaiaren bueltan tratu onetan oinarritutako kultura erotikoaren inguruko lanketa
egin berri dute. Tratu onak norbere buruaren zaintzarekin, ezagutzarekin eta onarpenarekin hasten direla dio Permachek, "eta horrek harremanetan zuzen- zuzenean eragiten du".
 

Nondik abiatu zen egitasmoaren ideia?
Aurtengo Kilometroak antolatzeko garaian, talde feminista osatzearen beharra ikusi genuen guraso garen ama talde batek eta, beno, saiakera bat egin genuen. Biltzen hasi
eta pixkanaka forma hartu zuen. Gure asmoa Zarautzen antolatu behar genituen Kilometroak
ahalik eta feministena izatea
zen. Hasieratik, argi izan genuen talde honen jardunak bi norabide izan behar zituela: batetik, funtzionatzeko maneretan arreta jarriko genuen, eta bestetik, eraso matxistak ekiditeko prebentzio eta kontzientziazio lan bat egitera bideratutako jarduna izango zen. Halaber, KMK antolatzeko prozesu osoan zehar eta egunean bertan eman zitekeen edozein erasoren aurrean erantzuteko estrategiak adostu.

Edonola ere, gure proposamena eraikitzailea behar zuen izan. Zentzu horretan, eta besteak beste, ikasleen artean harreman parekide sano eta zaintzaileak lantzea ezinbestekoa zen. Nolabait, euren artean elkar goxatzeko harremanak eraikitzen ikastea. Hortik etorri
zen tratu onetan oinarritutako kulturaren lanketa.

Zer nolako harrera izan zuen lanketak?
Hasteko eta behin, kurtso hasieran, kilometroak antolatzeko gurasoz nahiz ikastolako langileez osatutako batzorde guztientzat
bi saioko ikastaro bat antolatu genuen. Kilometroak antolatzeko prozesua eta festa eguna bera ahalik eta sano eta parekideena izatea nahi genuen, baina horretarako batzorde guztien inplikazioa behar genuen. Zaintzari arreta berezia eskaini zitzaion ikastaroan eta erantzuna guztiz positiboa izan zen.
Ikasleei dagokionez, Martxoak 8ko grebaren harira izan genuen haiekin lehen kontaktua, izan ere, ikastolan gelaz gela ibili ginen, zaintza erdigunean kokatuz eta horri buruzko hausnarketa bultzatuz. Ikasleen artean ere harrera oso ona izan zen.

Kilometroak egunera begira guneetan puntu moreak jarri behar genituen, baina ez genuen nahi puntu more horiek eraso baten aurrean babesa jasotzeko guneak izatea soilik. Erreferentziazko espazio seguruak sortu bahi genituen, prebentziorako nahiz ahalduntzerako gune izango zirenak. Testuinguru horretan osatu genuen ligatzeko praktika onen dekalogoa. Dekalogoa osatzeko, handik eta hemendik informazioa bilatzen aritu ginen, izan ere, antzeko egitasmoak aurrera eraman direla jakin bagenekien. Hortaz, guri garrantzitsuak iruditzen zitzaizkigunak aukeratu eta horrela osatu genuen. Egunean bertan, dekalogoa banatzen aritu ginen eta izugarrizko arrakasta
izan zuen; bai gazteen artean bai eta ez hain gazteen artean ere. Askok lotsatuta hartzen bazuten ere, apur bat aldentzean, guzti- guztiek berehala irakurtzen zuten. Aurrerago ere zoriondu gaitu hainbatek dekalogoagatik.

Ligatzerakoan tratu onetan oinarritzea, zer izango litzateke?
Ligatzerakoan harreman inter- pertsonaletan gertatzen den moduan hainbat faktorek eragiten dute eta aldagai desberdinak jorratu daitezke ligoteoa lantzeko garaian. Guk tratu onak indartzea erabaki genuen estrategia eta prebentzio modura; beti ere, tratu onak norbere burutik hasita. Tratu onak norbere buruaren zaintzarekin, ezagutzarekin eta onarpenarekin hasten direla esan genezake, eta horrek harremanetan zuzen-zuzenean eragiten du, izan ere, geure burua zaintzen eta errespetatzen badugu, hori transmitituko diegu ingurukoei. Ideia hartatik abiatu ginen. Harreman kode sanoak identifikatzea zen helburua. Noski, gatazken aurrean ebazpen  baketsurako estrategiak lantzea eta indartzearekin batera. Tratu onetan oinarritu ahalko ginateke, biolentzia eta elkarren arteko tratu txarren alternatiba eta prebentzio modura. Hori izan zen gure irakurketa.

Batez ere nerabeengana zuzendu zarete? Zergatik? 
Nerabezaroan hasten gara ia guztiok ligatzen, hortaz, aproposa iruditu zitzaigun. Gainera, Kilometrotan (Ibilaldian, Nafarroa Oinez, Araba euskaraz edota Herri Urratsen gertatzen den moduan) nerabe ugari biltzen dira. Hainbat eta hainbat ikaslerentzat festa horiek dira, hain zuzen ere, euren lehenetariko parrandak eta jakin badakigu nerabezaro garaian parranda dela ligatzeko testuinguru garrantzitsuena.

Ligatzerakoan ere sexismoa presente al dago nerabeen praktiketan?
Bai, noski. Bizi garen jendarte hetero-patriarkal honetan matxismoak zeharkatzen gaitu
une oro, hortaz, gure harremanak guztiz baldintzatzen ditu. Nerabeek askotan jendartean ikusten duten hori erreproduzitzen dute euren praktiketan. Estereotipoak oso presente daude eta batzuen eta besteen rolak zeintzuk diren ondo definitu eta sozializatu dituenez patriarkatuak, horiek betetzera
mugatzen dira askotan nerabeak. Hala eta guztiz ere, helduok ez gara hortik libratzen, are gehiago, geu gara nerabeen erreferentzia, beraz, hortik atera kontuak. Osatu genuen dekalogoan, hainbat irizpide ematen saiatu ginen norabide horretan, besteak beste, ligatzeko unean hartzen ditugun rolak estereotipatuak izan ez daitezen edota garen bezalakoak agertzeko bestearen aurrean; maskararik gabe. Emakumezkoari bideratuta, aktiboa ere izan zitekeela gogoratzen genion. Tira, horrelakoak.

Plazera bizitzeko aniztasuna eta askatasuna, landu beharreko ezinbesteko gaiak al dira?
Noski. Harreman afektibo sexual batean bizi ditzakegun sentsazioak askotarikoak dira: gozamena, gustua, nahia... Plazera eman ahal diguten esperientziak hamaika dira. Hainbat estimulu, egoera edota pertsonen eskutik sentitu dezakegu plazera. Hortaz, horiek guztiak deskubritzea eta arreta eskaintzea ezinbestekoa da. Kontuan hartu behar dugu, horietako asko jendartetik jasotako erreferentziazko ereduek eragindakoak direla. Horrenbestez, norberaren gustuak deskubritzea garrantzitsua izango da: zerk pizten duen gure desira, zer da atsegina guretzat.