Gelako jardunaz gain, hezkuntzaz eta irakasleen jardunean eragiten duten gaiez ere solastea ez dago soberan, prestatuta eta lankidetzan, eta eraikitzeko espirituarekin. 

Urte berri bakoitza desiorik onenak opatzeko aroa izaten da, eta baita erronkak eta helburuak jartzeko unea ere. Ikasturte berriarekin antzekoa gertatzen da; udako etenaren ondoren, haurrak fresko gelaratzen dira, gutxiago edo gehiago hazita, bizipen berriekin. Irakasleak ere fresko, gela elementu eta material berriekin atonduta, ikasle taldearekin proposamen eta proiektu berriak gauzatzeko gogoz. 

Freskotasunak zenbat irauten duen da gakoa, pandemiak azken ikasturte bietan nekea ekarri baitu. Aurten, ordea, musukorik gabe eta neurririk gabe, arinago sentitzeko aukera dago, gelako jardun pedagogikoan murgiltzea errazago izango delarik. Eta gelakoak ez direnetan ere bai. Izan ere, irakasleen jardunean eragiten duten hainbat kontu pil-pilean dira. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Hezkuntza Legea ikasturte honetan onartzeko asmoa du Eusko Jaurlaritzak. Orain ekarpenak egiteko garaia da eta eragileez gain, zergatik ez irakasleek ere horretaz hitz egin, iritzia eman eta partekatu. Eztabaida politikoaren eta hezkuntza komunitatearen arteko lotura egiten asmatu beharko litzateke, bi munduak gerturatzen, bietako taupadak erritmo berean jartzen. 

Iparraldean Euskararen Erakunde Publikoa Frantziako Hezkuntza Ministerioarekin harremanetan da sare publikoan zein giristinoan euskara hutsezko gelak irekitzeko eta azterketak euskaraz egiteko aukera berma dadin eskatzeko. Biak ala biak irakasleei eragiten dieten gaiak. Hegoaldean curriculum berriaren ezarpenak ere aldaketak dakartza lan egiteko moduan, beraz, irakasleen jardunean. Lan eskaintza publikoak ere asko eragiten du irakasleengan, batez ere proba horiek egin behar dituztenengan, eta ikasturte honetan izango dira. 

Irakasleei eragiten dieten gaiak diren heinean, heldu egin behar zaie, ez dezatela dena besteek erabaki. Dabilenari ere badagokio. Eramangarriagoa da aipatu kontuak ikasturte hasierako freskotasun horrekin hartzea, horietaz solastea, hausnartzea eta partekatzea. Formazioa eta lankidetza dira horretarako tresna. Etengabeko prestakuntzak ahalduntzeko aukera ematen du, egunerokoan seguruago sentitzeko bidea. Lankidetzak aberastu egiten gaitu, konfiantza areagotzen du eta bidea errazten du. Horrela errazagoa da eraikitzea, espiritu baikorra izatea eta freskotasuna mantentzea ikasturte amaiera arte. Saia gaitezen.

Euskal hezkuntzagintza bati buruz solas egitea dagokigu, non gaurko oinarrietatik bultzatuko den —bultzatzen ari garen— hezkuntza euskaldun, publiko, burujabe eta feminista bateranzko prozesua

Nora Salbotx