EH Bilduk antolatutako Hezkuntza Konferentzian parte hartu zuen pasa den abenduan Francesc Colomé Montserrat katalanak Nuria Mora eta Juanjo Falcórekin batera. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Hezkuntza Lege berriaren testuinguruan, Kataluniako Hezkuntza Legea (LEC) sortzeko zergatiak, motiboak eta helburuak izan zituen hizpide.

Francesc Colomé Montserratek ibilbide oparoa egin du hezkuntza munduan eta ardurako postuetan egon izan da, besteak beste, ikuskaria, estatu espainiarreko Hezkuntza Ministerioko Lanbide Heziketako zuzendari orokorra eta Generalitateko Hezkuntza Saileko Hezkuntza Politiketako idazkaria izan da. Gaur egun Katalunia Europa Fundazioko zuzendaritza batzordeko kide da. Kataluniako Hezkuntzarako Itun Nazionala egiten aritu zen eta baita Kataluniako Hezkuntza Legea ere.

Zergatik erabaki zenuten Kataluniak hezkuntza lege propioa behar zuela? Eta zergatik bilatu zenute legea egiteko kontsentsua? 

Duela 15 edo 16 urteko kontuak dira. 2006-2007 ingurua aberastasun handiko unea zen, krisiaren aurreko garaia, eta mundua aldatzen ari zela susmatzen genuen, eta, jakina, hezkuntzak aldaketa itzelak beharko zituela egoerara egokitzeko. Eta ez aldaketa metodologikoak soilik, baita egiturazkoak ere. Sistema gero eta dualagoa zen, Europatik kanpoko migrazio etorrera izugarria zen eta eskolatu egin behar ziren... 

Egoera hartan bi planteamenduren artean aukeratu behar genuen: zetorrena kudeatu edo sistema aldatu etorkizunari aurre egiteko. Guk erreformaren aldeko hautua egin genuen garbi, batez ere egoera berriari aurre egin nahi geniolako. 

Gainera, aurretik Hezkuntzarako Itun Nazionala egina genuen eragile sozialean artean —ez zen alderdi politikoen arteko ituna izan— eta hainbat gai jorratu genituen: ikastetxeen autonomia; zuzendaritza; hezkuntza proiektuak; irakasleak, irakaskuntza ikasketak eta irakasleen zeregina ikastetxean; udalen parte-hartzea hezkuntza sisteman; eta, jakina, sistema publikoaren eta kontzertatuaren arteko dualtasuna. 

Gai horiek landu genituen itunean, eta horrek, modu naturalean lege bat egitera ginderamatzan. Dekretuen eta aginduen bidez gobernatu ordez, gure eskubidea eta eginkizuna gure hezkuntza sistema propioa egitea zela uste genuen, gure beharretara egokitutako sistema erabakitzea, gure komunitatearen ezaugarriak kontuan hartuko zituen eredua lantzea, eta beraz, gure hezkuntza politikak aurrera eramateko lege bat izatea. 

Nolako legea egin nahi zenuten? 

Lege irekia egin nahi genuen, eta hori hasieratik planteatu genuen. Legeak ekimenak eta aukera askotarikoak sortzeko abagunea eman behar zuen. Eta, gainera, alderdi politiko desberdinentzat gobernagarria izan behar zuen. Hau da, gobernu aldaketa gertatzen baldin bazen —legea bukatu genuenean pasa zen moduan— eta eskuinagoko gobernu bat osatzen baldin bazen, berme batzuen barruan legea egokitzeko aukera izan zezan nahi genuen; eta ezkerragokoa zen gobernu bat osatzen baldin bazen —azken urteetan gertatu den moduan—, legea ezkerragoko ikuspegitik interpretatzeko aukera egon zedin. Hau da, ez zegoen ixteko borondaterik, irekitzekoa baizik, gobernu desberdinek gobernatua izan zedin.

Arauak dituen sistema batean bateratu ditugu publikoa eta kontzertatua Hezkuntza Zerbitzu Katalanaren bitartez

Kataluniako Hezkuntza Legearen osagai nagusietako bat Hezkuntza Zerbitzu Katalana da. Zerk bultzatu zituzten zerbitzu hori konfiguratzera? 

