Joana Telletxea eta Eider Lahidalga | ONDU Fisioterapia zentroa
HAIZEAK, LOA ETA HAUR MASAJEA
3 hilabeteko ttikia dugu. Oso mugitua da eta lokartzeko garaia iristen denean oso urduri jartzen da. Beste alde batetik, azken hilabete honetan haize asko dauzkala nabaritu diogu. Haur masajeak egitea gomendatu digute. Ondo etorriko zaizkiola uste al duzue?
HAUR MASAJEAREKIN JAIO BERRITATIK HAS GAITEZKE. Orokorrean kasu guztietarako dira gomendagarriak, baina aipatzen dituzun bi ezaugarri horientzat bereziki ona izan daiteke. Horretaz gain, baliogarriak izan daitezke haurrarekin lotura sortu eta indartzeko, kolikoak, idorreria, gasak nahiz loaren zikloak erregulatzen laguntzeko.
Sabelaldeko tentsioak lasaitzeko eta gasak hobe aska-tzen laguntzeko, oso lagungarriak izango zaizkizue haur masaje tailerretan ikasiko dituzuen teknikak. Gainera, liseriketa-aparatuko egonezinak hobetuta eta zuen kontaktuak emandako segurtasunarekin, lokartzeko garaia lasaiago izaten ere lagunduko dizue. Izan ere, umetokian gaudenetik garatzen dugu ukimenaren zentzua, eta hil arte mantentzen dugun estimulua da. Beraz, pentsa zein garrantzitsua den txikitatik garatzen lagunduta sor dezakegun lotura.
Haur masaje tailerretan, gurasoen ahots goxoez lagunduta, eskuekin ematen diegun lasaitasuna ikaragarria da. Haur txikiaren fase ezberdinak errespetatzea oso garrantzitsua da, horrela haur bakoitzak masajea jasotzeko gogoa noiz daukan asmatuko dugu. Hanketatik hasten dugu masajea, eta saio bakoitzean atal berri bat erakusten zaie gurasoei: hankak, sabelaldea, bularra, besoak, aurpegia eta bizkarra. Masajea eman aurretik baimena eskatuko diegu haurrei. Hitzez azalduko diegu non hasiko garen masajea ematen, eskuekin kontaktua mantentzen dugun bitartean. Adibidez, ‘eskuineko hankan hasiko dugu masajea, utziko al didazu?’ galdetuko diogu haurrari, gure eskuekin belauna besarkatzen diogun bitartean. Buka-tzeko, koordinazio eta luzaketa suabe batzuk lantzen ditugu haur masaje saioetan, oso dibertigarriak direnak eta katuka ibiltzeko hasten direnerako oso lagungarriak izango zaizkizuenak.
KOLIKOAK
Hiru aste bete berri dituen alaba daukagu. Pisua hartzea asko kostatzen zaio, bular-hartzeak denbora luzez egiten ditu eta negar asko egiten du. Uste dugu kolikoak dituela. Esan digute fisioterapeuta edo osteopata batengana eramateko, baina ez daukagu argi zertan lagundu dakiguken. Azalduko zenigukete?
DATU GUTXI DITUGU ARAZOA ZEIN DEN JAKITEKO, baina txikiak pisua nekez hartzen badu, segur aski ondo jaten ez duelako izango da, eta arrazoi ezberdinak egon daitezke horretarako. Lehen egitekoa bular-hartzea baloratzea izango litzateke: posizioa egokia den edo ez, eta bularra nola heltzen duen ikustea. Kontuan izan behar da, baita ere, noiz jartzen duzun umea bularrean: gomendagarria da gose handia duela adierazi aurretik jartzea lasai har dezan, estresik gabe. Horiek baloratzeko, edoskitzean formakuntza eguneratua duen profesional batengana joatea gomendatuko genizueke: edoskitze aholkularia den edo edoskitzean formakuntza duen emagina. Umeak titia ondo hartu gabe jarraitzen badu, egitura ezberdinetan tentsioak egon daitezkela susma dezakegu. Haurdunaldian, eta batez ere erditzean, mugimendu bortitzak edo posizio txarrak izan ditzakete txikiek eta horrek fisikoki ondorioak utzi ditzake. Bizitzen duten erditze mota ere garrantzitsua izango da: instrumentalizatua izan bada edo zesareaz jaio bada, medikuak trakzioa egingo zion buruan eta horrek tentsio handiak sor ditzake umearengan. Hori lantzeko, umeetan aditua den fisioterapeuta edo osteopata batengana joatea gomendagarria izan daiteke, eta edoskitzean formakuntza izatea ezinbestekoa da arazo horiekin laguntzeko.
Profesional horiek buruko hezurrak miatuko dituzte, gil-tzaduren egoera, mingaina, ahoa, bizkarrezurra, aldakak, liseriketa-aparatua, nerbio-sistemako egituren egoera... Horietan tentsio ezberdinak bilatuko dituzte eta esku terapiaren bitartez dena orekatzen saiatuko dira. Denbora gutxian nahiko emaitza onak lortu ohi dira. Txikiak errazago hartuko du titia, gehiago jango du pisua irabaziz, lasaiago egongo da, negar gutxiago egingo du eta hobeto egingo du lo. Arazoa beste nonbaiten dagoela susmatzen badute, beste profesional batengana bideratuko dute, edoskitzean aditua den pediatra batengana, adibidez.
GERNU-GALERAK
Bi urteko semea daukat eta erditze ostetik doministiku, salto edo irribarre egiten dudan gehienetan gernu-galera txikiak izaten ditut. Hasieran normala zela uste nuen, baina orain nahiko larrituta nago pasatzen ez zaidala ikusita. Kirola edo dantza egiten hasi nahiko nuke, baina beldur naiz galerengatik. Zerbait egin dezaket?
SARRITAN IKUSI OHI DITUGU ANTZEKO KASUAK, hau da, emakumeek erditu ostean, esfortzuak egiten dituztenean gernu-galerak izatea. Kasu gehienetan irtenbidea dauka edo asko hobetu daiteke pelbis-zorua eta sabelaldea landuz.
Maskuria eta beste organoak eusten dituen muskulaturaz eta hainbat ehunez osatua dago zoru pelbikoa. Gernu-esfinterra, berriz, gernua askatzea kontrolatzen duten muskuluek osatzen dute. Zoru pelbikoa eta gernu-esfinterra ahultzen direnean, esfortzu ezberdinak egitean pixa galdu ohi da eta hori da segur aski zure kasuan gertatzen dena.
Maskuria gernuz betetzen denean handitu eta zabaldu egiten da. Hori gertatzen den bitartean, uretrako muskuluak kontrakzioan egon behar dira pixa ez dadin atera gu komunera iritsi eta horretarako baimena eman arte. Muskulatura hori ahultzen denean, ordea, beraiengan presioa egiten duen edozein ekintzen aurrean, hau da, salto egitean, barre asko egiten, posturaz aldatzean edo doministiku egitean, besteak beste, maskuriaren gainean presioa egiten dugu eta horrek gernu-galerak eragin ditzake.
Erditzean zehar, zuntzetan edo nerbioetan lesioak gerta daitezke zoru pelbikoko muskulaturan, eta modu horretan beraien eraginkortasuna galdu egiten da, gernu-galerak izatera iristeraino. Erditzea instrumentatua izan bada, bentosa edo forzeps-ak erabili badira edota espultsiboa oso luzea izan bada, aukera gehiago daude lesioak izateko.
Bestalde, gernu-galerak ez izateak ez du esan nahi gure pelbis-zoruak lesiorik ez duenik. Batzuetan ez da sintomarik izaten eta horren ondorioz ez diogu behar duen arreta eskaintzen muskulatura honi. Kasu horietan, denboraren poderioz gernu-galerak edo beste arazo batzuk azaldu ohi dira.
Garrantzi handikoa da, bestetik, sabelaldeko muskulatura zein egoeratan daukagun. Lehen aipaturiko arrazoiak tarteko, barrunbean presioa sortzen denean sabelaldeak ondo eusten badu, presio gutxiago jasango du zoru pelbikoak, bere eraginkortasuna handituz. Sabelak ez badu lan hori egiten, gernu-galerak izan daitezke edo zoru pelbikoa ahultzea eragingo du.
Horrelako arazorik baduzu, pelbis-zoruko arazoetan aditua den fisioterapeuta batengana joatea gomendatzen dizugu. Balorazio bat egingo du eta behar den birgaitze tratamendua ezarriko du.