Garai hartan gaur egun oraindik mahai gainean dagoen gai bat geneukan esku artean. Irtenbidea eman nahi genion eta eredu horrekin eman genion. Abiapuntua honakoa zen: zein zen geneukan hezkuntza sistemaren izaera? Sistema duala nahi al genuen? Dualtasun horretan eskola kontzertatuak bere kasara uztea —bere ikasleak, bere eskaerak, kontzertua ordaindu eta ahaztu— eta publikoa elementu osagarri moduan geratzea? Hori zen jende askok defendatzen zuen eredua. 

Beste askok eskola kontzertatua irregulartasun egoera baten ondorioz zegoela uste zuten, eta posible balitz, eskola guztiak publikoak izango liratekeela. Ideia horren aldekoek progresiboki eskola kontzertatua desagertzea defendatzen zuten. “Arauak dituen sistema batean bateratu ditugu publikoa eta kontzertatua Hezkuntza Zerbitzu Katalanaren bitartez” 

Ez zitzaigun egokia iruditzen ez bata ez bestea. Hornidura modu biak izango zituen sistema bilatu nahi genuen: publikoa eta diru publikoz sostengatua. Hori zen ideia, bi azpisistemak bateratzea. Eta sistema hori arauekin osatu nahi genuen, bakoitzak nahi zuena egin ez zezan. 

Osasungintzako eredua geneukan buruan, non Kataluniak bi ereduak integratuak dituen. Medikuarengana joaten garenean, ez dakigu zerbitzua kontzertatua edo publikoa den, desberdintasunik ez dutelako eta sistema oso integratua dagoelako. Hori genuen buruan hezkuntzarako. Halere, hezkuntzaren eta osasungintzaren artean desberdintasun handi bat dagoela onartu behar dut: osasungintzak printzipioz ez duela ideologiarik eta hezkuntzak bai. Eta horrek pixka bat gehiago konplikatzen du. 

Edozein modutan, guk sistema egonkortu nahi genuen. Alde batetik, kontzertatua sistemaren parte egin, merkatuko elementu izan ordez sisteman parte hartuarazi, eta bestetik sistema publikoari bere eskaintza eta kalitatea hobetzeko bitartekoak eman.

Hezkuntza sistema katalaren aldeko diskurtso horrek kritikak jaso izan ditu hainbat sindikaturen eta eragileren aldetik eta kosta egiten zaie eskema dualetik ateratzea. Zer diozu horren aurrean? 

Estutasun handiko garaietan gaude eta ezinbestekoa da mudantzak eta aldaketak egitea. Normala da aldaketen aurrean erresistentziak egotea, ongi hartutako ohiturak ditugulako eta ukitzen zaizkigunean eutsi egiten diegulako. Baina aldaketa eta erreforma askoko garaiak datozkigu eta nahasmendua sortuko dute irakasleengan eta aldaketak ezarri behar dituztenengan. Eta hori nahitaez ordaindu behar den prezioa da.

Hizkuntzaren afera 

Colomék argi dio hizkuntzaren afera arazo linguistiko faltsua dela, politikoa baita benetako arazoa. “Katalunian hizkuntzaren arazoa kanpo arazo bat da, kanpotik sortutako edo bultzatutako gatazka da. Hizkuntza bereizgarri indartsuegia da estatu erabat zentralista eta uniformista batek onartu dezan. Komunitate baten nortasunaren osagai indartsuenetako bat da hizkuntza, eta beraz, komunitate baten nortasuna eraso nahi baldin baduzu, haren hizkuntza erasotzen duzu”. Halere, katalanak duen onarpen soziala oso altua da, Colomék baieztatzen duenez. “Eta argi eduki behar dugu hizkuntzaren erantzukizuna ez dela eskolarena bakarrik, eskolan katalana ikasi duten ikasleak kalera irten eta han katalanez hitz egin eta ez baldin badiete ulertzen, alferrik da. Gizarte osoaren erantzukizuna da”.